"ERROMATARREI ESKER, HELDUAGOAK EGIN GINEN HIRI GISA ETA HIRITAR GISA"
Mertxe Urteaga - Irungo Oiasso Erromatar Museoaren zuzendaria
Ikerlari lanek eraman dute Mertxe Urteaga Oiasso Erromatar Museoaren zuzendaritzara. Baina kargu berriak ez dio ikerlari izaten jarraitzea eragotziko.
BERRIA, 2006-VIII-12
Juan Luis Zabala, Irun
Duela 20 mende erromatar hiri garrantzitsua zegoen egun Gipuzkoako Irun herriarenak diren lurretan. Tarracotik zetorren bidearen amaieran zegoen hiria, eta portua ere bazuen. Oiasso nolakoa zen eta Oiassoko hiritarrak nola bizi ziren jakiteko aukera eskaintzen du, uztailaren 21az geroztik, Irungo Oiasso Erromatar Museoak. Erromatarrak eta haiek Euskal Herrian izandako eragina beste begi batzuekin ikusten lagunduko du museoak, zuzendariaren ustez.
Laster hilabete izango da museoa inauguratu zenetik, eta orain artean etorritako jende kopuruarekin pozik zaudetela adierazi duzue.
Bai, dagoeneko 7.000 bisitaritik gora izan ditugu, eta abuztua amaitu baino lehen 10.000 bisitari izatera iritsiko garela dirudi. Kopuru onak dira horiek.
Nongo jendea etorri da nagusiki?
Irungo jende asko etorri da. Frantziatik etorritako jendea ere asko jaso dugu, eta pozik agertu dira, azalpen guztiak frantsesez irakurri ahal izan dituztelako. Baina Herbehereetatik, Italiatik eta beste leku askotatik ere etorri da jendea...
Zer-nolako erreakzioak jaso dituzue?
Batetik, jendeak zer gabezia ikusi dituen azaldu digu. Museoa erabat osatu gabe zegoen zabaldu genuenean, eta oraindik ere falta dira gauzak: etiketak, pieza batzuk... Jendea berehala konturatu da horretaz. Arrazoi osoa dute. Eta, jakina, hutsune horiek betetzen ari gara. Bestetik, alderdi positiboan, irundar askok poza agertu digute, museoak hiri ospetsu bateko bizilagun direla erakutsi dielako, eta autoestimua handitu dielako; eta irundarrek zein kanpotarrek asko estimatu dute duela bi mendeko bizimodua nolakoa izan zitekeen irudikatzeko aukera izatea.
Beraz, bisitariekin bat egitea lortu duzuela esateko moduan zaudete.
Arkeologook datu asko ditugu, informazio sakona, baina gure artean erabiltzen dugun hizkuntza oso maila altukoa da. Oiasso museoan saiatu gara arkeologoon hizkuntzan izaten ditugun elkarrizketa horiek jende guztiarentzat ulergarri bihurtzen, eta horretarako ikus-entzunezkoak erabiltzea erabaki zen, besteak beste. Lan handia eskatu digu geneuzkan datuak eta informazioa hitz gutxirekin eta guztientzat ulergarri izateko eran emateak.
Arkeolanen hipotesien arabera egindako maketa daukazue museoan. Maketak hiri handia erakusten du. Zer garrantzi izan zuen erromatarrentzat Oiassok?
Erromatarren garaiko aipamen asko ez dago, baina daudenak nahikoak dira zeukan garrantziaz jabetzeko. Estrabonek aipatu zuen Oiasso lehendabiziko aldiz, eta esaldi luzea idatzi zuen Oiasso hiriaren nortasunaz; Tarracotik zetorren errepidearen bukaeran kokatuta dagoela dio, baskoien lurraldean, eta gauza bitxi bat: Akitaniaren eta Iberiaren arteko mugan dagoela. Pliniok eta Ptolomeok ere aipatu zuten... Errepide baten bukaeran, mugaren ondoan, kostaldean eta portu batekin, zilar meatzaritzarekin... Faktore asko zituen Oiassok hiri garrantzitsua izateko.
Indusketetan agertutako aztarnek baieztatu egin dute garrantzi hori?
Bai. Datu arkeologikoak zenbatu eta bere testuinguruan kokatu behar dira. Bordele, Londres eta Oiassoko portuetan aurkitutako zeramikazko ontzien aztarnak konparatu ziren eta, datu denak bildu ondoren, Londresek -erromatarren garaian Londinium- garrantzi handia izan zuela geratu zen agerian, baina Bordele eta Oiasso antzeko mailan zeudela. Bordelen nahiz Oiasson oso antzekoa izan zen bizimodua I eta II. mendeetan, bietan oso urbanoa, oso hiritarra.
Erromatarren Inperioak Mediterraneoan izan zuen indar handiena. Alderdi atlantikoa pixka bat aparte geratzen zitzaien.
Pirinioetatik iparraldera geratzen zen guztia Septentrion zen erromatarrentzat, eta Atlantikoari Mar Externum deitzen zioten. Hemengo erromanitatea lotuago dago, hainbat arlotan, mundu zeltarekin Mediterraneokoarekin baino. Erromatarren ikuspegitik, hau urrutian zegoen probintzia bat zen. Hemen ez zen garirik, ez zen oliorik, ezta ardoa ere han ezagutzen zen moduan... Hemen zilarra eta urrea zegoen, arrain kontserbak, larruak...
Ez zara erromanizazioa hitza erabiltzearen aldekoa. Eta museoaren izena ez da Oiasso Erromanizazioaren Museoa, Oiasso Erromatar Museoa baizik.
Hori ikasi dut. 1996an, Oiasso Erromanizazioaren Museoa izendatu genuen proiektua. Portuaren aztarnak azaldu ondoren, 14.000 zeramika zati aurkitu genituen indusketetan. Orduan gauzak lantzen eta arkeologiako nazioarteko sareetan sartzen hasi ginen, eta, horrekin batera, ikasten. Eta ikasi genuen beste leku batzuetan erromanizazio hitza baztertu egin dutela. Hona etorri zirenean, baliabideak ustiatzera etorri ziren erromatarrak, ez bertakoen artean beren kultura edo bizimodua ezartzera. Alderantziz gertatu zen: bertako jendea, erromatar izatearen abantailez jabetuta, haien bizimodura hurbiltzen hasi zen. Gaur egungo eztabaida beste bat da: zer zen erromatarra izatea eta nork zuen erromatar nortasuna? EHUko Udako Ikastaroen barruan horren inguruko ikastaroa egingo da hemen, museoan, urrian.
Euskaldunek erromatarrei aurre egiten zietela dioen kondaira errotik ukatzen du ikuspegi horrek: Zelatungo borrokak, Lartaun eta beste...
Beti izan dugu barneratuta bide hori, euskaldunek erromatarrei aurre egin zietelako kontu hori. Baina erromatarren garaia aztertzen hasten bazara, ikusten duzu juduek ezin izan zituztela erromatarren gudarosteak garaitu, Britainian ere erromatarrak nagusitu zirela... Euskaldunak izan ziren erromatarrei irabazi zieten bakarrak? Erromatarrek ez zuten onartzen menperatu gabeko gune bat, are gutxiago hau bezalako pasagunea. Mendiko gune batzuetan lehengo usadioei jarraituko zieten, aldaketa handirik gabe, baina argi dago erromatarrak hemen egon zirela, erromatarren bizimodua zabaldu zela eta latina mintzatu zela.
Erromatarren aurkako iritzia oso zabaldua dago Euskal Herrian. Zergatik?
Zaila da erromatarrena bezalako gizarte bat onartzea, hain boteretsua, hain indartsua, hain ondo antolatua, helburu bat prestatu eta hura lortu arte etsitzen ez zuena.
Oiassoren inguruko ikerketek eta museoak lagunduko dute iritzi hori aldatzen, erromatarrak beste begi batez ikusten?
Baietz uste dut. Baskoiek, barduloek eta abarrek tresna asko jaso zituzten hiri gisa dinamika historikoan mantentzeko . Erromatarren eragin hori beharrezkoa izan zuten hiri moduan irauteko. Erromatarrei esker, helduagoak egin ginen hiri gisa eta hiritar gisa. Idazten ikasi genuen, Ekialdea etorri zen hona eta horrekin batera, bertakoa ahaztu gabe, ate asko zabaldu ziren: beste pentsamendu bat, beste literatura bat...
Ikertzaile lanetan jarraitzeko betarik eta aukerarik utziko dizu museoaren zuzendari karguak?
Zuzendaritza taldea bi pertsonak osatzen dugu: Karmele Barandiaran gerenteak eta biok. Jestioari dagozkion lanez Karmele Barandiaran arduratzen da. Nire lana museoaren nortasun arkeologikoa sustatzea eta ikerketak bultzatzea da. Museoak izen ona lortzen badu, emaitza batzuk egon direlako lortuko du, eta horretarako, ikerketak beharrezkoak dira. Nik EHUko fakultatean eskolak ematen jarraitu dut, eta datorren ikasturtean ere jarraitzeko asmoa dut. Ikerketen bidez informazioa biltzen duzu, eta gero, hori zabaldu egin behar duzu, dela unibertsitatearen bidez, dela museoaren bidez. Azken batean, batera doa guztia, lan bat eta bera da dena: ikerketak egin eta ikerketen emaitzak zabaldu.
«Saiatu gara arkeologoon hizkuntzan izaten ditugun elkarrizketak edonorentzat ulergarri bihurtzen»
«Zaila da erromatarrena bezalako gizarte bat onartzea, hain boteretsua, hain indartsua»
Iruzkinak
Utzi iruzkina: