HERODES: BOTEREA NOLA ERAIKI
Nagore Irazustabarrena, ARGIA, 2009-01-20 -- 2169.zenb
Jordania, k.a. 73. urtea. Herodes jaio zen judua ez zen familia batean. Aita Edom-eko agintaria zuen, eta ama Petra-ko printzesa nabatearra. Txikitan, basamortuan lurrazpiko leize sare konplexuak eraikitzen ikusi eta ikasi zuen. Handik aurrera, natura menperatzeko anbizioa eta boterea lortzekoa batera joan ziren Herodesengan, eraikuntzaren eskutik.
Bere helburuak erdiesteko, munduko lehen potentzia, Erroma, aliatutzat izatea ezinbestekoa zela bazekien eta, hala, K.a. 40. urtean Marko Antoniok judutarren errege izendatzea lortu zuen.
Herodion gotorlekua eraikiaraziz, bere grina muturrera eraman zuen Herodesek. Milaka tona lur mugiarazi zituen basamortu erdian mendi artifiziala sortu eta haren gainean jauregi ikusgarria eraikitzeko. Bere agintea mendi hura bezain sendoa zela erakutsi nahi zien menpekoei.
Nahiak aseta, erromatarrekiko leialtasuna erakusteko burutu zuen hurrengo obra handia. Ezerezetik hiri bat sortu zuen kostaldean Oktaviorentzat, eta haren omenez Zesarea izena ipini zion. Erromatar hirien elementu guztiak zituen, anfiteatro eta estadio eta guzti. Zesarea Mediterraneo ekialdeko merkataritza-portu garrantzitsu bihurtu zen berehala.
Hurrena grabitateari erronka jo zion, 400 metro altu zen haitz baten gainean itzelezko zitadela eginaraziz.
Erromatarrak ordurako pozik zituelakoan, judutarren onespena lortzen saiatu zen ondoren. K.a. 576an suntsitutako Salomonen tenplua (Jerusalem) berriz altxatzea erabaki zuen horretarako. Munduko tenplurik handiena eraikitzea zuen xede. Horretarako, paisaia eraldatu zuen berriro: mendia ebaki egin zuen eta gainean 25 futbol zelaien tamainako plataforma ipini zuen, hormatzarrez inguratua. Baina ez zuen asmatu herritarren estimua inguratzen.
Halako eraikina egin, eta xehetasun txiki batek bertan behera bota zituen erregearen asmoak. Tenpluko ateak arranoz apaindu zituen, eta arranoa Erromatar Inperioaren ikurra zen. Judutarren onespena irabazi nahi eta kontrakoa erdietsi zuen: erresumako herritarren matxinada piztu zuen.
Herodes hil zenean (K.a.4. urtean) Judea batua eta distiraz betea utzi zuen. Baina distirak zein batasunak atzerritar kutsua zuten, erromatar kutsua, judutarrek gorroto zutena.
Denen aurrean ondo geratu nahi eta, azkenean, Erromari berari ia itzal egin zion ondare arkitektoniko ikusgarria utzi bazuen ere, historiak haur-sarraskia burutzeagatik oroitzen du Herodes, hori benetan gertatu izanaren zantzurik inoiz topatu ez den arren.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: