MIDAS ETA PANDORA EZAGUTUZ
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
GARA, 2013-V-5
Xabier ETXANIZ ERLE
Mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi antzinako Greziako hainbat kontu eta mito kontatu dira gaur egun arte. Tradizio, folklore, kultura hori oso zabaldua eta ezaguna izan da haur eta gazteontzat gure gizartean duela gutxira arte; eta orain, berriz, horren hutsunea nabaria da. Egia da haur eta gazteek inoiz baino informazio gehiago dutela eskura, baina, era berean, egia da ere guztion arteko oinarrizko edo gutxienezko ezagutza eza dugula gaur egun; hots, konparaketak egiteko, erreferente komunak izateko aipuak, kontakizunak, istorioak... falta zaizkigula.
Greziako mito eta istorio batzuek betebehar hori izan dute gure gizartean, horrela Midasen istorioa ezagutu dugu, aberastasun materiala beste guztiaren gainetik jarri zuen erregearen istorioa, eta desio horrek nola ekarri zuen haren amaiera. Edo Pandorak ireki zuen kutxarena, zeruraino hegan joan nahi zuen Ikaroren kontakizuna, Edipok nola hil zuen aita eta beste mila istorio ezagutu izan ditugu, eta orain Juan Kruz Igerabidek eskaintzen dizkigu liburu honetan.
Liburuaren egitura ipuin laburrez osatuta dago; 24 istorio agertzen dira (azken bostak Heraklesenak) eta lau ilustratzailek eginiko irudi koloretsuen bidez txukunduta daude. Liburuak ia 400 orri baditu ere (tamaina txikikoak, egia esan), istorioak oso laburtuak agertzen dira eta agian horixe dugu liburu honen akatsa; batzuentzat akatsa izango ez dena. Istorioen argumentuak azaltzen dira, baina, batzuetan, nabaria da gertakariek, gogoetek, pertsonaien sentimenduek eta jokabideek askoz gehiagorako ematen dutela.
«Akats» hori kenduta, aitortu behar da Igerabidek ederki dakiela istorioak kontatzen eta ilustratzaileen lana ere lagungarria dela istorioa kontatu ondoren haur txikiak honen nondik norakoarekin jolasteko, gogorarazteko aukera izan dezan; eta hain txikiak ez direnek gozatzeko aukera izan dezaten, guk, aspaldiko kontu hauek gogoratzean, egin dugun bezala.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: