PETRONIOREN HAMAIKA POEMA (Erro batelariak itzuliak)
Gizon bat itsasoari begira
Egilearen existentzian sinetsi eta gaur egunean ere hor-hemenka ikusten den nortasunaren gurtzean estropezu egin nahi banu, erraza nuke euskarara ekarri ditudan hamaika olerki, ustez Petroniorenak, aurkeztea, Kaio Petronio Arbiterrek oso nortasun erakargarria baduelako, Quo Vadis eleberrian zein filmean gogoan dutenentzat zein Tazito historialariaren deskribapena irakurri duenarentzat:
Petroniok eguna lotarako erabiltzen zuen; eta gaua, gizarte aferetarako eta bizitzaren plazeretarako. Batzuek izena lortzen dute beren lanagatik. Berak bere nagitasunagatik. Ez zuen parrandazale edo etxekalte osperik, bere ondarea xahutzen duten gehienek bezala, plazeretan aditua izatearen ospea baizik. Denek beraren hitzak eta egintzak atsegin zituzten eta xumetasunaren eredutzat hartzen zituzten, bere naturaltasunagatik eta zerabilen nolabaiteko utzikeriagatik. Halere, kemena erakutsi zuen eta, Bitiniako prokontsul eta geroxeago kontsul gisara, karguak eskatzen duen neurria ongi eman zuen. Gero, bizioetara, edo agian soilik bizioen antzezpenera, itzulirik, onartua izan zen Neronen hurbileko murritzen artean, gustu onaren epaile gisara: enperadoreari ez zitzaion ezer atsegina edo delikatua Petroniok lehenago aholkatu gaberik.
Jarrai nezake, Neronen oniritzia galdu ondoren, bere suizidio ospetsuaren berri ez duenarentzat, Tazito aipatzen:
Petronio Kumasen atxilotu zuten, bertaraino jarraitu ziotelako. Izuaren eta itxaropenaren artean luzaroago indargabetzearen ideia ezin jasanik, baina bere buruaz brastakoan egin gabe ere, zainak ireki zituen, eta berriz ixten eta berriz irekitzen zituen gogara, bere adiskideekin entretenitzen zen bitartean, baina ez gai serioekin edo sendotasun fama lortzeko pentsatutako ezerekin. Areago, arimaren hilezkortasunaz hausnarketa egin eta maxima filosofikoak adierazi beharrean, poema txepelak eta arinak aditzen zituen. (…) Heriotza bortxatua zen arren naturalaren planta egiteko asmoz, bankete bat antolatu zuen, eta loak har zezala utzi zuen.
Baina ez naiz horren fedegabe (barthesiarra) eta, beraz, egilea, Petronio hilik dagoelako uste osoan nago. Eta, hala ez banengo ere (zalantzadun cartesiar ni), Petroniok bere obra ezagunenarekin (Satyricon-arekin) dituen atribuzio arazoak ondoko poema xumeekin dituenak baino milaka aldiz korapilatsuagoak dira. Beraz, autoretzaz ahazturik, filologoek Petroniori egozten dizkioten hogeita hamar bat poemetatik itzuli ditudan hamaika zehatz hauetan arreta jarri nahiko banu, beraien ezaugarri formalak aipatu (neurriak, baliabide poetikoak…), elegiaren eta epigramaren arteko mugan kokatu, neoterikoen aurkikuntzen bere egiteaz aritu beharko nuke; edo, bestela, poemok zer gai ukitzen duten zerrendatxoa prestatu (maitasuna heldutasunean; etxera, sorterrira, kostaldera itzultzea eta bertan gaztaroa gogoratu, minik gabe; itsasoa; ametsak; desirak, kontrol xumearen pean batzuk, beste batzuk ezin bridatuak…) edo, orokorrago, testuon epikureismoari buruzko oharpen bat egin.
Baina ez naiz horren formalista (errusiarra) ere; eta poema hauen edertasuna ez datza, nire ustez, bere garaiko poesiarekiko lotura estilistikoan, generikoan zein filosofikoan. Harreraren poetikak dioenaren arabera, irakurle bakoitzak –obran ez, baizik eta nork bere barruan, dauden loturak (aurreko irakurketenak, izandako bizipenenak…) aktibaturik– testua bere egiten duela dioen horretan sinetsiko banu, poema hauek, haietako batzuk bereziki, zenbat harritu nauten aitortu beharko nuke, zeinen eder eta zeinen moderno aurkitu ditudan.
Gauez desirak estutu eta gogoz kontra kasik horri amore ematen dion gizonarena –1.a– Gil de Biedmarena izan zitekeen, edo Kavafisena; azken honena, edo Baudelairena ere, izan zitekeen gazte erromatarrari bidaiatzea gomendatzen dion poema –9.a–, ez banio nik ironia kutsu bat atzemanen, erromatartxoari agintzen diolarik, bidaiatuz gero, gizonago eginen dela, baina ezin dugularik ziurtatu ezagutzez, abenturez beteago itzuliko den edo Erroma inperialistako postuetan gora eginen duen.
Alde horretatik, aipatu berri dugun poema horrek ironikoa besterik ezin du izan (edo da egiazko bakarra), ez baitator bat gainerako askoren izpirituarekin (Ulises nabigatzailea baino lehorrean gelditzen den Penelope nahiago duen poemarekin –8.arekin– edo, mugen poetika dei genezakeenaren barruan, itsasoa baino hondartza nahiago izanik, neurritasunaren apologia egiten duenean –6. edo 7.an, eta maite kontuetan, 2. edo 3.ean–)
Izan ere, ironia da, egon ala ez, poemotan nik gehienik estimatutako ezaugarri sotila; gainbeheraren aurrean sorpresarik ez dago: “hor genuen, begi aurrean, urteek agindu zigutena”; beste batean –7.ean– "bizi izan duela" dela aitortzen du, eta inongo zoritxarrak ez diola hori inoiz lapurtuko; beste nonbait –11.ean– gogoratu ere egiten digu zorigaiztokoaren zorigaitzak ez direla amaitzen lotara joanda ere.
Baina ez naiz horren inozoa (burlatarra); badakit irakurleari nire irakurketa ez zaiola deus ere inportako, eta, zerbait inporta bazaio, berea egiteko irrikatan egonen dela (agian banaiz pixka bat inozoa).
Banaizen oraindik erabaki dudan ez arren, postmetaliterario (borgestarra) naizela uste izan nahi duenak susmoa zertan oinarritu izan dezan, très malgré moi, testuok apokrifoak direla kategorikoki ukatzera neure burua behartuta ikusten dut, eta latinezko testua Bibliotheca Scriptorum Graecorum et Romanorum Mexicana argitaletxetik hartu dudala aitortzera. Izenburu guztiak, berriz, nireak dira.
Bertako 31 poemetatik ni heren batek liluratu nauen gisa berean, itxaropena dut hemendik beste heren bat behintzat merezi izan duela iruditu dakizula zuri ere. Hiruzpalau gustuko poema ez baita, inoiz, gutxi.
MAITASUNA
1. Ohean ezin geldirik
Ohean sartuta, apenas hasia nintzen
gaueko lehen isilaldiaz gozatzen,
eta, bentzuturik, begiak lotara
eman berriak nituen, Amodioak, anker,
estutu, tiratu eta ileetatik altxatu nauenean,
gau osoan esna egotera manaturik.
“Zu, nire morroi”, esaten dit, “nola
egon zaitezke, bakar, hor, bakarrik,
oi, zu, gotor halakoa,
milaka neska desiratzen badituzu?”
Etxetik atera naiz, oinutsik
eta tunika lotu gabe. Bide guztiei
ekin diet eta inongo biderik
ez dut burutu. Orain korrika,
orain ibiltzeari utzita,
eta etxeratzea neketsua zait,
eta lotsa dut kale erdian egoteaz.
Dagoeneko ez da jende ahotsik,
kale burrunbarik, txori kanturik,
txakur parrasta fidelik inondik aditzen;
nik, denen artean bakarrik,
loaren eta ohearen beldur,
men eginen diot, Kupido
handia, zure agindu honi.
Lecto compositus vix prima silentia noctis
carpebam, et somno lumina victa dabam,
cum me saevus Amor prensat sursumque capillis
excitat et lacerum pervigilare iubet.
“Tu famulus meus,” inquit, “ames cum mille puellas,
solus, io, solus, dure, iacere potes?”
Exsilio et pedibus nudis tunicaque soluta
omne iter ingredior, nullum iter expedio.
Nunc propero, nunc ire piget, rursumque redire
paenitet, et pudor est stare via media.
Ecce tacent voces hominum strepitusque viarum
et volucrum cantus fidaque turba canum;
solus ego ex cunctis paveo somnumque torumque,
et sequor imperium, magne Cupido, tuum.
2. Maitasuna zimurren garaian
Nire besoetara lehen aldiz
ekarri zintuen gau hura
maita dezagun luzaro, Nealze. Maita
ditzagun burkoa (ohearen jainkoa)
eta, goxo, nirea
izan zineneko ordu luze sekretuak.
Eutsi diezaiogun, beraz, gure adina
helduarora iristen ari bada ere,
eta goza gaitezen
urte hauetaz, berandutze labur batek
xahutuko bailituzke. Guztiz zilegia da
maitasun zahar bat luzatzea.
Goiz hasitakoak ez du zertan goiz buka.
Sit nox illa diu nobis dilecta, Nealce,
quae te prima meo pectore composuit:
sit torus et lecti genius secretaque longa,
quis tenera in nostrum veneris arbitrium.
Ergo age duremus, quamvis adoleverit aetas,
utamurque annis quos mora parva teret.
Fas et iura sinunt veteres extendere amores;
Fac cito quod coeptum est, non cito desinere.
3. Atariko frogak
Larru jotzearen plazera zabala da eta laburra;
Venusek aspertzen du, behin eginbideak beterik.
Ez gaitezen, beraz, animalia argose bezala,
itsuturik, zuzenean horko horretara jauzi
(amodioa aienatu eta bere garra itzaltzen baita),
baina, bai, bai, amai barik, biak alai,
ohean egon gaitezen elkarri musu emanez.
Honetan nekerik ez dago, ezta lotsarik ere:
hau atsegina da, izan da eta izango da;
hau ez dator inoiz gain behera, gailurrean beti.
Foeda est in coitus et brevis voluptas
et taedet Veneris statim peractae.
Non ergo ut pecudes libidinosae
caeci protinus iruamus illuc
(nam languescit amor peritque flamma)
sed sic sic sine fine feriati
et +tecum+ iaceamus osculantes.
Hic nullus labor est ruborque nullus:
hoc iuvit, iuvat et diu iuvabit;
hoc non deficit incipitque semper.
4. Opari eztiagoa
Sagar gorriak bidali dizkidazu,
Marzia gozoa, eta gaztaina detailetxo bat;
dena atsegin dut. Baina
uste dut hobe litzatekeela zure burua ere
bidali izan bazenu. Orduan, sagarrak
berde egonagatik, ene ezpainetan
eztia irudituko litzaizkidake.
Hala ere, ez baduzu, ene maitea,
zuk etorri nahi, fruituarekin batera
musuak bidali iezazkidazu: haiek
jango ditut, mihia erretzen zaidala.
Aurea mala mihi, dulcis mea Martia, mittis,
Mittis et hirsutae munera castaneae.
Omnia grata putem, sed si magis ipsa venires
Ornares donum, pulcra puella tuum.
Tu licet apportes stringentia mala palatum,
Tristia mandenti est melleus ore sapor.
At si dissimulas, multum mihi cara, venire,
Oscula cum pomis mitte; vorabo libens.
5. Maitasuna eta borroka
Soldadu baten kaskoan usoek habia egin dute:
nabari da Venus Marteren zeinen laguna den.
Militis in galea nidum fecere columbae:
apparet Marti quam sit amica Venus.
ITSASONDOAN
6. Hiltzeko presarik ez duenak
Hiltzeko presarik ez duenak,
bizitzaren hari mehea tupustean haustera
patua behartu nahi ez duenak,
hona etorrita, ezagutu dezala itsaso haserrea.
Begira marea nola badoan eta nola
uhin batek oin seguruak bustitzen dituen.
Begira nola, alga berdeen artean,
txirla jaurtikia izan den eta maskor leundua
nola ekarri duen olatu erlatsak.
Begira hor, itsasgorak harea irauli duen tokian,
harri koxkor bat, biribila, lur artetik ageri da.
Hala nahi duenak hau zapal dezala,
hondartza gordean jolastu eta pentsa dezala
itsasoa hau, hau bakarrik dela.
Qui nolit properare mori nec cogere fata
mollia praecipiti rumpere fila manu,
hactenus irarum mare noverit. Ecce refuso
gurgite securos obluit unda pedes.
Ecce inter virides iactatur mytilus algas
et rauco trahitur lubrica concha sinu.
Ecce recurrentes qua versat fluctus arenas,
discolor attrita calculus exit humo.
Haec quisquis calcare potest, in litore tuto
ludat et hoc solum iudicet esse mare.
7. Hauek ziren gure maite tokiak
Hondartza, ene bizitza bera baino gozoagoa!
Itsasoa! Zorionekoa ni, sorterrira itzul bainaiteke!
Hau argiaren ederra! Behinola larre hauetan
nesken peskizan nenbilen besoak zabal.
Hemen dago iturria. Hor zingira
algez estali ohi da; gordeleku honek
ez du gure isilpeko amodioa salatu.
Bizi izan naiz. Eta zorterik txarrenak ere ez digu
urte joanek eman zigutena inoiz lapurtuko.
O litus vita mihi dulcius, o mare! Felix
Cui licet ad terras ire subinde meas!
O formosa dies! Hoc quondam rure solebam
Naiadas alterna sollicitare manu!
Hic fontis lacus est, illic sinus egerit algas:
Haec statio est tacitis fida cupidinibus.
Pervixi: neque enim fortuna malingior unquam
Eripiet nobis quod prior hora dedit.
8. Itsasoa vs. lehorra
Han txandaka lehiatzen dira itsasoa eta haizea.
Hemen, ur gozoaz zeharkaturik, lurrak irri.
Han itsasgizona deitoratzen da txalupa urperatuaz.
Hemen artzainak artaldea ibaira darama lasai.
Han heriotzak aise irekitzen ditu amildegi itzelak.
Hemen igitaiaz pozik segatzen da garia.
Han, ur artean, egarri latzak kiskal dezake ahoa;
hemen, senar desleialari emandako hamaika musuk.
Nabigatu, uhinak nekaraz ditzala Ulises arloteak,
Penelope, argi eta garbi, lehorrean egonen da.
Illic alternis depugnat pontus et aer,
Hic rivo tenui peruia ridet humus.
Illic demersas complorat nauita puppes,
Hic pastor miti perluit amne pecus.
Illic immanes mors obdita soluit hiatus
Hic gaudet curva falce recisa Ceres.
Illic inter aquas urit sitis arida fauces,
Hic data periuro basia multa viro.
Nauiget et fluctus lasset mendicus Vlixes
In terris vivet candida Penelope.
9. Bidaiatzera gonbita
Utzi zure etxea, gazte, eta kostalde
ezezagunetara abia zaitez. Zuretzat da
gauzen orden handiago bat jaiotzen ari.
Ez zaitez gaizkian erori:
Danubioko lur urrunek ezagutuko zaituzte,
bai iparreko izotzek
eta Egiptoko erresuma lasaiek ere,
berdin eguzkia birjaiotzen
eta berau amiltzen ikusten dutenek:
hondartza arrotzetan
lehorreratzen den gizona nagusia egiten da.
Linque tuas sedes alienaque litora quaere,
o iuvenis: maior rerum tibi nascitur ordo.
Ne succumbe malis: te noverit ultimus Hister,
te Boreas gelidus securaque regna Canopi,
quique renascentem Phoebum cernuntque cadentem:
maior in externas fit qui descendit harenas.
ITZALAK LUZE
10. Hor genuen dena, begi aurrean
Udazkenak bere itzal izoztuak sortu ditu,
eta negua ekartzen du eguzkiak brida epelez;
platanoari hostoak erortzen hasi zaizkio; xirmenduak
biluzik, mahatsondoak mahatsak zenbatzen ditu:
urteek agindu ziguten oro hor genuen, begi aurrean.
Iam nunc algentes autumnus fecerat umbras
Atque hiemem tepidis spectabat Phoebus habenis,
Iam platanus iactare comas, iam coeperat uvas
Adnumerare suas defecto palmite vitis:
Ante oculos stabat quidquid promiserat annus.
11. Zorigaiztokoaren gaua
Itzal hegalariekin
adimenari barre egiten dioten ametsak
ez dituzte jainkoen tenpluek
ez inongo izpirituek igortzen;
norberak sortzen ditu.
Zeren,
lozorroak abaildurik, logurak
gorputz atalak lotu eta adimena
arin jolasten denean, egunez
gertatutakoa gauean inarrosten da.
Gerran
gotorlekuei erasotzen
eta zorigaitzeko hiriak
sutan arrasatzen dituen soldaduak
geziak ikusten ditu,
eta tropa garaituak
eta erregeen hiletak
eta guda zelaiak
isuritako odolaz beteak.
Abokatuak
zera ikusten du: legeak eta foroak
eta epaimahaia
bere ebaspenak ematen.
Diruzaleak
ondarea lurperatzera joan
eta urrea aurkitzen du.
Ehiztariak
txakurrekin mendia arakatzen du.
Itsasgizonak
txalupa iraulia itsasotik berreskuratzen du,
edo itotzeko zorian berari eusten dio.
Prostitutak
maitaleari idazten dio.
Emakume
desleialak bere dohainak oparitzen ditu.
Eta txakurrak
ametsetan erbiaren aztarnei jarraitzen die.
Zorigaiztokoen zauriek gau osoan irauten dute.
Somnia quae mentes ludunt volitantibus umbris,
non delubra deum nec ab aethere numina mittunt,
sed sibi quisque facit. Nam cum prostrata sopore
urget membra quies et mens sine pondere ludit,
quidquid luce fuit tenebris agit. Oppida bello
qui quatit et flammis miserandas eruit urbes,
tela videt versasque acies et funera regum
atque exundantes profuso sanguine campos.
Qui causas orare solent, legesque forumque
et pavidi cernunt inclusum chorte tribunal.
Condit avarus opes defossumque invenit aurum.
Venator saltus canibus quatit. Eripit undis
aut premit eversam periturus navita puppem.
Scribit amatori meretrix, dat adultera munus:
et canis in somnis leporis vestigia lustrat.
In noctis spatium miserorum vulnera durant.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: