LEGENDAK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-05-02 18:29

                                                                           BERRIA, 2013-05-02

                                                                            Anjel Lertxundi Esnal

Han-hemen entzunak ditugu zakur abandonatuei buruzko zurrumurruak: jabeek kale gorrira bota zituztenetik jaten emateko dirurik gabe zeudelako, zaborretik zaramara omen dabiltza zakurrok, gero eta arriskutsuago, gero eta amorratuago. Hainbat aberatsen artean moda zen zaldi otzanak erostea seme-alabei; zalditegietako kortetan gordetzen zituzten; orain mendian barreiatutako zaldi izuak omen.

Baserritar ezagun baten kexak mamia du: urteak omen ziren kalekumeek ez ziotela gerezirik lapurtzen, nahiko diru zeukatelako litxarreria-dendetarako, arboletara igotzen denbora galdu gabe. Orain, heldutan, umetan egin ez zutena egiten hasi omen dira. Periodikoek ere hala dakarte: gero eta jende gehiago dabil, gaua baliaturik, baratzeak husten erruz eta errotik.

Legenda urbanoak? Bizitza legenda bat bezalakoa omen, Senekak esana, eta adiskide lorezale batek erreparazi didanez, gero eta lore gutxiago ikusten da balkoietan.


Utzi iruzkina: