BIZKAIKO URDULIZEN "AB UNO DISCE OMNES"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-12-13 19:11

Zuzendariari

BERRIA, 2009-III-29

Esaldi osoa «Accipe nunc Danaum insidias et crimine ab uno disce omnes» (Virgilioren Eneida 2, 65-66) da, Santi Onaindiak -Bergili-ren idazlanak osorik, (1966 Bilbo)- honelaxe itzulia: «Konturatu zaitez grekoen amarruez, eta bakar baten gaiztakeriagatik ezagutu itzazu guztiak».

Oso ezaguna da ab uno disce omnes zatia. Eta hona hemen misterioa: Urdulizko Abeletxe abizenaren armarriko leloa horixe berori dela.

Nondik datorren galdetzen ari zara? Troiako gerra ostera jo behar genuke, Virgiliok printzipioz asmatutako gudu horretara. Izan ere, grekoek hiria hartu zutenean, Aeneas printzeak ihes egitea lortu zuen, Kreusa bere emazte eta Priamo aitarekin. Bere intentzioa: Troia berri bat eraikitzea, azkenik Erroma izango zenaren aitzindaria. Zazpi urte eman zituen ihesean, eta emaztea eta aita bidean galdu zituen.

Horiek horrela, Eolok eta Neptunok Afrikara zuzendu zuten. Bertan, Dido erregina erreinu handia eraikitzen ari zen, eta Troiako printzea txundituta geratu zen.

Noski, bera zenaren tratua jaso zuen: printze batena. Eta Dido erreginak Troiako erorialdiari buruzko gorabeherak kontatzeko eskatu zionean, honela hitz egin zuen Aeneasek: «Erregina, gainbehera honetan grekoen amarruak, eta ez indarrak, izan ziren nagusi. Gure ateetan zurezko zaldi erraldoi bat utzi zuten, 'fera feta armis'. Gero, haien aktore Sinon harrapatu genuen. Haren gezurrak, malkoez estaliak eta erruki eske, gure soldaduak hunkitu zituen, eta zaldia opari bat zela esan zien, baita bera ihesean ari zela grekoengandik. Grekoak erretiratu zirela zioen».

Aeneasek arnasa hartu zuen, eta erreginari begietara so eginez jarraitu zuen: «Entzun orain, Erregina, Danaotarren (grekoen) iruzurrak, eta gaiztakeria bakar batetik ezagutu itzazu guztiak». Ab uno disce omnes. Bai, jauna.

Zergatik Abeletxeren armarrian esaldi hori? Agian, Abeletxe bakar bat ezagutuz guztiak ezagutzen dituzula?

Ibai Idoeta.

Bilbo.


Utzi iruzkina: