ARDITURRIN ALTXORRA AURKITZEKO PREST

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-02-03 12:45

 

Meategi ikusgarriak edonork bisitatzeko modua izango da laster Arditurrin. Hilabete inguruko lanak falta zaizkio Oiartzungo Udalari tokia behar bezala egokitzeko.

                                                               Irune lasa, BERRIA, 2008-01-30

                                                               Oiartzun

Gizakiaren eta naturaren artean gerrarik bada, Arditurriko meategiak gudu horren fronte izan dira mendeetan. Granitozkoa da Aiako Harria-Bianditz mendigunea, Euskal Herriko granitozko azaleratze bakarra. Eta haren bihotzean altxorra dago.

Aurretik, Burdin Aroan, ustiatu zutela uste da; baina aztarna zaharrenetan erromatarrak ageri dira altxorraren bila Arditurriko meategietan, zilarrezko altxorraren bila. Haiek eta haien ondorengoek 15 kilometro luzerako hobiekin zulatu zuten mendia, eta egun zuzen-zuzen funtzionatzen duen ingeniaritza obra ikusgarria egin zuten ura ateratzeko eta lehorrean aritzeko errekaren mailaren azpian egonda ere.

Erdi Aroan ere altxorraren bila jarraitu zuen gizakiak, burdina ateratzen baina laster utziko zuten meategia. XVIII. mende amaieran Johann Wilhelm Thalacker ingeniari alemaniarra iritsi zen arte, zilar eta berun bila. Erromatarren garaiko 42 galeria eta 82 putzu topatu zituen.

1800. urte ingurutik aurrera, dinamitarekin egin zuen gizakiak harriaren aurkako gerra Arditurrin, eta askotan erromatarrek zulatutako lekuetan are zulo handiagoa egin zuen mineral bila. 1980an aire libreko meatzaritzari ekin zitzaion, lau urte eskasetan milioika hondakin tonako mendiak sortuz. Eta 1984an amaitu zen mineral erauzketa Arditurrin, Real Compañia Asturiana de Minasek bere jarduera bertan behera utzi zuenean.



GRUYERE GAZTA. Altxorra, alabaina, hor dago, eta ez da minerala. Meategia bera da. Izadiaren eta gizadiaren arteko borroka lekua. Aiako Harriaren ikuspegi pribilegiatuaz gain, dinamitak eraldatutako lurrazalaz gain, mendia gruyere gaztaren moduan zulatzen duten 40 kilometro galerien labirintoa bera.

Eta altxorraz gozatzeko erraztasun gehiago izango da laster Aste Santu ingururako nahi dute-eta guztia prest izan Oiartzungo Udalekoek. Jende guztia, ezinduak barne, meategian sartu ahal izateko pasabidea, esaterako, amaituta dute. Sentsazioz betetako 200 metroko ibilbideak askorako emango du mendiaren barrunbeetan. Gizakiak egindako zulo eta galeria ikusgarriak, mendia behera ez etortzeko utzitako zutabetzarrak... Erromatarren garaiko aztarna batzuk ere ikusten dira.

Kanpoan, meategietako laborategia interpretazio-harrera etxea bihurtu dute, azken teknologiak erabiliz, bisitariei abegi egiteko. Hara iristeko errepidea asfaltatzen ere ari dira. Hori bai, aparkalekua meategi sarreratik 300 bat metrora egokitu dute, eta meategirainoko bidea oinez egin beharko da. Ergoien auzoa pasatu, eta Aritxulegira iritsi aurretik ezkerretara hartu behar da errepidea. Dena den, bide gorria -meategiko trenbidea baliatuz egindakoa- erabili eta goraino oinezko ibilaldi ezin ederragoa egin daiteke dagoeneko.



IBILBIDE LUZEAGORAKO AUKERA. Pasabidetik meategia ezagutzea aspergarria izan daitekeela uste duena oker dago. Dena den, Oiartzungo Udalaren egitasmoa ez da horretan gelditzen. Uda ingururako galerietan barna, modu seguruan eta gidari batekin, 800 metro inguruko ibilaldia egiteko modua prestatuko du. Lehen fasean zabalduko den pasabiderako bisitan hogei laguneko talde txikiak hartuko dituzte, baita pasabidetik kanpo egingo den ibilaldietarako ere.

Lan guztiak ingurunea ahalik eta gehien errespetatuz egiten saiatu dira, baita aztarnak aztertzen jarraitzen duten arkeologoen lana ere. Arditurriko meategiak eta haiek hartzen dituen parke naturala altxor moduan zaindu behar dira eta.


Utzi iruzkina: