DELFOS, IRAGARRI GABEKO ETORKIZUNA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-11-13 15:51
1

Nagore Irazustabarrena,  (ARGIA, 2008/XI/16)

Kastri, Grezia, 1893. Herrixka horren azpian Delfoseko arrastoak industen hasi zen espedizio frantziar bat. Antzinako Greziako gune erlijioso eta politiko nagusietakoa zena, indusketa arkeologiko ikusgarrienetakoa bilakatu zen orduan.

Erromatar inperioak behin eta berriro arpilatu zuen Apoloren jaioterria eta, azkenean, Teodosioren garaian (K.o. IV. mendean), Delfos historiatik desagertu zen. Hamabost mende geroago, frantziarrek kostata lortu zuten orakuluaren hiria argitara itzultzea.
Izan ere, aztarnategiaren maila arkeologikoetara iristeko, Kastri herrixka desagerrarazi behar zuten lehenago. Soilik Frantziako gobernuaren erabaki batek ahalbidetu zuen hori; 1891n 400.000 liberako kreditua –kopuru izugarria garai hartan– onartu zuten
Kastriko biztanleei ordaindu beharreko kalte-ordainak berdintzeko.

Herrixka suntsitu eta gunea trenbidez josi zuten, milaka metro kubiko lur eta hondakin handik eramateko bide bakarra zelako. Ehunka greziar langilek jardun zuten Eskola Frantziarreko kideen aginduetara, aztarnategia prestatzeko. Baina azkenean, indusketak itxaropenik baikorrenak gainditu zituen.

Indusketa lanek Via Sacra delakoaren bidea egin zuten, hots, Delfosera iristean beilariek egin ohi zuten bidea. Berehala eraikin txiki bat topatu zuten, atenastarren altxorra. Ondoren, Sifnioen altxorra, antzokia eta Apoloren tenplua agertu ziren, eta horietan hainbat eskultura, besteak beste, Delfoseko brontzezko auriga ezaguna. Azkenik, aztarnategiaren goiko aldean estadioa topatu zuten eta Apoloren tenplutik gertu, beste santutegi bat, egun Atenea pronaia izena duena.

Via Sacra bazterreko hormatan, estatuen oinarrietan, aztarnategi osoan barreiatutako harri zatietan, edonon inskripzioak topatu zituzten arkeologo frantziarrek, gehienak Apolori eskerrak emateko bisitariek idatziak. Beste batzuek egun oraindik guztiz interpretatu ez diren musika notak zituzten. Azken batean, Delfos harrizko liburua bailitzan zabaldu zitzaien.

Frantziarrek museo bat eraiki zuten bertan eta, zabaldu eta berehala, 1903an, ekitaldi ospetsu baten bidez, aztarnategi osoa greziar agintarien esku utzi zuten. Lagapena bidezkoa eta logikoa izanagatik, ezohikoa zen. Eta ezohikoa da oraindik. Baina behintzat Delfoseko altxorrak hantxe daude, eta ez Mendebaldeko museo eta enkante-etxeetan barreiatuta. Alegia, ez da orakuluak aurreikusiko zukeen etorkizunik txarrena.

perikles

perikles 2009-02-05 20:31 #1

gero diozunez ez garela sartzen ta ia ke te lo as kurrao zerbait idatziko dizut, ikus dezazun latina ikasten egon beharrean hemendik bueltaka nabilela. ut ne cum quod ppio infinitibo... ze nolako zorabioa... banoa laatina ikastera!<br>


Utzi iruzkina: