HARRINABARREZKO ELE-ONTZIA (Medearen iratzartzea eta beste poemak, Itxaro Borda)
BERRIA, 2013-05-19
Mikel Asurmendi
Medearen iratzartzea eta beste poemak
Egilea: Itxaro Borda.
Argitaletxea: Maiatz.
Medearen  iratzartzea ele-ontzi gotorra duzu, Itxaro Borda poetaren jitea biltzen  duen gotorlekua, 30 urtetako (1982-2011) poemen antologia.  Poema-puzzlez osatutako gaztelutzat ere jo dezakegu. Areago, edizioa  elebiduna den aldetik. Egileak frantsesera (Le Réveil de Médée) itzuli baititu poemok. Are gehiago, erran nezake, ausardiaz, poemak itzuliak baino, ez ote diren poema itzulikatuak.
Medearen  iratzartzea Itxaroren iratzartzea duzu, eta andrearen iratzartzea  orobat. Grezian abiaturik, mitologian elikaturik, literaturan eta artean  funtsaturik, Medea, Antigona, Elektra, Ariane edota Phedra dira  poetaren musak eta gogoeten inspirazio iturri. Mitologiako pertsonaia  horiek andreen arteko amodioa dute laket, emakume erreboltariak dira,  amodioz eta desamodioz gorpuztuak. Halaxe da Itxaroren poesia ere,  tragediak gorpuztua. 
Andreok abiaburuan dituela, poetak gurera  bide egiten du, euskal tradizioaren Lasturko Milia gogoratuz. Harago ere  bidaiatzen du, Frankfurteraino adibidez. Lilli Lichtenauerren eta  Lasturko Miliaren malkoak errekasto berean batzen ditu, eta euren  amodioak bere eginez berea eskaintzen die. Feminismoaren gorazarrean,  besteak beste.
Bordak XX. mendeko andre borrokalariak ditu  bidaide eta gogaide: Itxaro gaztea, nerabezaroa gainditu ondoren,  ausardiaz betetako bizitza egitera abiatu zen, emakumearen zoritxarrezko  destinoari aitzi eginez. Andre ukatuaren eskarmentua darama larruan,  amatasunaren gogorra bihotzean, euskalduntasunaren ukapena gogoan.  Medearen eta Elektraren arteko amodioaren gisakoa dastatu nahi luke,  baina bizi den munduan maitasuna ukatua da. Bihotza erdibituta dauka,  eta horrek erditze minak sorrarazten dizkio. Andre ukatua sentitzen da,  bertzeen mundu urosean bera malerusa izaki. Ukatua izateaz gain, herri  nortasuna bipildua zaion alaba sentitzen du bere burua. Hartara, poesian  eztitzen ditu nekeak eta penak. Amodio ezinezkoetan etsitzen eta  bakartasunean erdiesten zoriontasuna. Bakartasunean ehuntzen dituen  hitzen laguntzaz begiratzen dio gogoari, bizitza nola doakion  antzemateko.
Andreak dira Itxaro Bordaren poesiaren eragileak,  eta andreei zuzentzen zaie, munduon bizitako ukapena transmititzeko  desioz. Konparazionera, ama presente dauka (Gogoan eta Amaren irria), eta alabari (Axis mundi,  Ainararentzat) zuzentzen zaio. Poetak bere aberriaren berri helarazten  digu halaber: herri xumearen soa gorde du izan zeneko haur haren zorion  uneei atxikitzeko.
Poetaren bidaldian bidaia behartuak ere  badaude, erbestera, hala nola Parisera. Feminismoaren aldarria egiteaz  batera, kritika soziala eta politikoa egiten ditu poesiaren bidean.  Parisera ez ezik, Madrileraino ere bide egin du. Llorando poema  lekuko. Tragediek eragindako malkoek ikusmena itsutzen digute, eta gogoa  kamustu, naski. Borda poetari hala agitu zaiolakoan nago. Ausardiaz  diot hori ere.
Liburu hau, ausardiaz erranik, tótum revolútuma da. Intelektualengandik elikatzen den poeta intelektualaren isuriak  bete du ele-ontzi hau. Halaber, herri jakintzatik ere elikatu da elez  eta arimaz, oparo elikatu ere. Ontziko eleak existentzialismoan  kulunkatzen dira, eta erromantizismoaz edertzen. Alabaina, poema  ezkorrak gailentzen dira oro har, malenkoniaz zipriztinduak, Itxarori  —eta esperantzari— arrail fin-doiak zabaltzen dizkiotenak.
Are  ausardiagoz ere diot: liburu gotor hau harrinabarrezko ele-ontzia da.  Alta, agian, langaiak, hizkuntzak, eleek gehiago moldatzea mereziko  lukete. Agian, diot.
Edo, poetaren desio ote horrela izatea?

Iruzkinak
Utzi iruzkina: