LIKINOSEK ITXARON EGIN BEHARKO DU

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-07-23 19:43

'Likine abuloRaune ekien bilbiliaRs' esaldiak eztabaida piztu du: antzinako euskara? iberiera?

                                                                            alberto barandiaran - BERRIA

Andeloko hiri baskoiaren hondakinetan 1993an aurkitutako inskripzioa lehen euskal testua izan litekeela esan du Javier Velaza epigrafista ezagunak Aramaioko Udako Ikastaroetan. Antzinako euskaraz adituek uste dute, hala ere, oraindik ez dagoela nahikoa frogarik.

Eztabaida gune zientifikoetan aritu da sigi-saga, 1993tik hona, baina aste honetan, Aramaion, argira atera da. Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak, testu zaharren interpretazioan aditu handienetakoak, bota du hordagoa: haren ustez, Andeloko hiri baskoian

Nafarroako Mendigorriatik gertu aurkitutako inskripzioa Likine abuloRaune ekien bilbiliaRs esaldia euskarazko testu zaharrena litzateke. «Ziurtasun erabatekoaz ezin dut esan, baina hipotesi balekoa iruditzen zait», esan du irakasle nafarrak.

Testua iberierazko karakterrekin idatzita dago, bi metro eta erdi luze da, eta Kristo aurreko 150. urtekoa. Bertako jaun baten etxeko zoruan idatzi zuten, eta, egun, Nafarroako Museoan dago. Mosaiko handi baten zatia da inskripzioa.

Hain zuzen, erromatarrak iritsi aurretik penintsulan hitz egiten zen iberieraren eta euskararen arteko harremana da, oraindik, hinkuntzalarientzako galdera ikurrik handienetakoa. Iberieraren testu ugari dago, oraindik interpretatzen asmatu ez direnak, baina erromanizazioarekin batera desagertu zen hizkuntza da hori. Semerik izan ez zuena. Euskaraz, jakina denez, idatzizko ondare urria iritsi da garai hartatik: txanpon batzuk eta lexiko apurra erdal testuetan, hori baino ez. Baina latinizazioari eutsi egin zion hizkuntza bakarrenetakoa da.

Iberiera ulertuta, euskararen jatorria argitu litekeeka uste dute adituek. Euskarazko testu zaharrak aurkituko balira, iberiera deskodetu litekeela.

Gaia erakargarria da oso, eta horrek berak lausotu egin du behin baino gehiagotan zientziak eskatzen duen zuhurtzia. Horregatik da, hain zuzen ere, garrantzitsua Velaza bezalako adituek horrelako hipotesiak jendaurrean botatzea. Gutxieneko ziurtasunik ez badute, ez dituztelako plazaratzen. «Noski, horrelako hipotesien benetako balioa antzinako euskaran adituak direnek baieztatu behar dute».

Antzinako euskaran adituak Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra EHUko irakasleak dira. Biek beste galdera ikurra jarri diote iragarpenari. «Testu horrekin zalantzak daude formarekin, kontsonante itsatsiekinÉ beldur pixka bat ematen didatenak», esan du Lakarrak. «Garbi dago, ordea: euskara ez bada, zer da?»

Gorrotxategi garbiago mintzo da. «Testu horrek lotura oso handia du Teruelen aurkitutako beste inskripzio batekin, eta hura iberiera da. Andelokoak baditu aldaera batzuk, hala da, baina iberierak berak bazituen aldaerak, harreman handiak zirelako herrien eta lurraldeen artean. Iberierara da? Ez dakigu, baina ezin dugu esan hori euskara denik».

Kristo garaiko euskara

Adituek onartua dute egungo euskalki guztiak hizkuntza forma bakar batetik datozela. Ama dela hura, jatorrizko enborra: antzinako euskara. Noizkoa den zehazteko orduan arazoak daude, besteak beste dokumenturik ez dagoelako, eta proposamenak egitea baino ez dago, beraz.

Koldo Mitxelenak idatzia du

eta gainerako hizkuntzalariek onartutakoa, kristo garaiko euskara ondo osatua zegoela, nahiz eta askoz antzinakoagoa den. Garai hartako lekukotasunak egungo Akitania inguruan aurkitu zituzten, eta hizkuntzalariek uste dute hortik Pirinioetaraino hitz egiten zen hizkeren arteko harreman handia zegoela. Gorrotxategik berak, esaterako, akitaniera hitza erabili izan du orduko euskara izendatzeko.

Euskara hori nolakoa ote zen sikiera arrasto batzuk izateko, aurkitutako inskripzioak edo lemak, toponimia, edo erdal testuetan ageri diren euskarazko hitzak erabili izan dira. Eta horrekin berreraiketa deitzen dena baliatu da. Hau da, dokumentazio zuzenen eta zeharkakoen bitartez ateratzen den informazioa. Gune teoriko horri aitzineuskara

deitu diote adituek.

Zer parekotasun zituen oraingo euskararekin? Fonologian, morfologian eta sintaxian, asko. Lexikoan, hau da, hiztegian, gutxiago. «Dena erlatiboa da, hala ere», azpimarratu du Lakarrak. «Egungo euskaldunek esaten ohi dute zer urrun dauden zuberera eta bizkaiera, baina hizkuntzen konparatzaile batentzat, oso hurbil daude».

Beraz, Andeloko inskripzioaz gehiago jakitea oso garrantzitsua litzateke. Denek onartuta dute Nafarroako inguru horretan euskaraz egiten zela. Bada aztarna nahikorik. Baina aztarna horiek duela 25 urtetik hona aurkitu dira. Horregatik, Gorrotxategik poliki joan behar dutela uste du. «Hauek denak hipotesiak dira, egunkarietan oso ondo gelditzen direnak, baina tentu handiz erabili behar dira. Urratsak oso seguru eman behar dira». Urratsak, esaterako, inskripzio edo testu gehiago jasotakoan emango dira.

Lakarrak azken galdera egin du. «Andeloko euskaldunek idazten era irakurtzen ba al zekiten? Ez. Latinez egin baitzuten hori, argudio gehiago eman beharko dira testua euskaraz dela frogatzeko. Guri interesatzen zaigu, inori baino gehiago, testu zaharrak izatea, baina egon gara pozarren ustezko aurkikuntza zaharrekin, eta, gero, atzera egin behar izan dugu berriro».

Oraingoz, itxaron egin behar.


Utzi iruzkina: