BASKOI ETA BARDULIARREN ERROLDA EGIN ZUEN ERROMATARREN HILARRIA AURKITU DUTE
Baskoi eta barduliarren errolda egin zuen erromatarraren hilarria aurkitu dute
Xuban Zubiria
ARGIA, 2013-06-04Mocconio Vero tribunoak 24 hiri barduliar eta baskoien errolda egin zuen K.o I edo II. mendean. Euskara Jendea elkarteak bere hilarria aurkitu du Louvreko biltegi batean galduta, eta bertan idatzita dagoenak erakusten du egungo euskal lurraldean bizi ziren tribuak erromatar administraziopean zeudela. Aspaldi gainditutako euskaldunen isolamenduaren mitoa ezeztatzen duen beste froga arkeologiko bat da beraz.
Erromatar garaiko euskaldunen bakartasunaren mitoa hausten duen beste froga historiko bat dugu. Lehendik ezaguna zen inskripzio hau, baina, bere kokapen fisikoa ez zen ezagutzen. Aurkikuntza Frantzian egin da, Euskara jendea dokumental bilduma egiteko bidean burutu diren aurkikuntza eta dokumentazio lanen baitan. Louvre museoaren menpeko biltegi batean aurkitu dute, Saint Deniseko hangar batean
Aurkikuntzaren garrantziaz jabetuta, Irunen dagoen Oiasso erromatar museokoa den Mertxe Urteagak, hilarria bertaratzeko eskaria egin du jada eta negoziazioak martxan daude, eta bide batez, “euskara jendea” dokumentaleko kideak zoriondu ditu egindako aurkikuntzagatik.
Inskripzioak, I edo II. mendean Mocconio Vero tribunoak Leongo VII. legioan zegoelarik egindako 24 hiri baskoi eta barduliarren erroldaren berri ematen digu. Urteagaren esanetan, honek demostratzen du barduliarrak eta baskoiak erabat txertatuta zeudela antolamendu erromatarrean.
Aditu batzuen arabera Mocconio Verok erroldatutako 24 hiri horiek, Ptolomeok bere Geografia liburu historikoan aipatzen dituen berberak lirateke.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: