ERROMATAR INPERIOA ERORTZEAN NAHASMEN GARAIA BASKONIAN

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-03-11 09:49

2008ko martxoaren 11an BERRIAn argitaratutako artikulua da Erromatar inperioa erortzean nahasmen garaia Baskonian  eta Juan Jose Larreari, Historia irakasleari, elkarrizketa.

_______________________________________________________________________________

Lurraldea berrantolatu, eta antolaketa politikoa aldatu ziren, besteak beste, erromatar inperioa galdutakoan. Ikertzeko garai zaila da, material gutxi iritsi delako.

                                                                                            XAN HARRIAGUE

 

V. mendean erromatar inperioa bukatu zenean, aldaketa franko izan ziren Baskonia deitutako lurraldean. Inperioaren bertze hainbat lekutan bezala, nahasmena ekarri zuen, lurralde antolaketaren birmoldatzea, antolaketa politikoaren aldaketa eta legez kanpoko jardueren garatzea. Historiaren ikuspegitik, garai iluna da, XXI. mendera idatzi gutxi iritsi direlako eta arkeologiaren emaitzak oraingoz urriak direlako. Erran batzuk nahiko argiak dira, bertze batzuk ondorioak eta kasu batzuetan aieruak baizik ez.

IV. mendean inperio erromatarra sendoa zen. Ekonomiak eta demografiak beherantz jarraitzen bazuten ere, III. mendeko krisitik altxatu zen, eta egoera politikoa kontrolpean zegoen, arazo larririk gabe. Germaniarrak mugetan zeuden, baina garai hartan ez ziren hain arriskutsuak. Juan Jose Larrea EHUko irakasle eta historialariak zehazten duenez, garai horri buruz oso informazio guti dago. «Lasaia izanik, IV. mendeko Baskoniari buruz guti idatzi zen. Bigarren dibisioko lurraldea zen mugetik urrun, eta botere politiko militarrik ez zen, balio ekonomiko zein estrategiko handiko eremua ez baitzen».

Gizaki gehienak hirietan bizi ziren, Euskal Herriaren kasuan, Pompaelo-n (Iruñea), Lapurdum-en (Baiona) edo Veleia-n. Horretaz gain, villak izaten ziren han-hemenka, gehienetan zelaietan, eta erraz lantzen ahal ziren lur eremuetan. Horren froga ditugu Ledeakoa, Faltzeskoa edo Arellanokoa. Larreak dioenez, horiek ikustea besterik ez dago inperioko goi klaseen presentziaz jabetzeko. «Jauregi ederrak ziren, handiak, mosaikoz apainduak, termekin eta berotze sistemekin bertzeak bertze. Aristokrazia lurjabearen bizimodua».

V. mendearen hasieran, aldiz, egoera guztiz aldatu zen. 406. urtean, germaniarrek Rhin ibaia zeharkatu zuten, eta Galia mendebaldera joan ziren. Hiru urte geroago, Orreaga pasatu zuten, eta Baskonian barna Penintsulako mendebaldera joan ziren bazterrak zakuratuz. Larreak dioenez, aldaketa bat-batekoa izan zen. «Ordu arte germaniarrak urrutiko gauza bat ziren, baina egun batetik bertzera gurean sartu ziren». Baskonian ez ziren gelditu, baina aukera aprobetxatu zuten lapurtzeko eta aberastasunak berenganatzeko.

Hortik aitzinera gauzak ez ziren sekula berdinak izan. Penintsulako mendebaldean germaniarrak zeuden, eta ekialdeak oraindik Erromaren agintepean jarraitzen zuen. Hau da Mediterraneo aldea eta Tarragonako probintzia (Ebro harana). Historialariak ohartarazten duenez, ez dirudi aldaketa handia izan zenik, germaniarrak ez baitziren gelditu, baina Baskoniaren kokapen geopolitikoa guztiz aldatu zen. «Inperioaren erdian zegoen lurraldea izatetik muga izatera pasatu zen, eta gainera hilzorian zegoen inperio batean. Gero eta arazo gehiago zituen. Ondoko urtean, 410. urtean, bisigodoek Erroma bera zakuratu zuten, eta kolpe morala ikaragarria izan zen».

Germaniarrak Baskoniatik pasatzeak ez zuen deus onik ekarri, bazterrak zakuratu, zituzten erreserbak hustu, herritarrak hil, baita esklaboak ehizatu ere. Baina Larrearen arabera, eragin handiena jendeak pairatu zuen, eta batez ere tokiko nagusiek. «Ordu arte karrera politiko baten egiteko famili handientzat inperioa zen esparrua eta Erroma helmuga. Baina V. mendearen hasieraz geroztik, germaniarrak inoiz baino hurbilago zituzten, eta lehen inperiotik zetozen babes militarra gero eta ahulagoa zen». Horrek aldaketa nabarmena eragin zuen aristokrazia probintzialaren botere estrategian. «Nagusitasunari heltzeko bertze baliabide batzuk bilatu behar zituzten, haien artean, germaniarrekin aliantzak gauzatzea, lurraldeko botere lokalen laguntza bilatzea, edo udal miliziak pribatuak bilakatzea. Egonkortasun politiko ezari krisia gehitu behar zaio. Demografiaren beherakada gero eta larriagoa zen, eta ekonomiari dagokionez, lehenengo gosealdi latzak gertatzen dira».



KRISI EKONOMIKOA. Ezaugarri horiek ikusita, garai aproposak ziren nahasmenerako. Botere oreka guztiak berrantolatu behar ziren, eta horren ondorioz, gatazkak biderkatu ziren. «Inperioa bukatzear zegoenean istiluak ugaritu ziren, eta bortitzenak bagauden erreboltak izan ziren segur aski». Inperioaren beste lurralde batzuetan gertatu baziren ere, Ebro haranean 441-454 artean egin zuten eztanda. Baskoniako populazioaren sektore batzuk ere tartean ibili ziren, Araceli-ko (Arakil) bagaudak agertzen direlako garaikide baten kronikan. Erromatar gobernuak goi mailako tropak bidali zituen erreboltak zanpatzeko, eta horrek erakusten du arriskutsu bihurtu zirela. Hirutan izan ziren militarki zanpatuak. Sustrai sakonak eta sostengu zabala zituen arazoak.

Zehatz-mehatz jakiterik ez badago ere, urte horietako gatazken zenbait eragileren artean krisi ekonomikoa zegoen, besteak beste abeltzainentzat estutasunak ekarri zituena hirietako merkatuak larriki murriztu zirenean. Menditar askorentzat lapurreta izan zen irtenbidea, hemen eta inperio osoan. Larreak zehazten duenez, «oso esanguratsua da, Kodigo Teodosiano izeneko erromatar lege bildumak askotan artzain eta lapur sinonimo gisa erabili izana. Bestalde, Santacaratik gertu, abelbidea gainbegiratzen zuen soldadu talde baten aztarnak aurkitu ziren duela gutxi. Horrek adierazten du eskualde horretako segurtasun eza». Horrez gain, inperioaren gaaltzearen bezperan, jakina da Baskoniako bideetako eta landa eremuetako bakea bermatzeko milizia lokalak zeudela.

Estatua deuseztatu zenean, legearen eta legez kanpokoaren arteko lerroa gero eta estuago bilakatu zen. Inperioko beste hainbat lurraldetan gertutakoa ikusita, baliteke miliziak lapurretan eta handikien interesen defentsan hastea. V. mendearen erdialdeko erreboltak ulergarriagoak dira, ezaugarri horiei gehitzen bazaizkie, germaniar zein erromatar armaden pasatzeak dakartzaten kalteak eta desertoreen kortejoak, populazioaren estutasunak eta egoera berrira moldatzeko tokian tokiko agintarien estrategiak.

Egoera «koktel» bat zela dio Larreak. «Germaniarren pasatzeak haustura eragin zuen, eta nolabait ordu arte kontrolpean zeuden tentsioek eztanda egin zuten». Villa aberatsen presentziak erakusten du erromatar munduan gertatu zen integrazioa, baina baita erromatar ordenak sortu zituen tentsio eta oposizio sozial eta politikoak ere, nagusien eta apalen artean, eta nagusien arteko lehian. «Baskonia eta erromatar inperio botereen puzzle bat bihurtu zen, puzzle mugikorra gainera».



ERROMATARRAK EZ ZIREN JOAN. Gaurko gizarteak konkistei buruz duen ideia kontuan hartuta, badirudi inperioa galdutakoan erromatarrek alde egin zutela, baina Larreak erraten duenez, ez zen hala izan. «Erromatarrak etorri egin ziren, baina ez zuten alde egin, ez, Baskonia erromatar munduan integratu zelako. V. mendean hemengo jendea erromatarra zen, Akitaniakoa, Betikakoa, Kartagokoa edo Egiptokoa bezala. V. menderako, erromatar hitzak ez zuen izendatzen Erroma hiriko edo Italiako jendea, baizik eta inperio osoko herritarra».

Erroman integratu izana Baskoniaren historiaren kapitulu nagusi bat da. Gaur egun Erromaren ondareaz pentsatzen hastean, askotan galtzadak baino ez datoz gogora. Baina, Erdi Aroaren atarian ia-ia dena zen erromatarra, etxegintza, legea, fiskalitatea, zeramika, erlijioa, txanponak, gobernu-modua, bandolerismoa eta esklabotza, bertzeak bertze. Ama hizkuntza zen erromatarra ez zen gauza bakarrenetariko bat. Bretainian bezala, erromatarrak heldu aurreko hizkuntzari eutsi zitzaion, gero euskara bilakatuko zen hizkuntzari alegia. «Baliteke gobernu esparruan latinarekin lehiatu ez zelako iraun izana, baina hori aieru bat besterik ez da, horren frogatzeko gauzarik ez baitugu».

 

«Prozesu historikoak ulertzeko denbora eta urruntasuna behar dira»

juan jose larrea - Historia irakaslea

Erromatarren garaiari buruz aurreko belaunaldiek baino gehiago dakigula dio Larreak. Ondorengoei ikertzen jarraitzeko bidea zabaldu zaiela uste du.

x. harriague



Juan Jose Larreak ongi ezagutzen du erromatar garaia. EHUn Historia irakaslea da, eta urteak daramatza arlo horretan lan egiten. Doktoretza tesia Okzitaniako Tolosan pasatu zuen, eta geroztik hainbat ikerketa burutu ditu.

Zertan oinarritzen zarete ikerketa horien egiteko?

Azken batean edozein diziplinatan bezala, dauzkagun materialak lantzen ditugu, hipotesiak kontrastatzen, eta ondorio batzuetara iristen gara. Zientzia guzietan bezala, ez dira egia osoak. Errate baterako, duela 100 urte atomoari buruz erraten zena eta gaur erraten dena aldatu da. Sortuko dira froga gehiago arkeologiak aldi oro berriak ematen dituelako. Gisa berean sortuko dira klabe berriak edo ikertzeko modu berriak, beti eskura izan ditugun testu zein aztarnak ulertzeko, eta orain erraten ari garena hemendik 10 urteren buruan zuzenduko dute edo zehaztuko. Adibidez, lehenago erraten zen dinosauroak odol hotzekoak zirela, baina orain badakigu batzuk odol berokoak zirela. Hezurrak ez dira aldatu baizik eta metodoak, galderak eta planteamenduak. Eta historian gauza bera gertatzen da. Horrek ez du erran nahi historia kafetegiko tertulia bat denik. Erraten diren gauzak frogatu behar dira, arrazoiak eman, frogak erakutsi eta gainerako adituen eskura ipini. Eztabaidak maiz izaten dira historialarien artean. Hainbat gauza ziurtasunez dakizkigu, zientzian gauzak ziurtasunez jakin daitezkeen neurrian. Baina zenbait arazorentzat oraingoz zantzuak edo froga partzialak baino ez ditugu, eta hor zabaltzen da eztabaidarako esparrua. Historialariok badakigu non murgiltzen garen, baina egia da, eta gure akatsa da, batzuetan ez garela gauza jendeari hau transmititzeko, eta horrela hedatu da ideia kaltegarri bat, alegia historian dena iritzi kontuak direla. Adibidez, euskararen bilakaeraren inguruan, Behe Inperioko eta lehen Goi Erdi Aroko hizkuntzari buruz diogun gehiena aieruak dira. Horretarako zantzuak baino ez ditugu, eta, beraz, gure artean eztabaida dago. Historialarien iritziak dira. Eta hala izaten jarraituko dute arazoari nondik heldu aurkitzen dugun arte.

Material horiek zeintzuk dira?

Garai zaharreko gelditzen direnak bi eratakoak dira nagusiki, erregistro materiala eta erregistro idatzia. Materiala arkeologikoa da, adibidez, Euskal Herriko Goi Erdi Arorako, Aldaietako nekropolia. Batzuetan aurkikuntza berriak egiten dira, baina bertze batzuetan, aspaldiko gauzak berraztertzen ditugu, eta ondorioak aldatzen. Bestalde, badugu erregistro idatzia. Horiek garai horretako testuak dira, eta informazioa ematen digute garai horiei buruz. Lehena mugaezina da, eta noiznahi berrikuntzak izaten ditugu; bertzea, aldiz, mugatua da, baina irakurketa egiteko era aldatzen denez, gauza berriak lor ditzakegu.

Etorkizunean gehiago jakinen da?

Orain XIX. mendean baino askoz gehiago dakigu. Noiz ezagutzen da gehien Bigarren Mundu Gerra, orain edo lehen? Orain zientifikoki gehiago dakigu, nahiz eta bere garaian lekuko gehiago izan. Lekukotasunek ikerkuntzarako gaia ematen dute, baina prozesu historikoak ulertzeko denbora behar da, baita urruntasuna ere. Erromatarren garaiei buruz, guk aurreko belaunaldiak baino gehiago dakigu, eta hurrengo belaunaldiek guk baino gehiago jakinen dute. Zergatik? Batzuetan bide ona jorratuko dugu, eta, beraz, ondokoek hortik jarraituko dute lanaren zati bat egina izanen delarik. Bertze batzuetan bide txarra hartzen dugu, eta ohartuko gara hipotesiak ez duela funtzionatzen. Baina hori ez da denbora galtzea, ondokoek jakinen baitute ildo ona hortik ez doala. Okerrean edo onean belaunaldi bakoitzean aurreratu egiten da. Hanka sartuz ere laguntzen diezu ondorengoei. Hori historian, biokimikan bezala.


Utzi iruzkina: