GERUZAZ GERUZA, ANTZINAKO BIZITZAK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-01-05 17:38

 

2.500 urteko ibilbidea egiten du Zarautzen jarri duten erakusketak, parrokiako indusketetako aurkikuntzen berri emateko


BERRIA, 2003-IX-05

idoia ETXEBERRIA -ZARAUTZ

Denboraren harlauza astuna jasotzea lortu dute Zarautzen, iraganeko herritarren bizimodua bistaratzea. Herriko parrokian indusketak egin dituzte bi urtez, eta Burdin Aroko, erromatarren garaiko zein Erdi Aroko aztarnak aurkitu. Orain, ondorioak zabaltzeko unea heldu da, iragana argi printzez janztekoa: Menosca eta Zarautz artean. Bidaia bat gure historian barrena erakusketa jarri dute Zarauzko Sanz Enea kultur etxean, irailaren 21a arte. 18:00etatik eta 20:00ak bitartean egin dezakezue, egunero, bi mila urtetik gora irauten duen txangoa. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua da Zarauzkoa. «Burdin Arokoa Gipuzkoako kostaldean aurkitu den aztarna bakarra da; erromatarren garaikoa, Oiassorekin batera, garrantzitsuena, eta Erdi Arokoa, aurkitu den nekropolirik osatuena; lau hilobi mota daude», azaldu digu erakusketako arduradun Juanjo Aranburuk.

Enborretako geruzetan zuhaitzaren adina irakur daitekeen legez, lurpeko geruzak gizaldien isla isila dira. Eta orain askoz gehiago dakite Plinio Zaharrak I. mendean deskribatu zuen Menosca lurraldeari buruz. Pagoeta mendia eta Oria eta Urola ibaiak zituen mugatzat; Zarautz eta Getaria gune nagusi; barduloak biztanle.

Erakusketan garai bakoitzeko argibideak daude, argazkiekin eta indusketetan aurkitutako hainbat objekturekin batera. Burdin Aroari dagokionez, gela baten hondakinak aurkitu dituzte; sukaldeko plaka, eta zeramikako tresnak. Erromatarren gara ikoak, berriz, eraikin publiko baten horma eta plaza gisakoa. Baita hainbat objektu ere: apaingarriak, txanponak, laban gisakoak... eta 9.000 zeramika zati. «Terra sigillata motakoak erromatar inperioan egindakoak dira; besteak, herritarrek ere egin zitzaketen».

Erakusketak Erdi Aroko kokapenei buruzko informazioa ere badakar. Lau elizaren aztarnak topatu dituzte, IX. mendetik aurrerakoak, eta 269 hilobi. Ehorzketa modu bitxiak ere bai tarteko. Lau gorpu, apaizenak izango zirela uste dutenak, mendebaldera begira daude; eliztarrenak, berriz, ohikoa den eran ekialdera begira, argiaren aldera. Eta emakume bat ahuspez dago lurperatua; arrazoia jakiterik ez dago. Erdi Aroko lan tresna ugari ikus daitezke erakusketan: iltzeak, guraizeak, punzoi bat...

Eta gela ilun bat ere badago, oraingoz V. eta IX. mende bitarteko inolako daturik ez dutelako. «Galdera zerrenda bat da, etorkizuneko ikerketek argitu beharreko galderak». Aranburuk dioenez, ikertzaileek denbora dezente beharko dute aurkitutakoa aztertzeko, baina gero industen jarraituko dute, parrokia inguruetan seguru asko.

Aztarna denak toki berean aurkitu izana ez da kasualitatea. Zarautz paduraz, dunaz eta konta ezin ahala errekatxoz betea zegoen garai batean, eta egungo parrokia ingurua zen itsasotik babesean zegoen leku bakarra. Horregatik eraikitzen zuten han. Nola bizi ziren? Burdin Aroko zarauztarrak (duela 2.500 urte) lehorrekoak ziren batez ere, nekazari eta abeltzainak, uretatik metro gutxira bizi arren. Itsasertzean ibiltzen ziren, ontzi txiki kaskarrekin; mendeak beharko zituzten olatuak menderatzen ikasteko. Erromatarren etorrerak aldaraziko zuen bizimodua; K.a. I. mendean iritsi ziren, eta V. mendea arte geratu. Merkataritza Menoscako biztanleen jardunaren ardatza izan zen tarte horretan.

IX. mendean, Erdi Aroko lehen asentamendua eratu zuten Ernio eta Pagoeta aldetik jaitsitako artzainek. Lehen eliza eraiki zuten; ez zuten asko iraun, ordea, urte gutxiren buruan joan baitziren. Zergatik? Sua, uholdeak, normandoen erasoak... Ez dakite zergatik. Mendea bete aurretik bueltan ziren, eta betiko geratu. 1237an sortu zen Zarautz herria. XV. mendean ontzigintza hobetu ahala, arrantza gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen.


AURKIKUNTZAK

«Erdi Arokoa espero genuen, baina erromatar garaikoa ez»



Zarauzko aurkikuntza ezustekoa izan zen, neurri batean. 1951n eta 1986an erromatarren garaiko txanpon bi aurkitu zituzten; hondartzan bata eta Trinitate kaleko estoldetan bestea. Ez zegoen, hala ere, pisuzko arrazoirik erromatarrak bertan izan zirela pentsatzeko. Aitzitik, uste zabaldua zen erromatarrak ez zirela inoiz Zarautz aldera iritsi. Usteak erdia ustel. Indusketekin hasi zirenean, sorpresa atsegina hartu zuten: «Erdi Arokoa espero genuen, baina erromatarren garaikoa ez, eta Burdin Arokoa zer esanik ez», esan digu Juanjo Aranburuk.

1997an parrokia ondoko dorrean indusketak egiten hasi ziren, eta Erdi Aroko hilerri bat aurkitu zuten. Egun Arte eta Historia museoa dago han. 2001eko irailean hasi zituzten Santa Maria la Realeko lanak.




Utzi iruzkina: