IV. mendeko nanoteknologia
-
Alexandria edo Erroma, 290-325 urte inguruan. Likurgoren kopa izeneko beirazko eta metalezko pieza berezia egin zuten, ziur aski Erromatar Inperioaren toki batean baino gehiagotan. Adituen ustez, kopa egiteko prozesuan hiru lantegik hartu zuten parte, eta beirazko blokea aurrez prestatuko zuten Palestinan edo Egipton. Beiran zizelkatuta, Likurgo traziarren erregea ageri da mahatsondoz inguratua, eta Bako jainkoak eta haren bi jarraitzailek erregeari barre egiten diote; Bako gurtzeko ospakizunetan erabiltzeko sortu omen zuten.
Kaiola-kopa edo diatretum berezia da Likurgorena, osorik iritsi zaigun mota eta garai horretako bakarra. Baina berezitasun nagusia da beira dikroikoz eginda dagoela. Material bitxiari esker, argia aurrez aurre duenean, kopa berdexka eta opakoa da, baina atzetik argiztatuz gero, gorri-gorri ikusten da eta transluzidoa da, azaleko erresonantzia plasmonikoa izeneko efektuaren eraginez.
1990etik aurrera eta soilik transmisiozko mikroskopio elektronikoei esker ikusi ahal izan zuten ikerlariek zergatik egiten duen kopak efektu hori: beirak urrezko eta zilarrezko nanopartikulak ditu, 50 nanometro ingurukoak, hau da, gatz aleak baino mila aldiz txikiagoak. Eta partikula horiek koloide moduan sakabanatuta daude. Alegia, kopa egin zuten artista/zientzialariek nanoteknologia erabili zuten, nanoteknologia zer den jakin gabe ere.
Egun, horrelako beira dikroikoa egiteak prozesu neurtu eta arduratsua eskatzen du. Baina IV. mendean zenbateraino kontrolatzen eta ulertzen zuten prozesu hori?
Zenbaiten ustez, halabeharrez lortu zuten efektua, urre eta zilar hautsak beira ezustean kutsatu zenean. Eta litekeena da egileek ez jakitea beirak, zilarraz gain, urrea zeukala, zilar erromatarrak urre zati txikiak izaten baitzituen maiz.
Baina, Likurgoren kopa beira dikroikozko pieza erromatar oso bakarra izanagatik, garai bereko horrelako beira zati gehiago ere aurkitu dira, koloreen aldea hain nabarmena eta ikusgarria ez bada ere. Ondorioz, prozesua neurri batean kontrolatzen zutela pentsatu behar da, eta behin eta berriro errepikatzeko gai zirela.
Ez zekitena da hamazazpi mende geroago kopa inspirazio iturri izango zela nanoplasmoien ikerketan eta teknologia horrek, besteak beste, haurduntza probak egitea, gaixotasunak diagnostikatzea eta arrisku biologikoak identifikatzea ahalbidetuko zuela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: