DEMOSTENES, POLITIKARI USTELEN AITZINDARI
Nagore Irazustabarrena
ARGIA, 2014-11-16Atenas, K.a. 384. Demostenes jaio zen, Atenasko politikari garrantzitsua eta historiako hizlari nabarmenetakoa. Bere karrera distiratsuan, ordea, itzalak ere izan zituen, Aulo Gelio idazleari jaramon eginez gero behintzat. K.o. II. mendeko erromatar idazleak, Noctes Atticae (Gau atikarrak) lanean, Cristolao greziar filosofoari egozten zaion kontakizun bat jaso zuen, Miletoko enbaxadoreen eta Demostenes hizlariaren historia izenburupean. Kontakizunak dio behin Mileto hiritik diplomazialari talde bat Demostenesgana joan zela, laguntza eske eta estatu kontu bat azaltzera.
Miletoarren alde hitz egiteko kontratatu zituzten abokatuen azalpenak entzun ondoren, Demostenesen erantzuna gogorra izan zen; Miletoko herritarrek ez zuten merezi inolako laguntzarik. Bileraren norakoa ikusirik, elkarrizketari berriro biharamunean heltzea erabaki zuten.
Hurrengo bileraren zain egon gabe, gau hartan bertan, Miletoko ordezkariak Demostenesen etxera joan ziren, politikariari biharamunean miletoarrei buruz gaizki esaka jarraitu ez zezan eskatzeko. Bisitarien nahia betetzeko baldintza ekonomikoa jarri zuen Demostenesek; enbaxadoreen eskatutakoa ordaindu zioten atenastarrari, hark ezer txarrik esango ez zuela hitzeman ondoren.
Eta hitza bete zuen, modu bitxian izan bazen ere: lepoko luze bat lepoan bilduta azaldu zen bilerara –beste iturri batzuek diote burua kapa batez estalita zeramala– eta eskuaz ahoa estali zuen, anginen erruz hitz egiteko gai ez zela adierazteko. Bertaratutako guztiek ez zuten aitzakia faltsua sinetsi eta baten batek aurpegiratu zion anginak ez zirela benetan hitz egiten uzten ez ziotenak, isilik egoteagatik jasotako zilarrak estutu ziola eztarria.
Kontakizuna ez da hor amaitzen. Beste egun batez Desmostenesek Atenasko Aeistodemo aktorearekin egin zuen topo. Politikariak emanaldi jakin batengatik zenbat diru jaso zuen galdetu zion eta tragedietako aktore ezagunak “talentu bat” erantzun zion. “Bada nik, askoz gehiago jaso nuen isilik egoteagatik”, erantzun omen zion Demostenesek.
Horrenbestez, zuzentasunagatik nabarmendu zen politikaria historiako lehenengo ustelkeria kasuetako baten protagonista izan zen.
Egia esan, Aulo Geliok berak Noctes Atticae lanean bertan jasotzen duenez, Kaio Senpronio Grakok oso antzeko historia –historio berbera ez bada– kontatu zuen beste politikari atenastar bati buruz, Demadesi buruz. Demadesek ez zuen Demostenesen osperik, politikari traidorea eta eskrupulurik gabea zen garaikideen begietan. Orduan, posible al da izenak nahastea eta Demostenes ustez garbiari Demades ustelaren bekatua egotzi izana? Esperientziaren arabera, posibleagoa da biak ustelak izatea.
Demostenesena idatziz jasotako ustelkeria kasurik zaharrenetakoa da, baina horrek ez du esan nahi lehenago jaso gabekorik izan ez zenik. Ziurrenik Demostenes ez zen lehena izan. Eta, esan beharrik ez dago, azkena ere ez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: