Cincinnatusetik Cincinnatira

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 18:03

  • Erroma, K.a. 458. Lucius Quinctius Cincinnatus (K.a. c. 519-c. 430) erromatar patrizioa lasai eta xume bizi zen bere etxaldean, lurra lantzen. Baina urte hartan, ekuoek erromatarrak eraso zituztenean, erasoa jasan zutenek Cincinnatusengana jo eta jarduera publikora itzultzeko eskatu zioten: diktadore izendatu zuten.

ARGIA, 2018ko otsailaren 11
  
Cincinatti 1802an, herria beste izen batez (Losantiville) sortu eta 14 urtera. Mende erdi inguruan 150.000 biztanle izatera iritsiko zen. (Arg.: UC Libraries)
Cincinatti 1802an, herria beste izen batez (Losantiville) sortu eta 14 urtera. Mende erdi inguruan 150.000 biztanle izatera iritsiko zen. (Arg.: UC Libraries)
 

Garai hartako legeen arabera, diktadoreak sei hilabetez botere absolutua zeukaten funtzionarioak ziren eta garairik zailenetan izendatzen zituzten erabakiak hartzeko prozesua ahal zen neurrian arintzeko.

Izendapenaren berri jaso zuenean, goldea utzi, forora jo, ejertzitoa bildu eta gudu-zelaira abiatu zuen. Ekuoak menperatu eta berehala, karguari uko egin zion, erabateko boterea  behar baino gehiago erabili gabe, eta etxalde lasaiera itzuli zen. Edo horixe dio kondairak, behintzat. Erromatar Errepublikaren lehen urtetan jardun zuen Cincinnatusek, baina ospea Inperioaren garaian iritsiko zitzaion, diktadore laburra boterea gehiegikeriarik gabe erabiltzearen eredu bihurtu zutenean.

1783an, AEBen Independentzia Gerra amaitu zenean, gatazkan aritutako militar asko zer egin eta nola jokatu ez zekitela geratu ziren. Horietako batzuek Cincinnatien Elkartea izenekoa sortu zuten. Izena erromatar diktadorearen omenez aukeratu zuten, eta izaeran ere haren antza izan nahi zuten. Gudu-zelaian egin beharrekoa eginda, ez zuten militarrek bake garaian jarduera politikoan eraginik izatea nahi; Cincinnatusek egin bezala, bizimodu zibilari heldu nahi zioten. Eta, hala, gerra kontuak utzi eta lursail berriak lantzeari nahiz herri berriak fundatzeari ekin zioten cincinnatiek.

Ondorioz, Appalacheetatik mendebaldera gerora oso garrantzitsuak izango ziren herriak sortu edo zeudenak sustatu zituzten, hala nola Pittsburgh, Pennsylvanian.

Ohio ibaiaren ertzean, 1788an John Cleves Symmesek herrixka bat fundatu zuen, Losantiville izenekoa. Hurrengo urtean Fort Washington gotorlekua ipini zuten herrian eta beste urtebete geroago, 1790ean, Arthur St. Clair iritsi zen Losantivillera. Gerran jeneral eta maior izana, Cincinnatien Elkarteko presidente zen St. Clair herrira iritsi zenean, izena aldatzea erabaki zuen eta Cincinnati deitu zion, elkartearen eta, jakina, erromatar patrizioaren omenez.

Baina izena ez da Cincinnatik Erromarekin duen lotura bakarra. Ezagunak dira antzinako inperioko hiriburuaren zazpi muinoak; bada, Cincinnatik ere beste hainbeste muino ditu eta, horregatik, “zazpi muinoen hiria” ere esaten diote.

 


Utzi iruzkina: