1877an, Olinpoko Heraren tenploan miatzen ari ziren gizon batzuek marbrezko
fragmentu handi bat atera zuten lurretik: Hermes, Dionisos haurra besoetan.
Gertakizun hori baino anitz mende lehenago, Pausanias historialariak estatua
hori bera ikusi omen zuen leku berean, garai hartan zutik eta oso, eta zioen
Praxitelesen lanetarik zela. Gaurko arkeologoek, ordea, estatuaren egoera
materiala azterturik diote, ezetz, ez daitekeela Praxilesena izan. Bertze
batzuek aldiz, estatua hori dela Pausaniasek ikusi zuenaren kopia diote,
loriagarria hori bai, baina erromatar garaiko eskultore batek egina... ez
Praxiletesek... Antikitateko iturriek diote Praxitelesek anitz emazte potret
eta jainkosa itxura zizeldu zituela bere bizian, plegudunezko arropa luzez
beztituak, baina hor ere, ezin erran hark eginetarik gelditzen zaigunik.
Erromatar eskultore batek omen Praxitelesi kopiatu zion «Satiroa pentsalari»
gustatzen zait: satiro gazte bat da, mutil gazte baten itxurakoa salbu
belarriak punttadunak dituela. Buruaren inguruan, xingola zabalsta bat eta
goraxago bertze bat meharra. Kopetan kokaturik, loreak. Aulu-Gellek, bere Noctes
Atticae-n, zioen, Marcus Terentius Varroren erranak zitatuz, «den mendreneko
jende ikasiak badaki nor zen Praxiteles, hain zen handia haren sortzeko
dohaina». Hartaz gauza guti dakigu: Atenako hiritartasuna zuela, Jesukristo
baino 400 bat urte lehenago sortu zela, brontzea eta marbrea zizeldu zituela.
Eta Phryne maite zuela. Haren gorputz ederra marbrean zizeldu zuela. Hura zela
Cnideko Aphrodita. Baina, haren estatuak desagertu ziren aspaldi. Estatuen
oinarriak gelditzen bakarrik. Praxitelesen sinadurarekin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: