"ERROMATARREKIN ZABALDU ZEN KRISTAUTASUNA EUSKAL LURRALDEETAN"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-01-05 18:37

 

ROLDAN JIMENO,  HISTORiALARIA

 


Kristautzearen jatorria euskal lurraldeetan aztertu du Roldan Jimeno ikerlariak, santuen gurtzeen gaineko tesian oinarrituta

alberto barandiaran -IRUÑEA

BERRIA, 2003-IX-27

 

Kristautzea Ebroko Ibarretik eta kostaldetik iritsi zen Euskal Herrian, eta hiriguneetan ezarri zen lehendabizi, III. mendearen inguruan. Horretarako, euskal lurraldeetan bizi ziren erromatarrek garrantzi handia izan zuten, haien bidez ezartzen hasi baitzen tradizio berria.

Roldan Jimenok, Kristautasunaren hasierak euskal lurraldeetan lanean, santuen gurtzeen garrantzia aztertu du, eta behin betiko itxi du San Ferminen gaineko eztabaida: ez zen existitu.



Eztabaidak izan dira beti kristautasuna Euskal Herrian noiz sartu zen erabakitzeko. Zuk III. mendea aipatzen duzu. Inguruko herrialdekiko alderatuta, goiz, berandu?

Hori zen zegokion data. Ebrotik eta kostaldetik iritsi zen, nahiz eta kostaldetik nola sartu zen ikustea zailagoa den.



Bide horietatik sartu zen hortik iritsi zirelako misiolariak?

Batez ere, oso gune ekonomiko garrantzitsuak zirelako. Kostan Oiasso

, esaterako. Ebroko ibarra, zeresanik ez.

 

Eta nola bihurtzen dira herriak kristau? Bi modu daude. Hirietan, gune garrantzitsuetan, inguruan bizi ziren erromatarren bidez sartuko da, Erroman, ordurako, oso ezaguna baitzen fede berria. Militarrak, esaterako, oso garrantzitsuak izan ziren, batetik bestera mugitzen zirelako maiztasunez. Misiolariak, aldiz, mendi eta ibar ezkutuetara iritsi ziren bereziki. Horregatik, Pirinio osoan monastegi asko ireki ziren.



Bost mende III.tik VIII.era irauten du kristautzeak, tartean atzerapausoak ere izan zirelako esaterako normandoek kostaldea inbaditu eta despopulazioa izan zenean. Baina horrelakoetan, erabat desagertu ziren arrastoak? Ez noski, beti gelditzen dira aztarnak. Bortziriak inguruak, esaterako, populazioa galdu zuen IX. mendean, baina Donamaria edo Doneztebe bezalako izenek iraun egin zuten. Kristautasuna galduta ere, memoriak hor iraun zuen.

Kristautasuna iristearekin batera, monastegiak, elizak sortu ziren. Eta baita santuen gurtzea ere. Nola aukeratzen dira santuak? Nork aukeratzen ditu?

Alde batetik, erlikiak daude. Aldare bat bedeinkatzeko horiek behar ziren, eta norbaitek santu baten erlikia ekartzen bazuen, ba horren izena jartzen zitzaion elizari. Hori arraroa zen hala ere. Herriko jauna izaten ohi zen, eliza altxatzean, bere gustuko izena aukeratzen zuena. Eta horretarako modan zegoena aukeratzen ohi zuen. Santuen izenak, azken finean, modak baitziren. Garai hartan Andre Maria zen usuena, baina beste izenak sartzen ziren heinean, horiek ere zabaldu ziren.

Euskal Herrian, San Migelek izan zuen garrantzi handia. Nola iritsi zen?

San Migel Italiatik zabaldu zen Europa osora, Gargano menditik. Handik Frantziara iritsi zen aurrenik, Saint Michelen ere agertu zelako, eta gero, VII. eta VIII. mendeetan, toki guztietara, baita Euskal Herrira ere. Mendi gailurrak hartzen dituen santua da, eta hemen bi adibide oso polita ditugu: Aralarkoa, alde batetik, eta Izaga, bestetik. Teodosioren kondaira sortuko da gero, baina hori Erdi Aroaren bukaeran sortu zen. Ez dauka inolako funts historikorik, beste kondaira batzuen nahasketatik sortzen baita. San Fermin antzera.

Eta gailurretan, zergatik?

Bada, bere agerpenak

Gargana, Saint Michel eta, gero, Woten (Alemania), denak gailurretan egin zituelako. Gurtzea, inguru horietan, oso sendoa zen, eta zabaldu zenean kutsu horrekin zabaldu zen.

San Fermin aipatu duzu. Beti esan izan da San Fermin izan zela Iruñean kristautasuna zabaldu zuena, lehen apezpikua, baina zuk azpimarratzen duzu nahastu egin zirela tradizioak. Gaur egun, oraindik, jende askok ez daki, edo ez du onartzen, San Fermin ez zela existitu.

Duela pare bat urte, Erorien Aldeko Monumentuan, Iruñean, erakusketa egin zuten San Fermin inguruan, ikonografiarekin eta abar. Katalogoan, Fernando Sebastianek hitzaurrea egin zuen. Bertan esaten zuen «santuaren irudiak esan nahi duena» ondratzen ari zirela han. Hau da, Elizarentzat ere

eta onartu ezin badu ere, San Fermin ez da jada santu bat, baino ideia, horren inguruan dagoen guztia. Jakina baita San Fermin apokrifoa dela, ez dela existitu. Santu asko bezala, alegia.

Eta nola sortu zen tradizioa?

Toki askotan gertatzen den bezala, Amiensen asmatu zuten tradizioa. Euskal lurraldea, orduan, gauza exotikoa zen, eta han asmatu zuten euskal sermolariaren istorioa. Amiensetik Iruñera etorri zen, jada Done Saturdiren tradizioa bizirik zegoenean, eta hemen berrasmatu zuten dena, kutsu propioak erantsita. Gero, XIX. mendean, apologista batzuek batu zituzten bi tradizioak. 1970tik aurrera, bai Amienseko indusketa arkeologikoek, bai Iruñean egindako ikerketa historikoek, frogatu zuten dena kondaira zela, ez zuela euskarri historikorik.

Alde handia dago Nafarroako eta gainontzeko euskal lurraldetako kristautzeen artean?

Arabarekin, esaterako ez. Nafarroako Iparraldeak ere antz handia du Gipuzkoan edota Bizkaian izan zen kristautzearekin, eta Pirinioak, esaterako, nahiko goiz kristatutu ziren.

Goiz bada goiz, berandu bada berandu, nahiko argi dago behintzat kristautzea oso sakona izan zela Euskal Herrian.

Bai, hori hala da, nahiz eta badiren hainbat testigantza Ameryc Picaudena, esate batrako landa guneak oso kristauak ez zirela adierazten dutenak. Ez da gauza bera, ordea, oraindik sinkretismoan ibiltzea, edota kristauak ez izatea, federik ez izatea.

 


Utzi iruzkina: