EZ DAGO <<DEUS EX MACHINA>>-RIK
Joxemari Carrere Zabala
ARGIA, 2012-IV-29
Bizi dugun garaia, ekonomiaren zein merkatuen berrantolamenduari dagokionez, kaltegarria izaten ari da oso kulturarentzat ere. Antzerkigintza zuzen-zuzenean ari da jasaten neoliberalismoaren neurri ekonomiko berrien erasoa. Talde asko desagertzen ari da, aktore ugari egoera ekonomiko larrian dago, egitarauen desagertzea edo murrizketa nabarmenak, egindako lanak ordaindu gabeak... Azken Nazioarteko Antzerkiaren Egunean horren salaketa egin zuen publikoki Euskal Aktoreen Batasunak. Faltan sentitu nuen, ordea, handik bi egunetara deituta zegoen greba orokorrarekiko atxikimendua edo aipamena. Aktoreen ahotik salatzea Lan Erreformak eta gainontzeko neurri ekonomikoak antzerkigintzari egindako kaltea, egun ematen ari diren haserretze eta oldartze mugimenduekin bat etortzea litzateke, bizi dugun jendartearen arazoen partaide gisa azalduz.
Antzerkia salbatzeko, kalera irteten ari diren milaka haserretuekin batera, ematen ari diren eraso ekonomiko-sozialei aurre egin behar zaie. Antzerkigintzak aldarrikatu behar du bere balio soziala
Antzerkiak historian barrena boterearekin izan duen harremana gatazkatsua izan da. Alde batetik kritika zorrotzak jaurti izan dizkiolako agintaritzari; baina bestalde, biziraun ahal izateko, askotan ez diolako muzinik egin kritikatutako botere horren soldata pean egoteari. Baina, orokorrean, aktoreen egoera ekonomikoa kaxkarra izan da beti. Egun ere, asko eta askorentzat ez da aldatu hori. Dena dela, garaiotan administrazioarekiko bizi dugun dependentzia ez da inoiz eman, administrazio publikoa baita kontratatzaile nagusia. Gehienetan antzezlan baten bideragarritasuna administrazio horren irizpideen pean egon ohi da, ez bakarrik ikuskarientzat eskaini daitezkeen diru laguntzen bidez, baina baita ere, antzezlan bat erakusteko aukera izan ahal izateko. Dependentzia honek behin baino gehiagotan baldintzatu izan du antzerki talde batek ekoitziko duen ikuskaria, bi hautuen artean bere burua ikusten duelarik, alegia, administrazioari “zuzena” irudituko zaion ikuskaria egitea, eta horrela beharrezko laguntzentzat oztoporik ez izan; edo, norberak nahi duena eginez, bazter bideetan ibili.
Zerk salbatuko du antzerkia garai hauetan? Deus ex Machina ez da agertuko zeruan. Antzerkia salbatzeko, kalera irteten ari diren milaka haserretuekin batera, ematen ari diren eraso ekonomiko-sozialei aurre egin behar zaie. Antzerkigintzak aldarrikatu behar du bere balio soziala. Antzerkigintzari heldu zaio ordua eszenatokian bizitzaren nondik norakoak agertzeaz gain, bizitza igarotzen ari den lekuan egoteko. Eszenatokia elikatzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: