HISTORIA, LARRUGORRIAN
Aztarnategiak eman dituen emaitzez gain, arkeologoen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du Getariako Zarautz Jauregiak.
BERRIA, 2006-XI-04
gorka zabaleta, Donostia
Antzinako eraikuntzen egiturak eta materialak, zeramikaz egindako ontziak, animalien hezurrak, beste hainbat arrastoren artean. Mendeak egin dituzte lurpean, isilik eta ezezagun, historiaren gordailu. Baina iritsi dira arkeologoak, eta hasi dira lur azaleko geruzaren azpian arakatzen. Topatu dituzte eraikuntzen egiturak eta materialak, zeramikazko ontziak eta animalien hezurtxoak, eta ohartu dira haien balioaz, jabetu dira gorde duten historiaz.
Eta hautsak harrotu dituzte, orain arte kontatu den historia oso bestelakoa delako. Historiografia tradizionalak defendituriko zenbait hipotesiren aurrean, harriak oso egoskorrak direlako. Eta azken urteetan, Euskal Herriko hainbat lekutan arkeologoek aurkitutako harriek eta bestelako arrastoek oso garbi diotelako Erromako Inperioa hemen izan zela, egonkor eta luzaro. Eta goi Erdi Aroko euskaldunak ez zirela bizi basapiztien pare, bakarturik; gizarte aurreratua zela.
Hori guztia agerian utzi dute azken hamarkadan egindako hainbat aurkikuntzak, hasi Oiasson, segi Zarautzen edo Foruan, eta Veleiaraino. Kate horren beste begietako bat da Getariako (Gipuzkoa) Zarautz jauregiko aztarnategia. Gero eta nabariagoa da Erromak merkataritza bide bat zabaldu zuela Kantauri itsasoan, eta nabigazioa eta merkataritza ahalbidetzen zuten hainbat giza kokagune sustatu zituela euskal kostaldean. Erromatarren testuetan aipatzen den Menosca lurraldea Urola eta Oria ibaiek eta Ernio mendiak osatzen duten triangeluan legokeela uste dute historialariek, azken urteetan egin diren hainbat aurkikuntza arkeologiko makulu. Eta lurralde horretan, garbi dago Getariak babeserako portu bikaina eskaintzen duela.
BISITA GIDATUAK. Getariako Zarautz jauregian 2004an egindako lehen zundaketa arkeologikoak emaitza harrigarriak eman zituen, hainbat garaitako materialak aurkitu baitzituzten, erromatar garaitik hasita. Zarautz jauregiari buruzko lehen aipamen idatzia 1457koa da, baina arkeologiak dio leku hartan askoz lehenagotik bizi zela jendea, II-V. mende artekoak baitira arrasto zaharrenak. Zeramikazko materialez eta animalien hezurdurez gain, horma bat osatzen zuten harri piloa ere aurkitu dute. Hori da, hain zuzen ere, Zarautz jauregian aurkitutako eraikuntza egiturarik zaharrena. Ondorengoak XIII. mendetik aurrerakoak dira, eta ederki erakusten dute jauregiak eta Getariako herriak historian izan duten bilakaera.
Baina hori baino gehiago erakutsi nahi diote bisitariari Getarian. Aztarnategiak emandako emaitzak ezagutarazi nahi dituzte, jakina, baina ikerketa arkeologikoaren prozesua ere bai. Alegia, arkeologoek nola egiten duten lan. Lehenik eta behin, gaian kokatzen lagunduko diote bisitariari, harrera gunean emandako azalpen orokorrekin. Aztarnategian bildutako hainbat pieza ere badituzte bertan, ikusgai. Eta gero, aztarnategira, San Salbatoreren elizaren ondora. Zarautz jauregiaren hormek gordetako orubea hankaz gora ikusiko du bisitariak, hainbat garaitako mailak aldi berean agerian. Eta gidariak azalpenak ematen dituen bitartean, arkeologoak lanean, lurrean arakatzen, historia biluzten.
gzabaleta@berria.info
Iruzkinak
Utzi iruzkina: