ERROMATAR GARAIKO UPELTEGI BIKAINA
Arellanoko Musen etxalde erromatarra jendearentzako zabalik jarriko dute gaurtik aurrera
alberto barandiaran
Arellano
Euskal Herrian agertutako mosaikorik ederrenetakoa kasualitateari esker kontserbatu da Arellanon (Nafarroa). Kristo ondoko I. mendetik IV.a bitartera etxalde garrantzitsua izan zen egun Musena deitzen den eraikina, baina suak hartu eta sabaia goitik behera erori zenean, ahanzturak eta sasiek lurperatuta geratu zen. Horri esker, eta sabaiaren teilek aterpe aparta eman ziotelako, zortzi musen inguruko alegoria bikainak argia ikusi zuen berriro XIX. mendean, goldeak harriekin topa egin zuenean. Mosaikoa berehala jaso eta Madrilgo Arkeologia Museora eraman zuten agintariek. Han dago orduz geroztik.
Gaurtik aurrera, nolanahi ere, haren erreprodukzioa ikus daiteke, non, eta Arellanon bertan, Musen etxaldean. Haren ondoan, Attis eta Cibelesen mitoa irudikatzen duen 90 metro koadroko beste mosaiko eder bat. Orobat, inguru honetan guztian hobekien kontserbatutako upeltegia, tartean 15 pegar handi.
Emaitza ikusgarria da: nekazaritza etxalde handiaren lekukotasunak eta sendi aristokratiko baten bigarren etxearen edertasunak, biak batera erakusten dituen aztarnategi erromatar garrantzitsua.
Arellano da, Andelos eta Veleiarekin batera, Euskal Herriko aztarnategirik garrantzitsuenetakoa, erromatarren garaiko lekukotasunei dagokienez. 2.411 metro koadro hartzen ditu denera, eta bereziki aipagarria da ardoaren inguruan duela bi mila urteko datu asko ematen dituelako.
Indusketak 1988an hasi ziren, eta hamahiru urteko lanari esker, Maria Angeles Mezkirizek aurkitutakoaren gaineko liburua kaleratu zuen 2003. urtean. Orain, jendearendako zabaldu eta bisitatzeko moduko museo gisa prestatu du Nafarroako Gobernuak.
ETXE ARISTOKRATIKOA. Bi mosaiko aipagarriak IV. mende ingurukoak dira. Etxaldeak bere nekazaritza izaera galdu, eta hiriko jauntxoen bigarren etxea bilakatu zenekoak. Bi mosaikoen gaiek -aspaldiko mitoen irudikapena eta kultura eta arteari erreferentzia argiak-, jabeen izaera aristokratikoa erakusten dute.
Ardogintzarekin lotutako eraikinak eta objektuak, berriz, I. mendekoak dira. Upeltegia, cella vinaria, 28,5x7,10 metroko gela laukizuzena da. 60 bat ontzi aurkitu dira, haietarik hogei bat, 800 litro inguruko dolia-k, pegar handiak. Egun, hamabost bat ikus daitezke, baina beste hainbeste osatzen ari dira, eta laster jarriko dituzte aztarnategian. Bitxikeria gisa, oinarrien inguruan aurkitutako zeramikazko edalontzi txikia, ardoa dastatzeko erabiltzen zena.
Kristautasunaren zabaltzearekin batera, aurreko sinesmenak hiritik kanpoko etxalde honetara mugatzen joan ziren, eta Musen etxearen kanpoaldean, taurobolio bat aurkitu da, hau da, zezenarekin lotutako errituak egiteko aldare paganoa. Indusketek behiaren familiako animalien hezur eta hondar ugari azaleratu dituzte.
BERRIA, 2008ko martxoaren 19a
Pegarrak eta Musen mosaikoa
Iruzkinak
Utzi iruzkina: