ANDELOS (Nafarroa). ERROMATARRAK "CRACK" BATZUK ZITUAN!

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-07-26 18:04

Jon Artano, ARGIA, 2009-VII-26

“Sertorio eta biak xextran zebiltzalako iritsi zuan hona Pompeyo Magno eta, apaltasunez, Pompaelo izendatu zian Iruñea. Ordurako baskoiek eta erromatarrek baziaten elkarren berri. Andelosen behintzat bai”. Horrela hasi zuen bere jarduna koadrilako historiagileak, duela urte mordoxka Sanferminetako ondoa pasatzeko Andelosa egin genuen txangoan.


Oraintsu itzuli gara galsoroetan esku-ahurrak laztantzeko, Gladiator-ek bezala, eta aztarnategian egin dituzten berrikuntzak ikusteko. Aurreneko nobedadea: zurezko dorrea. Goitik herria begi kolpe bakarrean jo daiteke. Erromatarren urbanismoa arautzen duen planta hipodamikoa ulertzeko leku egokia da. Ederki nabarmentzen dira decumanus maximus (Ipar-Hego) eta cardo maximus (Ekialde-Mendebalde) ardatzak. Bidegurutze handiagoa ere egiten zuen Andelosek; Erriberatik Pompaelora zihoan galtzada eta Jacatik Vareiarakoa (Errioxa) bertatik iragaten ziren.

Dorre gainetik bi ondorio atera ditugu: erromatarrak crack batzuk zirela, batetik, eta baskoiak tonto-tontoak ez zirela izango, bestetik. Izan ere kanpotarrek, badaezpada ere, barbaroek jarritako leku berean utzi zuten herria. Muruzabalen dago Andelos (Mendigorria udalerrian) eta estrategikoki talaia bikaina da; ibaia ondoan eta defendatzeko zein ganadu zaintzarako egokia. Luze-zabalean zenaren bostena baino ez dute azaleratu. Aztarka garbitutako lekuan denetik topatu dute, gauza txikiak: bitxiak, lanabesak, txanponak…; eta handiak ere bai: biltegiak, tindategiak… Eta erromatarrek ekarritako asmakizunetan arrakasta handiena izan duena baskoien artean: tabernae-ak. Eramateko moduko aurkikuntza ederrenak Nafarroako museora, hiriburura, eraman zituzten. Bacoren Garaipena irudikatzen duen mosaiko ederra, eta bederatzi kilo astun baden brontzezko xafla Apoloren ohoretan Sempronio Caro eta Lucrecio Marcial agintariek (aediles) beraien sakelatik ordaindutakoa. Hala zehaztu arazi zioten, zer gerta ere, sculptor-ari: “D-S-P-F-C. D(e) S(ua) P(ecunia) F(aciendum) C(uraverunt)”.

Baina inpresionanteena ezin izan dute eraman. Ur horniduraren sistema bikaina da, eta ia osorik dago. Ura bildu eta etxeetaraino nola banatzen zuten ikus daiteke. Urtegia, akueduktua eta Castellum Aquae han daude, geu txunditzeko. Baita termak ere. Sozializatzeko gune inportanteena ziren eta jakineko egitura ohi zuten terma erromatarrek: atrio bat gimnasia eta jokoak egiteko, apodyterium-a (aldagelak), caldarium-a (bainu beroa), laconicum-a (sauna) eta tepidarium-a (gela epela), frigidarium-ean (bainu hotza) bukatzeko.

Hemen ez omen da euskarazko idazkunik azaldu. Beste era bateko arkeologiak zenbait aurkikuntza interesgarri eman ditu ordea ingurumarian. 1929an (!), Andelosetik gertu-gertu, Utergan, euskaraz mintzatu zen Aingeru Irigarai bertako gizon batekin. Eta zuzenbide erromatarrari esker frogatu du artaxoar batek (Argia, 1992. zenbakia) XIX. mendean ondo sartu artean Andelos inguruko hizkuntza zein izan zen. Mendigorriako festetan mutur joka aritu ziren artaxoarrak, Ziraukikoak eta bertakoak. Epaiketa agirietan jasota dago haien hizkuntza bertako “naturala” zela, “bascuen” alegia.


Utzi iruzkina: