IGUALKO DA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2015-01-01 18:21

Anjel Lertxundi

BERRIA, 2014-12-24

 

Hurbileko batek orain pare bat egun: “Igualko da bihar edo etzi, ezta?”. Kopeta zimurtuko nuen, berehala egin baitzuen zuzenketa: “Igual izango da bihar edo etzi?”. Ahalko izango zuen buruan, eta, imitazioz edo, igualko atera. Posible baldin bada “ahal izango dut” bihurtzea “ahalko dut”, zergatik “igual izango dio” ezin da bihurtu “igualko dio”? Labur ekonomikoagoa da. Zergatik “berdin izango da” edo “aski izango dut” bezalakoak ez dira “berdingo da” eta “askiko dut” bihurtuko?

Disparate totalak agian, ameto. Baina gazte jergan den-dena ez da totum revolutum nahas-narratsa, eta on genuke ikerlari-talde tente-potente bat lanean bageneuka gazteen han-hemengo jergak aztertzen, bertako fenomenoak eta logikak hurbiletik segitzen eta sakontzen, etorkizuna usaintzeko helburuarekin. Ez dakit halako talderik dagoen, baina ez balego, igualean hobe horixe eskatzea Olentzerori, gazte hizkeretan dena ikatz ikusten tematu ordez.


Utzi iruzkina: