Iparraldeko gaztelania primitiboaren lekuko pribilegiatua, Gaubeako Haranean
Gaubeako Haranean, Valpuesta herriko kartularioetan, erromantzearen aztarna garrantzitsuak daude.
Gaubeako Haranako Valpuestako (Burgos, Espainia) scriptoriumean bildutako dokumentazio asko 1813. urtean desagertu zen, Espainiako Independentzia Gerran, soldadu frantsesek Santa Maria elizan aurkitu zituzten paperak sua egiteko eta berotzeko erabili baitzituzten. Alta, elizako organoaren hodietan monjeek ezkutatu zituzten hainbat eskuizkribu salbatu ziren, horien artean Valpuestako kartulario ospetsuak: Gotikoa eta Galikanoa. Fraideen burutazioari esker, ehun urte geroago, Lucien Barrau-Dihigo hispanistak dokumentu zaharrenak transkribatzeko aukera izan zuen, eta nolabait Valpuestako kartularioen inguruko ikerketa zabaldu zuen.
Gaur arte. Azkeneko pausua ekainean eman dute. Siloe argitaletxeko arduradunek Valpuestako kartularioen faksimile-edizioa aurkeztu dute, bost urteko lanaren emaitza. IX. eta XIII. mendeen arteko eskuizkribuak zaharberritzeko, Espainiako Artxibo Historikoak bi libururen orri guztiak banan-banan atera ditu, eta azala aldatu du. Aukera baliatu du Siloe argitaletxeak dokumentuak erreproduzitzeko, eta faksimilea osatzeko. Aurkezpen ofiziala egin dute, eta aurrerantzean, jatorrizko agiriekin batera, Madrilgo Artxibo Historikoan gordeko dute.
Valpuestan atzemandako dokumentuek bide luzea, korapilatsua eta polemikoa egin dute gaur arte. Araba eta Burgos arteko herri txikiari buruz oinarri sendorik gabeko baieztapen borobilak zabaldu baitira azken urteetan: "Valpuesta da gaztelaniaren sorlekua", "Gaztelaniaren lehen hitzak Valpuestan idatzi ziren"… Ildo horretatik jo dute, gainera, Valpuestako kartularioak eta Donemiliaga Kukulako (Errioxa, Espainia) glosak aurrez aurre jartzeko. Adibiderik berriena otsailaren 1ean aurki daiteke. Errioxako hedabide ospetsu batek halaxe titulatu zuen erreportaje bat: "Valpuesta, Donemiliagaren kontra", eta jarraian, azpitituluan: "Lehia bizia Gaztela eta Leonetik monasterio emilianenseek gaztelaniaren sorreran duten paper nagusia kentzeko".
Tokiz kanpoko jokoa
Zaila da hizkuntzen inguruko ikerketa pausatua aurrera eramatea, eta are gehiago bestelako interesak bidean gurutzatzen direnean. Altxorrak erloju-bonbak bilakatzen dira orduan. Emiliana Ramos Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Erromanikoko doktoreak egin zuen Valpuestako kartularioei buruzko lehen ikerketa linguistikoa 2000. urtean. Aitortu du "nekatuta" dagoela esan direnekin: "Gaztelaniaren sorterria dela esaten dutenean... uste dut gauzak bere onetik atera direla. Pixka bat aspertuta nago ikusita gaiarekin nola jokatu den. Lehenetariko testigantzak dira, baina ezin dugu esan 804. urtean Valpuestan gaztelaniaz idazten zutenik; ez da egia, hizkuntz hibrido batean idazten zuten, ahal zuten hizkuntzan". Ramosek gaineratu du: "Ezin dugu esan hizkuntza bat jaio denik egun batean, ordu batean eta toki zehatz batean".
Valpuestako kartularioen antzinatasuna zehaztea izan da ikertzaileentzat buruhauste nagusia, eta, hein handi batean, polemika ororen iturburu. XII. mendera arte, nagusiki, Iberiar Penintsulan latinez idazten dute elizgizonek, eta XIII. mendera arte ez da garatzen hasiko gaztelaniaren eta beste hizkuntza erromantzeen idazketa. Halere, Errioxako Donemiliagan, X. eta XI. mendeen artean idatzitako glosetan, aurkitu zituzten erromantze hizkuntza baten lehen aztarnak, eta gaztelaniarekin identifikatu zituzten elementuok. Valpuestan, berriz, erromantzearen arrastoak jasotzen dituzten agiri zaharrenak, Kartulario Gotikoan idatzitakoak hain zuzen, Errioxan baino mende bat lehenago idatzi zirela zabaldu da, IX. mendean, eta gaztelaniarekin identifikatu dituzte.
Ramos irakaslearen ustez, "Valpuestako elizaren sortze-agiriak ustez 804. urtekoak dira, baina kontu handiz erabili behar dira, faltsuak izan daitezkeelako; hiru mende geroago idatzitakoak izan daitezke, ez dakigu manipulatu egin dituzten edo ez…". Garai hartako idazki bakarra balioztatu daitekeela uste du Ramosek, baina beste ikerlari batzuek ezetz uste dute: "X. mendera arte zaila da datu fidagarriak izatea".
Araba mendebaldeko erromantzea
Eztabaidak alde batera utzita, ikerlarientzat harribitxia dira Gaubeako kartularioak. Araba eta Burgos arteko haran ezkutu, isolatu eta menditsu hartan, dozenaka eskribauek idatziriko orrietan, "iparraldeko gaztelania primitiboaren" aztarna zaharrenetakoak jaso baitira. "Valpuestan erromantze hizkuntza horren lekukotzarik zaharrenetakoak daude, agiri hibridoetan, batzuetan latinoagoak dira eta beste batzuetan erromantzeagoak".
Garaiko kultura gune nagusia izan zen Valpuestako Santa Maria, eta eremu linguistiko zabala islatzen dute bertan atzemandako agiriek: Arabako mendebaldean, Burgosko iparraldean, Kantabriako eta Bizkaiko zonalde batzuetan, VII. mendetik hitz egiten duten hizkuntza da kartularioetan igartzen dena: "Latinetik eratorritako erromantzea da, herriko berezko hizkuntza, berezko ezaugarri dialektalak ditu, ez da asturiera, ez da leonera, ez da Errioxako hizkuntza". Ezin da jakin, ordea, Araba osoa eremu horren parte den: "Arabako historia linguistikoa egiteke dago, dokumentazioa falta da. Errioxako Donemiliagako goldea agiri garrantzitsua da, Arabako toponimia ugari jasotzen delako bertan, baina ikerketa gehiago behar dira".
Zer da kartulario bat?
Zekorren larru azalean idatzitako monasterioen jabegoen eta eskubideen eskriturak dira kartularioak. Valpuestako kasuan bi dokumentu gorde dira. Lehendabizikoak, 804 eta 1154 urteen artean, hainbat eskribauk idatzitako 184 orri biltzen ditu. Kartulario Gotikoa esaten zaio, letra bisigotikoan idatzita dagoelako. Datazioaren aldetik, polemikoena da.
Bigarrena, Kartulario Galikanoa da. Rodrigo Perez de Valdivielso eskribauak 1236. urtean sinatu zuen, 138 orri ditu eta Kartulario Gotikoaren kopia bat da, letra frantsesean; jatorrizko bertsioan agertzen ziren egitura erromantzeak latinizatzen saiatzen da.
Kultura zentro garrantzitsua
Musulmanak Iberiar Penintsulako hegoaldean finkatzen direnean, "galdutako" lurrak okupatzen hasten dira iparraldeko erresumak. Testuinguru horretan Asturiaskoa ekialdera hedatzen hasten da, eta, tradizioak dioenez, Alfonso II. erregearen aginduz, Juan izeneko apezpiku batek gotzaindegi bat sortzen du Valpuestan. Monasterioak dira garai hartan botere ekonomikoaren eta kulturaren gune nagusiak, eta Valpuesta da adibiderik onena. Hala, 1087. urtera arte Nafarroako erresumaren eta ondoren Gaztelako erresumaren gotzaindegia egon zen Gaubean. Botere politikoa, ekonomikoa eta kulturala Burgos aldera aldatzen hasten denean, Valpuestako monjeek eskribauak lanean jartzen dituzte, agindupeko lurrak eta eraikinak justifikatzeko.
ARGAZKIAK: PHOT.OK
Ikusi argazki guztiak handiago
Iruzkinak
Utzi iruzkina: