MOKOTIK PIKUA
Jagoba Errekondo, ARGIA (2008/XI/02)
Pikuz okitutako antzaren gibela gutizia zen, dagoenerako, duela 4.500en bat urteko Egipton. Nilo neguko balneario zuten antzarek eta nahikoa janean erreserbatarako koipea pilatzen zuten gibelean. Gibel hutsaren aldean leuna eta gozoa. Laster ikasi zuten antzara gainelikatzen. Eta gutizi gorena sortzez gero antzarari onenetik eman behar: pikua. Garai hartako Saqqarako nekropolian, Mererukaren hilobian, hegaztiei mokoa zabaldu eta mokadu ederrak sartzen ari diren antzarazainak harrian zizelkaturik ageri dira.
Cratino poeta grekoak, duela 2.500 urte eskas, antzarak gainelikatzen aritzen ziren langileak aipatu zituen. Mediterraneo zubi urdinean zehar zabaldu zen egiptoarren gutizia, baina han bertakoak zuen sona. Agesilao II.a Espartako erregeari, duela 2.369 urte Egiptora egindako bisitan, bertako nekazarien gai onenak eskaini omen zizkioten oturuntzan: antzara gizenak eta aratxea.
Gerora Erromako gastronomoek idatzi eta jaso zuten iecur ficatum, pikuztatutako gibela. Pikua eta gibel ona etengabe lotzetik datoz frantsesezko foie, italierazko fegato, espainierazko hígado...
Zuzenean mokotik urdailera, onilean barrena gaur egun artoa ematen zaie antzara gutxi batzuei, batez ere ahateei. Azken ikerketen arabera, industrialki gizendutakoaren aldean, etxean bezala hazitako gibela finago endurtzen omen da. Mokofinen mauka.
Moko-zurienari ere endur dakioke gibela horregatik! Bada, Japoniako Shizuoka Unibertsitatean burutu duten ikerlan baten arabera, beste landare batek senda dezake gibel hori, ahuakateak, Persea americana. Hepatitisaren birusari aurre egin omen diote ahuakatearen aterakinarekin.
Afrikan pikoa eta barrabila hitz bera badira, Ameriketan ahuacuatl deitzen diote ahuakateondoari, barrabilen zuhaitza, alegia. Binaka hazten ditu ahuakateak. Fruitu honek aparteko indarra eta kemena eman eta, pikuak bezala, gorputza ederki berotzen du. Barrabilen zuhaitzak fruituak ontzen dituen sasoian, badaezpada, neskatoak etxean eduki behar direla diote.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: