Itsas hegemonia ipurdian

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 20:18
1

  • Salamina uhartea (Grezia), K.a. 480. Jerjes buru zuen Persiar Inperioko itsas armada Greziako hiri-estatuetako flotaren aurka borrokatu zen. Greziarrek irabazi zuten gudua eta itsas hegemonia haiena izango zen K.a. V. mende osoan, guduan erabilitako trirremei esker.

ARGIA, 2017ko urriaren 22a
 
3D irudi honetan, trirreme bat ikusten da beste ontzi bat trabeska jo eta txikitzen. (Irudia: The Creative Assembly)
3D irudi honetan, trirreme bat ikusten da beste ontzi bat trabeska jo eta txikitzen. (Irudia: The Creative Assembly)
 

Trirremeak jatorri joniarreko gerraontziak ziren. Guduetan zuten eraginkortasunari esker, Mediterraneoko gerraontzi nagusiak izan ziren K.a. VI. mendetik K.o. IV. mendera bitartean.

35 metro inguru luze ziren, eta lauren bat metro zabal. Oihal bat edo bi izaten zituzten –garaiaren arabera– eta arraunlariak altuera desberdineko hiru lerrotan jarduten zuten. Nabigatzeko nagusiki oihalak erabiltzen zituzten, hau da, haizearen indarra. Arraunlarien indarra, aldiz, guduetarako baliatzen zuten bereziki.

Trirremeetako eskifaia kapitainak, dozena bat marinel eta ofizialek, beste dozena bat soldadu eta arkularik eta 170 arraunlarik osatzen zuten. Arraunlariak gizon libreak izan ohi ziren eta soldata nahiko ona eta entrenamendu berezia jaso ohi zituzten, erritmo egokian jardun ahal izateko. Goiko lerroan aritzen ziren arraunlariei gehiago ordaintzen zieten, arraunek urarekiko zuten angelu makurrak ahalegin handiagoa egitera behartzen baitzituen.

Greziar arduradun militarrek gorputzez gorputzeko borrokak alde batera utzi zituzten itsasoan, eta etsaien ontziak jo eta hondoratzea zuten helburu nagusi. Horregatik zeuzkaten hain soldadu gutxi eta ontzia erraz maniobratzeko hainbeste arraunlari. Gainera, arerioen ontziak suntsitzeko, trirremeei brontzezko edo burdinazko muturrak eransten zizkieten brankan, flotazio-marratik behera. Baina persiarrek ere bazituzten muturdun trirremeak. Orduan, teknologia bera izanda, nolatan nagusitu ziren greziarrak Salaminan eta Mediterraneo osoan?

Arraunlariek ipurdi azpian zeukaten erantzuna: hyperesion izeneko kuxin edo zapia. Badirudi kuxina Temistoklesek (K.a. 525-460) asmatu zuela, Salaminako guduaren estrategia prestatu zuen jeneralak berak. Animalia-larruz eginak zeuden eta koipez estaltzen zituzten, arraunlariak, eserlekuetan finko egon ordez, aurrera eta atzera mugi zitezen, egungo banku mugikorreko ontzietan egin ohi duten antzera. Mugimendu horri esker, ahalegin berdintsua eginez, arraunaren bidea luzatu egiten da eta, hala, palada bakoitzaren eraginkortasuna handitu. Ondorioz, arerioek baino azkarrago nabiga zezaketen eta, are garrantzitsuagoa dena, bat-batean biratzeko gai ziren, ontziak albotik eraso eta trabeska jotzeko.


Utzi iruzkina: