KOSMO-GRAFIAK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-05-22 18:23

Aurelia Arkotxa, BERRIA, 2008-XI-21  

1355ko azaroko gutun batean, Petrarcak Parmako Joane eta Luchino delle Verme eskertzen ditu igorri dioten kosmografia batentzat. Badakigu mapa horrek garai hartako munduaren geografia deskribatzen zuela. Baina kosmografia galdu zen, bertze Petrarcaren mapa gehienak, urteak joan ahala, galdu ziren bezala. Haren bi mapa salbatu dira halere. Lehendabizikoa, Salustoren Bellum Iugurthinum eskuizkribuan den mapamundi eskematikoa, ekialdera orientatua, mundua hiru partetan banatua dela erakusten duena: Asia, Europa, Afrika. Bigarrena, Giraud de Barri-ren Topographia Hibernica-n den eskema kartografikoa, Irlanda eta Britainia Handiarekin. Petrarcak mapa horren gainean, eskuz, gehitzen du oriens, guk iparra kokatzen dugun lekuan. Maite ditu bereziki mapa zaharrak, antikitateko pentsamolde galduak. Macrobioren kontzepzio geografikoak, adibidez: lurraren esfera bost eremu klimatikoetan banatua; gaineko eta behereko eremuak hotzak, biztanlerik gabe; erdikoa, «eremu-errea», eguzkiak kiskalia; eta bi aldeetarik bi eremu epel, bat bakarrik delarik jendeekin. Petrarcak mapak maite ditu «izpirituz bidaiatzeko» ahala ematen diotelako. Gorputza nekatua baitu, gogorik ez baitu ibiltzeko, bidaia luzeak ez baititu gehiago jasaten. Begiradarekin mundu osoa berehala beregana baitezake. Bertzeek egin bidaiak eta mapak baliatuz Milanoko Giovanni Mandelli zaldunarentzat idazten duen Itinerarium syriacum (Genova, Mesinako ateka, Italiako punta, Grezia, irlak, Oriente Hurbila, Egipto...), bidaia literarioa da azkenean. Eta irakurlea da itinerarium horren erdian dena.


Utzi iruzkina: