PIGMALION ETA GALATEA: AMETSAK EGIA BIHURTUZ

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-05-28 20:47

BERRIA, 2014-05-20

Osasuna. Adimen emozionala

Jon Berastegi

Pigmalion efektuak mito greziarrean du jatorria. Pigmalion izeneko eskultore bat bizitza guztia berarekin ezkontzeko emakume perfektuaren bila ibili zen, eta bilatu arren, ez zuen aurkitzen. Hala, frustrazioz blai, eskultura ederreko sorrerari eskaini zion bere gainerako bizitza. Eta, halako batean, emakume idealaren eskultura batekin maitemindu zen: Galatearekin, hain zuzen. Eskulturagatiko pasioa hain zen handia, ezen Pigmalionek emakume erreala izango balitz bezala tratatzen zuen. Bere maitasuna hain handia izan zen, Jainkoen laguntzari esker hezur eta mamizko emakume bihurtu zuten Galatea. Harekin ezkondu zen, eta zoriontsuak izan ziren. Gertaera hori pigmalion efektu moduan izendatu zen, espero zuena gainditu zuenez gero estatua bizirik egotera eraman zuelako.

Maisu, pedagogo, filosofo eta psikologoek urteetan aztertu dute Pigmalionen fenomenoa. Zehazki, heziketa munduan, teoria hori ikasgelako ikasleen motibazioan eragiten duen faktore gisa ulertzen dugu. Besteengan itxaroten duguna, positiboa nahiz negatiboa, modu batera edo bestera joka dezatela eragiten du. Gure seme-alabak saiatuko direla eta ikasle onak izango direla uste badugu, esaten dieguna eta ematen dizkiegun mezuak norabide horretan joango dira.

Itxuraz efektua magikoa da, baina ez da horrela. Frogatuta dago irakasleek ikasleen portaerari buruz dituzten espektatiben arabera era ezberdin batean tratatzen dituztela. Horrela, irakasleak ikasle baten gaitasunean dituen espektatibak onak baldin badira, ematen dizkion estimuluak ugariak eta frekuentzia handiagokoak izan daitezke. Era desberdinean tratatzean, ordea, ikasle horiek modu desberdinean arduratzen dira, irakasleen itxaropenak horrela egiaztatuz eta erantzun zuzenak maiztasun gehiagorekin emanez. Kontrako efektua ere gerta daiteke, espektatiba negatiboekin, estimulu gutxi eta, horren ondorioz, ikasleen itxaropena gutxitzea.

Hori Pigmalion efektua da. Gure hitzen, txaloen, oihuen arabera komunikatzen dugunak, ikaslearengan itxaroten dugunak bere portaera baldintzapean jartzen du, positiboki edo negatiboki. Zerbait ona itxaroten badut, fedea badut, ikasleak arrakastarantz gidatzen baditut, haien segurtasunera eta konfiantzara lagunduko ditut. Itxaropena transmititzen badugu, itxaropena lortuko dugu. Gure ikasleak animatzen baditugu, lagundu eta indartzen baditugu, eragiten dugu bere emaitzetan eta bere ongizatean, era positiboan.


Utzi iruzkina: