ERROMATARREN ETA BASKOIEN ARTEKO ELKARBIZITZA AZTERTU DUTE
BERRIA, 2012-03-11
Ilargi Agirre, iRUN
'Erromatar arkeologia Gipuzkoan' idatzi dute Mertxe Urteagak eta Javier Arcek
Augusto enperadoreak opari gisa eman zien baskoiei Aiako Harrietako meatzeen ustiapen ekonomikoa, erromatarrei laguntzeagatik
Javier Arce eta Mertxe Urteaga, Erromatar arkeologia Gipuzkoan liburua eskuan dutela. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Oiassoko termen oinplanoa. / ARKEOLAN
Indusketa lanak, Arditurriko meategietan. / ARKEOLAN
Orain arte indarrean egon diren erromatarren eta baskoien arteko harremanen inguruko zenbait tesi kolokan jartzen ditu Erromatar arkeologia Gipuzkoan liburuak. Irungo Oiassoko aztarnategietan eta Arditurriko meategietan Arkeolan fundazioak azken urteetan egin duen lan luzearen emaitza da liburua. Mertxe Urteagak Irungo Oiasso erromatar museoaren zuzendariak, eta Javier Arcek idatzi dute. Arkeologian doktorea da bata, eta historian doktorea, bestea. Gipuzkoako erromatar arkeologiako aztarnategiak ere zerrendatzen ditu lanak.
Gipuzkoako erromatar aztarnategirik apenas zegoen orain 40 urte. Horrek ondorio batera eramaten zituen ikerlariak garai batean: baskoien erresistentziaren ondorioz, erromatarrak ez ziren euskal itsasertzera iritsi. Baina Irunen Oiassoko aztarnategia aurkitzeak tesi hori kolokan jarri zuen. «Erromatarren 20.000 zeramika zati aurkitu ziren bat-batean. Portua zuen hiri bat zegoela ondorioztatu dugu denborarekin eta erromatarrei erresistentzia egiten zioten euskaldunen ideia atzean geratu zen», dio Urteagak. Hortik abiatu dute ikerketa.
Bi ikerlariek adierazi dutenez, Erromatarren garaian Baskoien lurraldea bi eremutan banatuta zegoela pentsatzen da. Isurialde mediterraneoa Ager (landa) eta isurialde atlantikoa Saltus (basoa) zeuden. «Saltus hitzak ez du basoa bakarrik adierazten; esanahi asko ditu. Autonomia politikoa duen lurraldea izan daiteke, edota igarobidea», adierazi du Urteagak. Plinio historiagile erromatarrak euskal itsasertza deskribatzen zuenean Saltus Vasconum Pirinioetatik eta Oiassotik gertu kokatu zuen. «Guk Saltus Vasconum Aiako Harrien inguruan zeuden meatzeak direla uste dugu», azaldu du Urteagak.
«Baskoiak erromatarren armadako partaide izan ziren. Uste denaz bestera, erromatarren kontra izan zen erresistentzia bakarra Kantabrian eta Asturiasen egon zen eta ez hemen», esan du Arcek. Kantabriako gerran baskoiek erromatarrei atzeragoardian lagundu zieten, gainera. «Hori dela eta, Augusto enperadoreak opari gisa eman zien Aiako Harrietako meatzeen ustiapen ekonomikoa, Saltus Vasconuma», jarraitu du historiagileak. Aiako Harrietako meatzeek Inperioaren jabetza zuten, baina baskoiek autonomia zuten eurek ustiatu ahal izateko.
Meatzeetako minerala Oiassora garraiatzen zen, eta portua zegoen han. Baita termak ere. «Oiasso erromatar hiria zen; inguru honetako polisa izan zela pentsatzen dugu. Izendapen hori ere berrikuntza da. Polis ugari zeuden Erromako Inperioan. Atenas, esaterako, polisa izan zen», nabarmendu du Arcek. Hiri batek beti izaten du inguruan jarduera ekonomikoa eta Oiasson ere halaxe zen. Getarian (Lapurdi) arrain kontserben lantegi baten aztarnak aurkitu zituztela gogorazi dute ikerlariek, eta Gipuzkoako Getarian beste lantegi bat zegoela uste dute.
Erromatarren eta baskoien arteko elkarbizitza nahiko baketsua zen. «Erromatarrek baskoiak errespetatzen zituzten; euren bizimodu eta ohiturak gordetzen uzten zieten, eta lekuko legeak bere horretan geratzen ziren. Meridak ez zuen Malagak bezala funtzionatzen», jarraitu du Arcek. Nolanahi ere, autonomia horren gainetik Erromako Estatu aparatua zegoen. Zergak kobratzen zituzten, herritarrak armadan parte hartzera behartzen zituzten, eta enperadorea gurtu egin behar zuten.
Tokiko hizkuntzan hitz egiteko debekurik ere ez omen zegoen, Arceren aburuz. Administrazioan hizkuntza ofiziala latina zen, baina, hortik kanpora, herritarrek euren hizkuntzan hitz egiteko aukera zuten. «Gogoratu behar da, hala ere, garai hartan protoeuskera zegoela», esan du Urteagak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak arkeologiaz osatutako liburu bildumaren parte da lana, eta euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago. Historiaurretik industrializaziora bitarteko arkeologia aztertu dute zazpi liburutan. Idazteko orduan asko eztabaidatu dutela aitortu dute biek, eta, berrikuntzak dakartzanez, historiagileen kritikak jasoko dituztela pentsatzen dute. «Gustura» entzungo omen dituzte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: