POESIA LATINDARRA ALDARRIKATZEN
Jarraitu beharreko poeta dugu Anjel Erro; bere lehen poesia liburua, ....eta Harkadian ni, Elkar, 2002, guztiz gomendagarria; eta gainera oraingoan poesia latindarra aldarrikatzen! Gustura irakurriko genuke bere hitzaldi osoa.
BERRIA, 2007-IV-22
IRONIA ETA SERIOTASUN EZA IRTENBIDE
Angel Erro idazleak 'Poematrix (relouded)' hitzaldian Play Stationaren ondoren poesia idaztea posible den aztertu du poesiaren eta gazteen harremana aztergai duen Eskoriatzako literatur astean.
beñat zamalloa
Eskoriatza
Posible da Play Stationaren ondoren poesia idaztea? Galdera hori erantzuten saiatu zen, atzo, Angel Erro (Burlata, 1978) idazle eta BERRIA egunkariko kolaboratzailea Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak antolatutako Play Stationaren belaunaldia? XXI. mendeko poesia eta gazteak goiburupean egingo den literatura astearen baitan. Galderari helduta, Erroren iritziz, «baliteke poesiak bere unea eduki beharra eta orain bere azkenetara iristen egotea; beraz, posible bai, baina beharrezkoa ez: orain, ez egiteko zergatia entretenimendua da, eta poesiak aurkari hori eduki behar badu, agian, hobe da guztiz bukatzea eta beste kontu batzuetara pasatzea denok».
Egun, poesiaren tokia kantek hartzen dute Erroren ustetan. W. B. Yeatsen Those dancing days are gone kanta jarri zuen adibiderako, eta ondoren honako galdera egin: «zer da gehiago poema musikatu bat ala kanta bat letra politak dituena?». Hitzaldiaren hasieran, ildo berari lotutako bi galdera plazaratu zituen: «Zergatik dira musikak horren erakargarriak? Zer dauka musikak poesiak inoiz izango ez duena?». Erantzun hau eman zien galderei: «Poesiaren drama da letrekin egiten dela. Musikaren izaera jarraitu nahi du, baina letrekin egiten da, eta letrek esanahia dute».
POESIAREN MUINA. Esanahiarekin zer tonu adierazi nahi den eta zein tonu hartu nahi den Erroren arabera poesiaren muina. «Arlo horretan sartuta, ematen du bi aukera baino ez zaizkigula aurkezten: estetizismoa, hots, formari erreparatzea; edo, kontrako joera, ez arduratzea horrenbeste formarekin, baizik eta poesiaren beste ezaugarri batzuekin».
Antonio Luqueren La resistencia abestia adibide hartuta poesiak olerki onak egiteko poetarik behar ez duela arrazoitu zuen. «Kantu baten letrek edo poesiak eman dezakeen bakarra da mezua, kontzeptua».
LATINDARRA ALDARRI. «Poesia norbait salbatzera deituta badago, pretentsiorik gabea, tratu zuzenekoa eta ez duena hausnarketa sakon bat proposatu nahi, bestelakoa baino». Ironia eta seriotasun eza ikusten ditu poesiak aurrera egiteko dituen aukera bakarren artean, eta «hortik edo ez existitzetik» bakarrik egin dezake aurrera; aurrez aipatutako bi aukeren artean estetizismoari lotuta ez legokeena.
Angel Erroren ustez, ez zaio tradizioari beldur izan behar: «Ironiaz eta bere burua serioegi ez hartzeaz gainera, sorgin-gurpila apurtzeko beste modu bat izan liteke tradizio zaharrei beldurrik ez edukitzea, baina kopia izan beharrik gabe. Bizi garen munduan egokituta egon behar du».
Hori horrela, Errok poesia latindarraren aldarrikapena egiten du. «Komunikazio harreman zuzenagoa poemak esaten duenarekin eta poetak pentsatzen duenarekin duena latindarra da. Poesia latindarra poesia relouded bat da, berriz kargatua: aurreko poesia moldea zurrupatu, itxi, eta betiko gauzak egiten hasia. Ez da poesia bat zerotik hasten dena, alde horretatik, poesia perbertsoa, maltzurra da. Gu engainatzen gaitu berria balitz bezalako plantak egiten ditu, eta azkenean da gauza bat guztiz ironikoa».
############
«Poesiaren drama letrekin egiten dela da. Musikaren izaera jarraitu nahi du, baina letrekin egiten da»
«Kantu baten letrek edo poesiak eman dezakeen bakarra da mezua, kontzeptua»
«Poesia latindarra poesia 'relouded' bat da: aurreko poesia moldea zurrupatu eta betiko gauzak egiten hasia»
angel erro
Idazlea
Iruzkinak
Utzi iruzkina: