ARDITURRIKO MEATEGIAK ERROMATAR INGENIARITZAREN LEKUKO

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-03-02 12:41

Aiako Harria Natur Parkearen magalean dauden meategi erromatarrak egokitzeko proiektua aurkeztu dute Oiartzunen.

                                                                                     iñaki gurrutxaga

                                                                               BERRIA, 2007-III-01

Aiako Harriak mendiaren barrunbeak zulobidez beteta daude. Bi gizaldi gutxienez badira meatzariak lurpeko eremu horiek ustiatzen hasi zirela, barrunbe horietan dozenaka kilometroko galeriak eraikiz. Hango pasabideetan murgiltzea denboran atzera egitea bezalakoxea da. Horixe frogatu ahal izan zuten atzo Oiartzungo Arditurriko meategietan barneratu ziren politikari eta kazetariek.

Martin Beramendi Oiartzungo alkateak aurkeztu zituen Arditurriko meategietan egiteko asmotan dabltzan lanak, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua eta Rafael Uribarren Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa eremuko diputatua lagun zituela. Bisitariak meategian barneratzeko sarbide erosoago bat egingo dutela adierazi zuen. Horrez gain, galeria egonkortzeko lanak egingo dituztela eta galeria argiztatuko dutela nabarmendu zuen.

Garai batean meategiko laborategia izan zen eraikinean, berriz, Arditurriko meategien Interpretazio Gunea eraikiko dute. Egun erabat hondatuta dago eraikin hori. Parketxe izaera izango du, eta meategiaren atarian bertan dago. Beramendi alkatearen esanetan, Aiako Harriak Natur Parkeari bultzada berri emateko egin dute proiektua, inguru horrek duen natur eta arkeologia balioa uztartuz. Paraje horren harribitxiak, baina, lurpean daude: Erromatarrek mea ateratzeko eraikitako zulobideak.



THALACKER-EN TXOSTENA. Litekeena da erromatarren aurrekoak meategi horietan lanean aritzea mea ateratzen. Hori ustea da. Frogatuta dagoena da erromatarrak bertan aritu zirela lanean I. mendean. Arditurriko eskualdeak Erromako inperioan zeukan lekua zehaztea lan nekeza da. Paperean jasoak dauden lehen erreferentziak 1804. urtean idatzi zituen Johann Wilhelm Thalacker ingeniari alemaniarrak. Espainiako Errege-Kabinenetarako lan egiten zuen, eta natur historia biltzea zuen helburu.

Thalacker-ek idatzitako txostenaren arabera, Arditurriko meategietan lurpeko pasabide sakonak zeuden, eta zulobide horiek erabiltzen zituzten meatzariek minerala ateratzeko. Gizon jakintsua zen alemaniarra halako kontuetan, eta Arditurrikoa oso meategi garrantzitsua zela ondorioztatu zuen. Hala ere, inork gutxik egin zien jaramon haren esanei.

XX. mendearen hasieran, 1905. urtean, Francisco de Gaskue izeneko ingeniariak Arditurrin 15 kilometroko galeriak zeudela idatzi zuen artikulu batean. Bi aditu horiek egindako lana erreferentzia modura hartuz, Arkeolan ikerketa arkeologikoko taldea eta Felix Ugarte elkarteko espeleologo taldea Arditurriko meategietan sartu-atera asko egiten aritu da azken urteetan, eta haiek izan dira Thalacker-ek idatziak egiazkoak direla frogatu dutenak.



DRAINATZE-SISTEMA BEREZIA. 2005eko ekainean iritsi ziren bi elkarte horietako ordezkariak iritsi nahi zuten lekura. Jakin bazekiten Arditurriko meategietan zulo handi bat bazela, eta haraino heldu ziren. Aurkitutakoa erromatarren garaiko meatzeetako drainatze-sistema berezi bat zela nabarmendu zuen orduan Mertxe Urteagak, Arkeolan zentroko zuzendariak. Urteagaren esanetan, etruskoen teknologiaz baliatuz eraiki zuten drainatze-sistema hori erromatarrek. Europan horrelako aurkikuntza gutxi egin direla adierazi, eta aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu zuen.

Meatzeetako zuloak lehor mantentzeko, erromatarrek drainatze-sistema bereziak zituztela ikusi dute arkeologoek. Instalazio horien egoera eta helburuak zein diren kontuan hartuz, lan horien atzean Erromako enperadoreren bat egongo dela iritzi diote. Urteagaren ustez, drainatze-sistemek Irundik gertu aurkitutako Oiasso herriaren arrastoekin lotura handia dute.

Erromatarrek Cuniculus izenarekin ezagutzen zuten galeriak 425 metro luze ditu, eta bertako errekatik 14 metro zorupean dago eraikita. Arkeolan zentroko buruaren esanez, sistema horri esker antzinako meatzariek uholdeen arriskurik gabe lan egin ahal zuten. Zulo horiek eraikitzeko modua, berriz, etruskoek padura lehortzeko erabiltzen zuten teknika berezian dauka oinarria.

Ilara batean zulo bertikal ugari egin behar izaten zituzten, eta ondoren, zulo ugari lotzen zituen isurbideko galeria nagusia zulatzen zuten. Hala, meatzariek ibaiaren azpian lan egin zezaketen inolako arriskurik gabe.



ZILAR BILA. Arditurriko barrunbeetan zilarra lor zezaketela ohartu ziten erromatarrak, eta mineral preziatu hori eskuratzeko eraiki zuten drainatze-sistema berezi hori. Galena zilarduna da ateratzen zuten minerala. Galena berun sulfurozko minerala da, eta askotan zilarra izaten du nahastuta. Beruna eta zilarra bereizteko, harkaitza birrintzen zuten, eta mineral gehien zuten puskak aukeratzen zituzten. Puska horiek urtu arren, beruna eta zilarra ez zen erabat bereizten, eta horretarako oxidazioa erabiltzen zuten. Beruna zilarra baino lehenago herdoiltzen denez, garaiko meatzariek bazekiten zer puska ziren jaso beharrekoak.

Arkeolan elkarteko lan taldeak uste du prozesu hori meategitik gertu egingo zutela, eta meategiaren inguruan herri antzeko bat egongo zela. Oraingoz ez dute lortu halakorik topatzea, eta langintza zaila izango dutela diote, mendeetan egindako meatzari lanek eta hondakin pilaketek asko aldatu dutelako ingurua.

Baina Arditurriko meategiak ezin dira bere bakardadean ulertu. Ustiatutako zilarra Erromara eraman behar zen itsasoz, eta arkeologoek uste dute Arditurri Pasaiako portuarekin lotuta dagoela. Oraingoz, ordea, ez dute haren arrastorik aurkitu. Baina Irunekin nola-halako harreman bat bazuela jakin izan dute, Oiasso (Oarso) izeneko hiri bateko portuaren arrastoak aurkitu baitituzte.

1984. urtean utzi zion gizakiak Arditurritik minerala ateratzeari. Harrezkero, arkeologo eta espeleologoen lan eremu preziatua izan da, eta aurrerantzean hala izatea espero dute. Kaletarrei, berriz, mundu berri bat ezagutarziko die.

 

Rio Tinto edo Cartagenako meategiak bezain garrantzitsua da Arditurrikoa



Bi gizaldi eta erdi egin beharra dago atzera Arditurriren historiaz jabetzeko. Meategiaren interes arkeologikoa, ordea, erromatarren garaian egindako ustiatze-lanei lotua dago. Barrunbe horietan aurkitutako ostilamenduek aztertuta, Arkeolan elkarteko arkeologoek uste dute Augusto Erromako enperadorearen garaian egin zirela lehen indusketak, eta K.O. lehen mendean buru-belarri aritu zirela han lanean. Erromatarren garaiko 30 zulobide topatu dituzte dagoeneko.

XVIII. mendearen bukaeran, Oiartzungo Sein familia Johann Wilhelm Thalacker ingeniari alemaniarrarekin jarri zen harremanetan. Sendiaren asmoa meategia berriz martxan jartzea zen. Thalackerrek ondo baino hobeto ezagutzen zituen Espainiako meategiak, eta aurrez bisitatutakoak Arditurrikoekin alderatzeko aukera izan zuen. 1804. urtean idatzi zuen txostenaren arabera, Arditurriko meategiak Rio Tinto eta Cartagenako meategiak, biak Espainian, bezain garrantzitsuak ziren.

Arditurrikoez gain, meategi erromatarren zulobideak ere aurkitu dituzte Belbion, Altamiran, Elatzetan eta Zubeltzun; denak Irunen. Horietan guztietan balio arkeologiko arrastoak topatu dituzte, argizuloak tarteko.



 

EGinGo DIren LanaK



Meategian

Arditurriko meategietako galerien zati bat ikusle ororentzat erakusgarri jartzeko egokitze-lanak esleitu ditu Oiartzungo Udalak.

Lanak: Galeriaren egonkortze-lanak, sarbide erosoagoa lortzeko egitura bat instalatzea eta galeria argiztatzea. Lehenengo fase horretan 185 metroko zati bat egokituko dute, eta geroago, 800 metroko lurpeko galeria bat prestatuko dute.

Finantzaketa: Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko dute, erdibana milioi bat euro jarrita.

Noizko: Uda ondoren zabaldu nahi dute.





Meategiaren atarian

Meategiari eta Aiako Harria Natur Parkeari buruzko informazioa eskainiko duen Interpretazio Gunea jartzeko asmoa du Udalak lehenengo fase horretan.

Interpretazio Gunea: Meategietako laborategia izan zen eraikinean jarriko dute, meategiaren sarrera nagusiaren atarian.

Zer: Aiako Harriaren ondasun, kultur eta natur aberastasunak azalduko dizkie bisitariei. Halaber, meategiaren iraganari arreta berezia eskainiko zaio.

Finantzaketa: Oiartzungo Udala, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Noizko: Uda pasa eta gero ireki nahi dute.



 

Mertxe Urteaga - Arkeolan arkeologia zentroko zuzendaria

«Erromatarren garaiko meategi ustialekurik garrantzitsuenetakoa da»

I.G.



Meategia artean ustiatzen ari zirela hasi ziren Arkeolan elkartekoak lanean Arditurrin. 1983. urtea zen. Hurrengoan, 1984an, meategitik mineralak ateratzeari utzi zioten. Denbora tarte horretan isilpean aritu dira lanean Mertxe Urteaga (Lazkao, Gipuzkoa, 1960) eta haren lankideak, harik eta Erromatarren garaiko ingeniaritza hidraulikoaren maisulan horrekin topo egin zuten arte.

Nolatan heldu zenioten meategietan indusketak egiteko lanari?

Erromatarren garaitik hona genekiena Thalacker izeneko gizon baten bidez jakin genuen. Meategian ikusi eta aurkitutakoa deskribatu zuen, baina inork ez zion kasurik egin. Erromatarrak ez zirela sekula Euskal Herrira iritsi uste zuten orduan, eta gizon horrek esaten zuena fantasia hutsa zela. Guk Thalackerrek irekitako bideari jarraitu diogu; pazientzia handiaz eta ordu asko lurpean pasa eta gero, erromatarrek egindako lanak ikertzen aritu gara.

Ze mendetik ze mendera egon ziren erromatarrak?

Zaila da zehaztasunez esatea, gauza gutxi baitaude erregistratuta. Dakiguna da I. eta II. mendean hemen egon zirela, baina ez dakiguna da K.a. mende bat lehenago hemen ote ziren.

Zein mineral ustiatzen zuten?

Galena zilarduna, beruna eta zilarra nahastuta. Gero badakigu burdina ere ateratzen zutela, baina batez ere meatzean lan egiteko tresnak lortzeko. Meategi honetan egindako pasabideen agindua Erromako enperadore baten ordezkariren batek eman zuela. Erromatarren garaiko meategi ustialekurik garrantzitsuenetakoa da, ez da edozer gauza. Erdi Aroan burdina ustiatzen aritu ziren, Oiartzun inguruan zeuden burdinola ugariak hornitzeko. Aro modernoan galenarekin eta burdinarekin jarraitzen dute, zinka ere ustiatzen dute, eta azken urteetan, metalikoa ez den mineral batekin aritu ziren, fluoritarekin.

Ze sakonera arte iritsi ziren?

Erromatarrek drainatzeko galeria bat egin zuten, eta horrek errekaren mailatik behera drainatzea ahalbidetzen du. Kalkulatzen dugu 50 metro behera egin zutela. XIX. mende bukaerako ingeniari batek, Gaskuek, esaten du 15 kilometro erromatar galeria daudela, eta guk orain arte egindako prospekzio lanetan 3 kilometro inguru ezagutu ditugu.


Utzi iruzkina: