«Honi ez diogu Iturissa esaten, Zaldua baizik. Nahiago dugu tentuz jokatu»
Hilaren 29an bisita gidatua eskainiko dute Auritz-Burgueteko herri-gunetik nahiko gertu dagoen Zaldua izeneko aztarnategian. Orain Kristo ondorengo I-IV mendeetako eraikin bat industen ari dira.
Oihane Mendizabalek (Donostia, 1992) Historia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen Letren Fakultatean, Gasteizen, eta indusketa lanean ari da egunotan Nafarroako Zaldua izeneko aztarnategian, Auritz-Burgueteko herri-gunetik nahiko gertu. 2015az geroztik urtero ari da hango lanetan parte hartzen. Erromatarren garaiko galtzada eta eraikin multzoa agertu dira azken urteotako indusketetan, eta datorren astean, hilak 29, igandea, bisita gidatua eskainiko dute Mendizabalek eta bere lankideek. Goizeko 11etan prest egongo dira Zalduan bertan, azaltzen diren guztiei azalpenak emateko. 943 466 142 telefonora deituta jaso daiteke informazio zehatza.
– Ari zarete lanean, beraz.
– Indusketa kanpaina, aurten, hilaren 9an hasi genuen, eta 27an bukatuko dugu. Gero, igandean, bisita gidatua egingo dugu.
– Zer ikusiko du bisitariak? Galtzada ikusiko al du?
– Iaz bai, galtzada zati bat bistaratu genuen, eta galtzadaren ondoko bi eraikin, alde banatan, ekialdean eta mendebaldean. Aurten, berriz, mendebaldeko eraikin horretan zentratu gara. Galtzada ezingo da ikusi; estali egin genuen aurreko urtean, badakigulako gutxi gorabehera nolakoa den. Mendebaldeko eraikin horretan, berriz, ikusi genuen fase pilo bat zeudela eta potentzial arkeologiko ikaragarria zegoela eta aurtengo kanpainan hortxe ari gara, toki horretantxe sakontzen.
– Eta zer aurkitu duzue?
– Iaz iradokita zegoena aurten baieztatu egin da. Ikusten dugu eraikin bat denbora luzean erabili izan dena, fase asko dituena. Erabilitako teknikengatik eta materialengatik guztiz erromatarra dirudi. 'Opus caementicium' delakoa topatu dugu, alegia, erromatarrek inperio osoan erabiltzen zuten porlan moduko bat.
– Zein garaitako aztarnak dira hauek?
– Galtzadaren prestaketa maila bat K.o. I. mendearen lehen erdian datatu zen. Aurten industen egiten ari garen eremuan, K.o. I. mendetik hasi eta IV. mendera bitarteko materialak aurkitu ditugu.
– Etxebizitza al da eraikin hori?
– Oraindik ez dakigu. Eraikina oso handia da. Iazko urtean gela bat indusi genuen eta aurten beste gela edo estantzia batean ari gara. Geofisikak erakutsi digunez, hiriaren erdian dagoen eraikin handienetako bat da hau.
– Hasierako deskubrimenduak egin zirenean, asko zabaldu zen hiri hau Iturissa dela, alegia, Ptolomeok aipatzen zuena. Zuek tentuz jokatzen duzue, Zaldua deitu diozue aztarnategiari, eta ez duzue Iturissa aipatzen.
– Zaldua esaten diogu horixe delako herritarrek toki honi ipinitako izena. Iturri idatziek esaten digute Iturissa izeneko hiri bat bazegoela Pompaelo eta Pirinioen artean, baina oraingoz epigrafiarik eta ebiden-tzia idatzirik agertu ez denez, nahiago dugu tentuz jokatu. Baina kontua da Zaldua honetatik oso gertu beste toponimo bat dugula: Jauregiaroztegia. Badakizu 'arotza' egurra lanzten duena dela euskara batuan, baina hemen Nafarroan errementariari esan izan zaio 'arotza'. Eta kontuan hartzen badugu aurreko urteetan, gune honetan, metalurgiari lotutako jarduerak antzeman ditugula... Agian, toponimo horrek lotura izan lezake asentamenduarekin.
«Museum of London Archaeology delakoarekin batera ari gara Aranzadikook aztarnategi honetan»
«'Opus caementicium' delakoa topatu dugu, erromatarren porlan moduko bat»
– Tokia bera halako bidegurutze bat da, ezta? Alde batera, Erro aldera doan bidea, aldamenean Artzibar aldera doana...
– Ingurua nahiko menditsua da eta gune hau, berriz, nahiko laua. Ez da harritzekoa bizitokia izatea, asentamendua bertan ipintzea.
– Galtzadaz hitz egin dezagun. Hegoaldetik zetorren, ezta? Pasatzen zen Artzibarretik eta hemendik pasata Pirinioetara zihoan, ezta?
– Nafarroatik gertu, Aragoiko Campo Realen aurkitu dituzte galtzadaren aztarnak. Hortik zetorren. Gero, Agoitz aldetik, Artzeko ibarrean sartzen zen. Honaino iristen zen, Zalduara, eta gero, Auritzekik gora Ibañetako gain horretara zihoan.
– Eta handik Ipar Euskal Herrira, ala?
– Lehenbizi Luzaidera, eta handik Donazaharrera. Herri horretan ere aurkitu dira erromatarren aztarnak. Donibane Garazitik gertu dago.
– Artze bailaran ere badaude erromatarren aztarnak.
– Bai, hango jauregi eta ermitaren aldamenean terma batzuk agertu ziren. Termak edo, gutxienez, kalefakzio sistema zeukan eraikin multzoa.
– Aranzadi elkartea egiten ari den indusketa garrantzitsuenetako bat izango da hau, ezta?
– Bai, baina argitu behar dizut 2014az geroztik MOLArekin batera ari garela elkarlanean: Museum of London Archaeology delakoa. Erromatarren garaiko aztarnategietan daude espezializatuta. Hemen Aranzadiko eta MOLAko teknikari batzuk ari gara, eta baita Euskal Herriko boluntario batzuk ere. Aurten Londresetik lau lagun etorri dira lanera. Zuzendariak Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleon eta MOLAko Julian Hill dira. Guztira hamabost lagun ari gara, eta boluntarioetako batzuk bertakoak dira, guretzat gauza ederra, helburuetako bat horixe baita: bertako jendeak bere historia ezagutzea, estimatzea, zabaltzea.
– Hilaren 9tik ari zarete lanean. Esadazu xehetasunen bat harritu egin zaituena.
– Adibidez, harri bat topatu dugu, ongi landua, seguru asko ateren batekin lotura daukana, bi alboetan, bi muturretan zulo bana daititu. Ez dakigu zehatz zertarako zen, baina ateren baten osagaia ote zen... Badirudi ez dagoela bere jatorrizko tokian, mugituta dagoela ematen du.
– Lapurreta zantzurik ikusi al duzue?
– Adibidez, orain industen ari garen gela honetako paretetako bat egon behar zuen tokian zanga topatu du; harriak falta, eta haien ordez, betegarria, aspaldiko betegarria. Zer gertatuko zen? Hiri hau abandonatua izan eta gero bertako harri onenak eraman egingo zituzten, normala den bezala.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: