EPIKTETOREN ENKHIRIDION IKASBIDEAREN ITZULPENA ARGITARATU DUTE

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-02-13 11:03

2008ko otsailaren 13ko BERRIAn argitaratu da:

EPIKTETO ETA KIERKEGAARDEN LIBURU BANA ITZULI DUTE EUSKARARA 

EHUk argitaratu ditu 'Enkhiridion' ikasbidea eta 'Diapsalmata' aforismo sorta, Limes bilduman

Juan Luis Zabala

Epikteto filosofo estoikoen eskolako pentsalariaren (55-135) Enkhiridion (eskuliburua) ikasbidea eta Soren Kierkegaard filosofoaren Diapsalmata aforismo sorta argitaratu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak, Limes bilduman. Ignacio Usabiaga Sukiak euskaratu du Enkhiridion (eskuliburua) , eta Juan Mari Mendizabalek Diapsalmata.

Epikteto esklabo bizi izan zen bere bizitzaren urte gehienetan, Erroman. Behin liberatuta, Greziako Nikopolis hirian bere eskola sortu eta erromatar patrizio asko bertara erakarri zituen, besteak beste, Flabio Arriano, Adrianoren garaian itzal handiko historiagile bilakatu zena.

Enkhiridion (eskuliburua) Epiktetoren ikasbidea da. Pasarte laburrez osatua dago liburua, eta norberaren ezagutzea eta bertutea praktikatzea aldarrikatzen dira liburuko testuetan, ataraxia (aztoramen gabetasuna) eta apatheia (sentimendu gabezia) printzipioetan oinarrituta; hots, azaleko itxuraz harago, arrazoizko ekite onberak gidaturik, halabeharrak ezarritako patua onartzea.

Soren Kierkegaarden (Kopenhage, 1813-1955) Diapsalmata liburuak, askatasun handiz idatzitako liburua izaki, egilearen pasioa, sentiberatasuna eta irudimena uzten ditu agerian.

KIERKEGAARDEN BIGARRENA EUSKARAZ. Aurretik, Kierkegaarden beste liburu bat ere bada euskaraturik: Seduzitzaile baten egunkaria (Pentsamenduaren Klasikoak, 1994). Liburu hori ere Juan Mari Mendizabalek euskaratu zuen.

Limes bildumako zazpigarren eta zortzigarren liburuak dira, hurrenez hurren, Enkhiridion (eskuliburua) eta Diapsalmata. Aurreko sei liburuak honako hauek dira: Ernes Renanen Zer da nazioa?, Zizeronen Errepublika, Thomas Hobbesen Herritarra, Dideroten Rameauren iloba, Erasmoren Otordua eta Jean-Jaques Rousseauren Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia.


Utzi iruzkina: