GARAI BATEKO DISTIRAREN ERAKARGARRITASUNA
Ardatz Atlantikoko Hiri Erromatarren Sarea sortu berri dute, Irungo Udalaren eta Oiasso museoaren ekimenez. Portugal, Espainia, Frantzia, Galizia eta Euskal Herriko hainbat hiri daude, besteak beste, turismoa sustatzeko sortutako elkartean.
BERRIA, 2010-I-30
Xabier Martin
Oiasso ez da Nemausus eta Conimbriga ez da Augusta Emerita, baina Irunek eta Coimbrak badute iragan erromatarra, Nimesek eta Meridak bezalaxe. Ukaezina da, ordea, ardatz Atlantikoko hiri erromatarrek ez dutela, oro har, inperioak Mediterraneoko kostaldean edo Asian utzitako testigantzek duten garrantzia. Hori dela eta, hiri horiek alboratuta geratu dira erromatarren ondarearen gaineko ibilbide turistikoetatik. Irungo Udalak eta Oiasso museoak euren altxorrak «balioesteko garaia» heldu dela uste dute, eta Oiasso bezala, ardatz Atlantikoan dauden hainbat hirirekin batera, Ardatz Atlantikoko Hiri Erromatarren Sarea osatu dute Madrilen, iragan berri den Fitur azokan.
Turismoa eta arkeologia
Espainiako (Zaragoza, Sevilla eta Gijon), Portugalgo (Braga, Lisboa eta Santarem), Frantziako (Akize), Galiziako (Pontevedra) eta Euskal Herriko (Irun) hiriak daude sarean, eta luze gabe beste batzuk sartuko dira. Coimbrak (Portugal) eta Perigueauxek (Frantzia) dituzte aukera gehien. Hango agintariak ez ziren Madrilen izan sarea fundatzeko ekitaldian, baina aspalditik agertu dute interesa kide bihurtzeko.
Horiez gain, Ingalaterrako York hiriko agintariak ere aukera hori aztertzen ari dira, eta hiri horrek itxi dezake taldea. Hamabi bat kiderekin «nahikoa» izango dela uste dute kudeatzaileek.
Elkartearen helburua argia da: elkarteko kide diren hirien turismoa sustatzea, elkarlanean sortutako ekimenak gauzatuz. Irudi korporatibo bera sortuko dute, eta hiri bakoitzeko hiritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egin. Lehen helburua turismoa hauspotzea izanagatik, arkeologia aldetik ere «oso lan garrantzitsua egitea» espero dute. Aztarnategiak babesteko, haiek ezagutzera emateko, hitzaldien bidez kasurako, «tresna baliagarria» izango da sarea.
Oraingoz bidean abiatu baino ez dira egin. Udaberri aldera behin betiko estatutua sinatu nahi dute; Ardatz Atlantikoko Hiri Erromatarren Sarearen aurkezpen ofiziala izango da hori. Hortik aurrera, proiektu jakin batzuk jarriko dituzte martxan. Webgunea sortu, irudi korporatiboa egin eta halako egitasmo gehiago egingo dituzte.
Irungo Udalaren ekimena izaki, elkartearen egoitza administratiboa Irunen dago, Bidasoa Bizirik elkartean.
Coimbra (Conimbriga).
Portugalgo erromatar hiri antzinekoena da Conimbriga. Egungo hiritik 16 kilometrora dago. Kristo aurreko II. mendean sortu zuten erromatarrek, zeltei kendu ondoren. Orduan Eminium deitu zioten. Gero, hiriak garrantzi handiagoa hartu zuenean, Conimbriga deitu zuten. Han dauden hondakin erromatarren artean berezko garrantzia dute mosaikoek, oso egoera onean daudelako oraindik. Orduko artisten lanak ederki asko beha daitezke. Ez da harritzekoa, Conimbrigako kokagunean bertan erromatar garaiko mosaikoak zaharberritzeko tailerra aurkitu baitzuten. Horrez gain, hiriaren harresia ere oso ongi mantentzen da, ia osorik. Anfiteatro bat ere ikus daiteke erromatar hiri zahar horretan. Arkeologoek diote 4.000 lagun hartzeko gai zela. Conimbriga ez zen izan Portugalgo hiri erromatar handiena, baina egun modu hoberenean kontserbatutakoa da. Hain ondo egoteak eman dio Conimbrigari daukan garrantzia.Irun (Oiasso).
Oiasso kokaleku erromatarra gehien hauspotu zuen aldagaia itsas portua izan zen. 70. eta 200. urteen artean izan zuen portu horrek jarduera gehien, Aiako Harrian zilar eta kobre ustiatzeak zeudenean. 12 eta 15 hektarea bitarteko kokalekua da Oiasso. Handik at nekropoli bat aurkitu dute, baita ainguratoki bat ere Higerreko lurmuturrean. Bidasoa gurutzatzen zuen zubi batek eta bainuetxeak osatzen dute Oiasso. Estrabonek, Pliniok eta Ptolomeok aipatu zuten hiri baskoia. Azken urteetan egindako indusketek azaleratu dute kokalekua Irungo erdigune historikoan. 60ko hamarkadatik egunera egindako indusketa lanek argia eman diote Oiassori. Aurkikuntzaren benetako neurria ulertzeko Oiasso Erromatar Museoari bisita egin behar zaio ezinbestean.Zaragoza (Cesaraugusta).
Eraikin berri bat egiten ari zirela, ustekabean, aurkikuntza garrantzitsua egin zuten 1972an, Zaragozan. Mende askoan lurpean egondako antzoki erromatarra azaldu zen, eta askoren harrigarri, nahiko egoera onean. Zesar Augusto enperadoreak kristo aurreko 14. urtean sortu zuen hiri hori, Cesaraugusta izenez. Kokaleku garrantzitsua izan zen merkataritzaren alorrean, Ebro ibaiak eskaintzen zuen garraio aukerarengatik. Zaragozan erromatar garaiko beste aztarnategi ugari daude, baina antzokia da denetan azpimarragarriena. Diotenez, antzokiak oso akustika ona zuen, eta belarri baten formarekin eraiki zuten. Egun, Cesaraugustako Antzokiaren Museoaren barnean ikus daiteke.Akize (Aquae Tarbellicae).
Erromatarrak Akitaniako Akizera iritsi zirenean, tarbelak zeuden hirian, baskoiengandik gertuko herria. Julio Zesarri jakin-mina piztu zitzaion haiek hitz egiten zuten hizkuntza zela eta. Erromatarrek hiria hartu eta izena aldatu zioten castrum horri: Aquae Tarbellicae (tarbelen urak). Kondairak dio legionario batek bere zakur zaharra Akizeko lokatzetara bota zuela ito zedin. Baina zakurra hil ez, eta bere hezurretako gaixotasunetatik osatu zela ohartu zen erromatarra. Ordutik ospetsu egin ziren Aquae Tarbellicaeko bainuetxeak. Augusto enperadoreak eta haren alaba Juliak ere hiriko termak probatu zituzten, eta bainuetxe horien sona inperio osoan zehar hedatu zen. Hiriaren garrantzia handituz joan zen, eta ondorioz, erromatarrek harresi lodiak eraiki zituzten hura babesteko. Gaur egun Akizeko bainuetxeak sona dauka oraindik. Erromatarrek eraikitako aurrealdeak zutik jarraitzen du, hiriaren iragan erromatarra argi utziz.Sevilla (Hispalis).
II. mendetik aurrera, Hispaniako merkataritza kokaleku garrantzitsuenekoa bihurtu zen Hispalis, egungo Sevilla. Hiri erosoa Italika zen, edonola ere. Akueduktua eta harresiak Julio Zesarren garaian eraiki ziren, bigarren gerra punikoa bukatuta. Hiriak ondare erromatar garrantzitsua dauka, esaterako erromatar antzerkia (argazkian) eta Pilatosen etxean dauden enperadoreen bustoak. Zizeron, Valerio eta Tiberiorenak daude, besteak beste.York (Eboracum).
Ingalaterrako York hiria erromatarrek fundatu zuten Kristo ondorengo 71. urtean. Eboracum izena jarri zioten, eta Britainia erromatarraren kokalegu garrantzitsuena bihurtu. Esaterako, Konstantino Handia Eboracumekin erabat lotua dago; izen handiko erromatar ugari hazi ziren hiri horretan. Septimio Severoren garaian (209-211) hartu zuen garrantzirik handiena Eboracumek; izan ere, erromatar inperio osoa handik gobernatu zuen enperadoreak. Inperioa azkenetan zegoela, Britainia izan zen azken gotorlekuetako bat, eta Yorkek rol garrantzitsua jokatu zuen. Ouse ibaiaren ibarretan eraikitako harresi izugarria ikus daiteke hirian. Oraindik oso egoera onean dago zenbait tartetan. Dorre handi bat ere ikus daiteke. Zortzi dorre ere izan ziren Yorkeko gotorlekua babesten, baina bakarrak jarraitzen du zutik. Harresia oso egoera txarrean zegoen daniarrak Yorkera iritsi zirenean, 867an. Haiek zaharberritu zuten, eta horri esker itxura ederra dauka egun.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: