RIGOR
Angel Erro
BERRIA, 2014-I-26
Hilda egotearen desabantaila bat («hilda egotearen okerrena» idaztera nindoan, baina esaldi biribil baten xerka, ez dezadala perspektiba galdu, hilda egotearen okerrena hilda egote bera da) zurrun bihurtzea da. Rigor mortisarena ez dagokie bakarrik gihar ehunei. Hildakoak ez du ñabarduretan aritzeko, ez iritziaz aldatzeko aukerarik. Bizirik egotearen definizio posible bat «oraindik alda daitekeena» izan liteke, bere kasa aldatu, jakina.
Aste honetan ikuskizun penagarria ikusi dugu. Donostiako zinegotzi bat ETAk hil zuenetik hemeretzi urte bete dira eta polemika egon da, bi ekitaldi egin eta beraren arrebak haietako batera joan nahi izan ez duelako. Hemeretzi urtetan jendea asko alda daiteke. Nire inguruan hemeretzi hilabetetan ia ez sinesteraino aldatu duen jendea ikusten dut, ni neu kasu, imajinatu hemeretzi urtetan. Halere, arrebak, gogorturik, anaiaren izena erabili du, anaiaren alderdikideak astintzeko, ia mehatxatzeko.
Gertatuaren kronika irakurrita, ez zait eskapatzen lehia politiko bat dagoela azpian, arreba eta ETAko beste biktima batzuk UPyD edo VOX partiduetara hurbiltzen ari direla eta. Eta okerrena, gobernuko alderdia bere zurruntasunetik nola atera jakin (edo nahi) gabe dabilela. Guztiontzat kalte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: