LEGALA, LEIALA
Anjel Lertxundi
BERRIA, 2014-V-08
Antigonak aukeratu behar izan zuenean bere neba lurperatzeko debekua obedituko zuen edo bere kontzientziari egingo zion kasu, nebaren memoria leialetsi zuen, ez legearen agindua.
Legala eta leiala,: bi-biek lex hitza dute oinarri, bi-biak biki dira, bi-biek legea dute iturri. Hartan, logikoa da —gizarte baten normaltasunak hala agintzen du— legalak eta leialak elkarrekin egitea historiak ekarri dien bidea. Baina gerta liteke —sarri gertatzen da— legalitateak eta leialtasunak talka egitea: halako batean, gehiengoaren eta gutxiengoen arteko lehia aspaldikoan, gutxiengo batzuen leialtasuna gero eta estimu gutxiago erakusten hasten zaio gehiengoaren lege-marko astunari.
Legala eta leiala: elkarrekin ikusiko dituzu… adostasunak tarrat egin arte. Eta hori gerta dadinean, legalak alferrik izango du lex zaharra aipatzea: bestea adarrak jartzen ari zaio amets eginez bere leialtasunaren neurriko lex berri batekin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: