GORROTO PLATONIKOA
Atenas, K.a. 387. Platon greziar filosofoak Akademia sortu zuen, eta bertan hainbat gairi buruzko eskolak ematen hasi zen: etika, psikologia, antropologia, epistemologia, metafisika, kosmogonia, hizkuntzaren eta hezkuntzaren filosofia… Sokratesen ikasle izana, Platonek berak ikasle bikainak izan zituen Akademian, Aristoteles esaterako.
Baina zorroztasuna funtsezkotzat jotzen zuen arren, ez zuen lortzen ikasle guztiak eskola hasteko garaiz iristea. Garai hartan denbora neurtzeko gailuak bazeuden, esaterako, eguzki-erlojuak eta klepsidrak. Klepsidra izena grekotik dator: kleptein hitzak lapurtu esan nahi du eta hidor hitzak, ura. Beraz, “ura lapurtuz” denbora neurtzen zuen gailua zen. Mekanismo soila zuten klepsidrek: ontzi bat urez betetzen zuten eta azpialdean zuten zulotxo batetik urari pixkanaka isurtzen uzten zioten, jario etengabe eta erregularra eraginez; hala, ontziko uraren mailak behera egiten zuen, bidean ontziaren barruan adierazitako denbora tarteak markatuz –edo bestela, markak ura isurtzen zen bigarren ontzi batean ipintzen zituzten markak, bete ahala orduak jo zitzan–.
Baina klepsidrak alferrikakoak ziren iratzartzeko. Morfeoren atzaparretatik ihes egiteko metodo bakarra oilarren kukurrukua zen, baina Atenasko Akademiaren ingurukoak ez ziren oso fidagarriak, nonbait, eta Platonek sistema zehatzagoa asmatu zuen. Besterik gabe, alarma bat gehitu zion klepsidrari. Behean hermetikoki itxitako beste ontzi bat erantsi zion, biak hodi baten bidez lotuta. Lehenengo ontziaren barruan sifoi bat ipini zuen. Aurreikusitako unea iristean, sifoiak ura botako zuen, mugitutako aireak bigarren ontzia beteko zuen eta goiko aldeko zulo txiki batetik ihes egingo zuen, teontzietan lurrunak egiten duen txistuaren modukoa eraginez. Horrenbestez, Platonek lehen iratzargailua asmatu zuen. Gailuari zintzarriak eransteko asmoa zuen, asmakizuna eraginkorragoa –eta gorrotagarriagoa– izan zedin. Baina ikasleez gupidatu zen, nonbait, eta ez zuen mehatxua bete.
Gerora, iratzargailua “hobetu” nahi izan zutenak arduratu ziren horretaz. Adibidez, ura isurtzen zen bigarren ontzian metalezko bolatxoz betetako platertxo bat jarri zuten. Ura platertxoraino iristean, platera makurtzea eta bolak metalezko hirugarren ontzi batean jaustea eragiten zuten. Burrunba edonor esnatzeko modukoa izango zen. Beste bertsio batean, ontzia urez betetzean jausi egiten zen, eta harri bat metalezko plater batera jaurtitzen zuen katapulta modukoa abiarazten zuen. Kandela baten barruan bola bat sartuz gero, argizaria urtzean bolatxoa askatu eta metalezko gainazala jotzen zuen.
Eta hala, goizeroko tortura mekanismoa apurka finduz joan ziren, baina lehen iratzargailua asmatu izanaren zalantzazko ohorea Platoni dagokio. Orain badakigu goizero noren izena madarikatu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: