HEROIENAK ERE GARAITUAK DIRA
|
Saioa Ruiz GonzalezARGIA, 2254. alea 2010-XI-28 |
Seve Calleja ::Akiles dortoka
Alberdania
orrialdeak ::120
prezioa ::14€
“Kanta ezazu, oi jainkosa, Akiles peleotarraren sumina...”. Horrela hasten da hain ezaguna zaigun Troiako erasoa kontatzen duen poema legendarioa. Hari esker ezagutzen ditugu imaginario kolektiboan bizirik dirauten heroi garrantzitsuenen izenak: Akiles, Agamenon, Paris, Hektor eta abar. Aldatzen ikusi ditugu, garai eta testuinguru desberdinetara egokituz. Literaturak mesede izugarria egin dio pertsonaia horien biziraute prozesuari, idazle ugariren sorkuntza lanetarako inspirazio iturri izan baitira. Baina zergatik berreskuratu? Zertarako? Zer da Homerok, Ilioneko gudua aitzaki, idatzirik utzi ziguna?
Iliada, mito bilakatu den heinean, giza esperientzia hizkuntza ulergarri baten bidez adierazteko saiakera bezala ulertu beharra dugu. Horrek ematen dio, hain zuzen ere, historian zehar birmoldatua izateko gaitasuna.
Seve Callejaren Akiles eta dortoka eleberria, Homerok landatutako hazi horren fruitu berria dugu. Iliadako
pertsonaia zentrala berreskuratu du gureganaino iritsi den mitoa
birmoldatzeko asmoz. Kondairak dioenaren arabera Akilesek, gaztaro
heroikoaren eta bizi luze anonimoaren artean lehena aukeratu zuen.
Oraingoan berriz, bizi luze anonimo horretarako eta gizon arrunt izateko
aukera luzatu zaio gure heroiari. Hala ere, “zaila da, heroia izan eta
gero, garaipenaren tentazioa gainditzea” (44. orrialdean).
Zer da, beraz, gizon arrunta izatea? Zertan datza heroikotasuna?
Galdera horien erantzuna aurkitzea izango da Akilesen ikasbidearen funtsa. Tor tor izeneko dortoka misteriotsuaren laguntzaz, hilezkor bilakatu duen literatur tradizio bati aurre egiteko ahaleginetan, bilaketa prozesu nahasgarri batean murgilduko da: “Dagoeneko ez dakit nor naizen” (99. orrialdean).
Akilesen sumina, existentziako larrimin bilakatu da. Horretan biltzen da gizaki arruntaren ikasbidea: hilkor garela onartzea. Hil ostean ahaztuak izateari beldur diogu eta agian, hortik sor daiteke gizakiaren heroikotasunerako tendentzia. Baina hilkor izatea porrota eta garaipena onartzea da, gizonaren bizitza ezin da bata bestearen aurkako etengabeko lehiaketetan oinarritu. Azken batean, hilkor oro ez da beti garaile, baina hilkor oro garaitua da. Lortuko al du Akiles garaiezinak, bere ikasbidea burutzea?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: