"Gozamena da lokatz artean zeramika puskak aurkitzea"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2020-08-03 15:06

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

ALEA 2018-03-18 

 
"Gozamena da lokatz artean zeramika puskak aurkitzea"
Paquita Saenz de Urturi arkeologoa. E.U.

Herrialdea desmuntatuko luke Paquita Saenz de Urturi arkeologoak, gordetzen dituen altxorrak bistara jartzeko. Arkeologiaren landa-lana maite du, herriz herriz ibiltzea hondakinak lokatz artetik ateratzen.

Arabako arkeologian izan den aurreneko emakume profesionalen taldekoa da Paquita Saenz de Urturi Rodriguez (Apodaka, 1950). Hemeretzi urterekin parte hartu zuen lehenbiziko aldiz indusketa batean, eta ordutik ez da gelditu. Azken berrogeitahamar urteetan herrialdean zehar ibili da –Gaubeatik Guardiara–, arbasoen sekretuak lurpetik ateratzen; orain bulegoan sartu eta bildutako material guztiaren zabalpena egitea egokitzen zaiola sentitu du: "Maite dut landa- lana, baina albo batera utzi behar dut, eta bildu dudan guztiaren memoriak idatzi behar ditut; jasotakoa partekatzen ez badut, lanak ez du zentzurik".

Zerk bultzatu zintuen arkeologoa izatera?
Batxilergoa ikasten hasi nintzenean zorte ona izan nuen, historia maite zuten eta ondo azaltzen ziguten irakasleak ezagutu bainituen. Maria Lurdes Albertos linguista eta epigrafian aditua zen gure latin irakaslea, eta noizean behin ere Micaela Portillak eskolak ematen zizkigun. Halere, etxean, Manuel Iradier espeleologia taldean ibiltzen ziren lagunak ezagutu nituen. Gu Zigoitikoak gara, eta bertan daude Mairuelegorretako kobak; urte haietan nire nebetako bat espeleologian ibiltzen zen, Manuel Iradier taldearekin, eta sarritan etortzen ziren etxera espeleologiarekin lotura handia zuten lagunak: Madinabeitia, Agorreta... Aspaldiko gauzak ezagutzeko jakin-mina sortu zitzaidan orduan, eta orain arte.

Nola bideratu zenuen jakin-mina?
1969. urtean, Arabako Aurrezki Kutxak arkeologiaren hastapenen inguruko ikastaro bat antolatu zuen; Diputazioaren Kultura Batzordearen Arkeologia sailaren inguruan zeuden Armando Llanosek, Jose Antonio Agorretak, Jaime Fariñak eta Enrique Vallespinek zuzendu zuten taldea, eta nik izena eman nuen. Hasieran ikaslea nintzen, arkeologia-praktikak egiten nituen talde horrekin, baina gero Vallespinek Nafarroako Unibertsitatean sartzen lagundu zidan, eta karrera egin nuen bertan.

Talde horretan egin zenituen lehenengo indusketak?

Bai. Lehenengoa Henaioko kastroan izan zen, Dulantzin. Garai horretan, arkeologiako landa-lanak egiteko diru-laguntzak ematen zizkiguten, baina Henaion ez zegoen diru-laguntzarik, eta egin ahal izateko ordaindu behar izan genuen; gogoratzen dut bostehun pezeta ordaindu behar izan nituela.

Emakume asko ez zineten izango?
Ba bitxia bada ere, indusketa horretan hainbat emakume egon ginen; emakume asko hasi ginen, baina gero gehienek utzi zuten, eta emakumezko bakarra geratu nintzen.

Zuzendu zenuen lehen landa-lana Karankako Lastrako kastroena izan zen.
Bai. 1975etik aurrera, Lastrako kastroen zuzendaritza hartu nuen; ordura arte kolaboratzailea nintzen, baina Jaime Fariñak egin zuen lehen kanpainarekin jarraitzea eskatu zidaten, eta uztailean hasi nintzen. Hogeita hiru kanpaina egin nituen Lastrako kastroetan, hogeita hiru uztail, 1975etik 1997ra. Denbora luzez egon ginen, oso eremu handia delako eta diru-laguntza gutxi zegoelako. Aldi berean beste toki batzuetan aritu nintzen, La Hoyan, esate baterako.

Lan hori guztia musu-truk egiten zenuten.
Bai. Diru-laguntza genuen janaria eta beharrezko azpiegitura minimoa pagatzeko, baina ez genuen ezer kobratzen. Arkeologia ikasten nuen bitartean, bestelako lan txikiak egiten nituen, apunteak idazmakinara pasatu, adibidez.

Ordutik harreman berezia duzu Gaubearekin?
Gaubean oso gustura nago, giroa polita denean gustura zaude. Zonalde osoa aztertu dut, Neolito aroko aire zabaleko aztarnategi asko daude, zaharrena duela 6.000 urtekoa. Antzina, Gaubea oso jendetsua zen; igarobide naturala da, komunikazio sare onak ditu mesetarekin eta kostaldearekin, eta joan-etorri horiek jendea erakartzen zuten eta batzuk hemen nkatu ziren. Komunitate txikiak ziren, nekazaritzan eta abeltzaintzan ibilitakoak. Berrehun aztarnategi inguru aurkitu ditugu inguruan, eta horretaz gainera kokalekuak, kastroak, gazteluak eta elizak; Corroko Mairuen koba, esate baterako, oso interesgarria da, eta 2011. urtean Estulizen topatu genuen Erdi Aroko Santa Coloma izeneko herria eta Burdin Aroko gaztelu bat.

Urte haietan sortu zen Arabako aurreneko emakume arkeologo profesionalen taldea.
Ni arkeologian hasi nintzenean, beste bi edo hiru emakume gehiagorekin hasi nintzen, Amelia Baldeonekin adibidez, eta Arabako lehen emakume arkeologo profesionaletako bat naiz. Lanbide honetan gertatzen da jende asko zaletasunagatik hasten dela, baina gero utzi egiten  du. Nik jarraitu nuen, eta 1991n autonomo egin nintzen. 1990. urtean, Ondare Legea onartu eta gero, behartu zuten hirietan eraikuntzak hasi baino lehen prospekzio arkeologikoak egitera. Arkeologoaren esku-hartzea ezinbestekoa bihurtu zen, eta egun egiten ditudan lan gehienak programatutako indusketak dira, kontrolak.

70. hamarkadatik asko aldatu da arkeologoaren lana?
Izugarri. Maila teknikoan batik bat, eta metodologiak ere aldatu dira. Teknologiak asko laguntzen du orain, argazki kameratik hasita; irudia berehala ikus dezakezu, eta lehen errebelatzera eraman behar zenuenean konturatzen zinen argazkiek ez zutela balio. Hainbat datu, kota datuak adibidez, eskuz hartu behar genituen, eta orain nibel topografikoarekin askoz errazagoa da. Araban aztarnategi asko ditugu, uste dut metodologia berriei esker urrats handiak egingo ditugula. Induskatzeko lurra mugitu behar dugu, baina agian hemendik urte batzuetara ez da beharrezkoa izango lan hori egitea.

Dena den, esperientziak ere lagunduko dizu igartzen aztarnategi batean zer topatu daitekeen?
Esperientziari esker kalkulatu dezakezu aztarnategi bat zer garaikoa den, eta lurraren koloreagatik zeramikak aterako diren edo ez, gizakiek eginiko eraikinak dauden edo ez... Ez da berdin adobezko murru bat erortzea edo higatua egotea, kolore ezberdina ematen du. Etxebizitza batek izan duen jardueraren arabera kolorea desberdina da, eta hori ikusita jakin daiteke sua egiten zuten edo ez, ganadua zuten edo ez....

Non topatu duzu sorpresarik handiena?
Sorpresak beti dituzu, baina kanpaina denek eman didate zerbait; Lastrako kastroek asko eman didate, eta Arkaia eta Mariturri sorpresa bat izan ziren. Zundaketak egiten hasi ginenean ematen zuen ez genuela ezer topatuko, baina induskatzen hasi ginenean aurkitu genuen herri garrantzitsu bat. Arkaia hiri inportantea zen, Iruña Okarekin lotuta dago, Iter XXXIV galtzadaren bitartez. Arazoa da egungo herria hondakin horien gainean eraikita dagoela, eta hori traba da. Mariturriko aztarnategia, berriz, ezagutu genuen, 70. hamarkadan pasieran ibiltzen zen norbaitek hondakinak aurkitu zituelako; gero, Udalak eskatu zidan aztarnategiaren ikerketa, eta hasi ginenean ikusi genuen erromatar garaiko kokaleku bat zela.

Pasioa behar da arkeologian aritzeko?
Dudarik gabe. Egun osoa pasatzen duzu gora eta behera, eta gainera ekonomikoki...

Izan ere, egun hauetan, Guardian egon zara.
Sekulako sorpresa hartu dugu. Bagenekien foruaren emakidaren baino lehenagoko hondakinak egon ahal zirela, baina sorpresa handia izan da kaleak hondakinez beteta ikustea. Hiri oso inportantea egon zen bertan, La Hoya bezain garrantzitsua, muino osoa okupatu zuena.

Zer moduz doaz lanak?
Obra horretan traba asko daude, tutueria dagoelako, jendea kaletik ibili behar delako, ezin delako dena gelditu eta nahi duzun bezala induskatu. Oso aspaldiko hiria aurkitu dugu, eta ikusten ari gara nola erori ziren etxeak; etxebizitzen sarreretan egiten zituzten ehorzketetan ume txikien hileta-aztarnak topatu ditugu, eta zeramika oso ona. Gozamena da lokatz artean ibiltzea. Hori da pasioa!

Landa-lanaren ostean dator dibulgazioa.
Laborategian sartu eta aurkitu duzun material hori guztia garbitu, dokumentatu eta sailkatu behar da, eta dibulgazioa egin behar da. Gehien gustatzen zaidana landa-lana da, eta materialarekin laborategian egotea ere; txostenak idaztea ez hainbeste. Dena den, orain landa-lana albo batera utzi behar dut, eta bildu dudan guztia zabaldu. Lastrako kastroen hogeita hiru kanpainen memoria egin behar dut!, eta horretan beste aditu batzuek ere parte hartuko dute, urteak eskatuko dizkit.

Erakundeek zer paper izan behar dute arkeologian?
Erakundeek landa-lanak bultzatu egiten dituzte, baina memoriak ez hainbeste. Ondare arkeologikoaren inguruko lana gehiago babestu beharko lukete. 


Utzi iruzkina: