300 ESPARTARRETAKO BAT IZATEKO BALDINTZAK
Nagore Irazustabarrena
2427. aleaARGIA, 2014-09-07
Grezia, K.a. 480ko iraila. Leonidas erregea buru zuten 300 espartarrek Xerxes I.aren pertsiar armada geldiarazi zuten, ahaleginean guztiak hil bazituzten ere. Mitoak 300 gudarien ausardia goretsi arren, espartarrak ez zeuden bakarrik. Herodotoren arabera, Greziako beste hainbat hiri-estatutako soldaduak ere borrokatu ziren espartarrekin batera: 2.120 arkadiar, 1.000 tegiar eta mantinear, 700 tespiar, 400 korintiar, beste 400 tebar eta 200 beoziar. Dena den, espartarren sakrifizioa ez zen hutsala izan eta, azkenean, Plateako guduan (K.a. 479) greziarrek pertsiarrak menpean hartu zituzten, askoz gutxiago izan arren.
300 espartarrek Espartako erregeen guardia pertsonala osatzen zuten. Hippei (zaldun) esaten zitzaien eta borrokan falangearen erdialdean kokatzen ziren, erregearen aldamenean. Eliteko taldean sartzeko, hautagaiek baldintza zehatzak bete behar zituzten.
20 eta 29 urte bitartean izan behar zituzten. Eta proba gogorrak gainditu behar zituzten erregearen guardiako kide izateko. Proba horietan, batetik, armekin zuten abilezia erakusten zuten. Hautagaien erresistentzia eta indar fisikoa ere egiaztatzen zuten. Baina ziurrenik ezaugarri garrantzitsuena ausardia zen.
Agoge izeneko espartar hezkuntza sisteman ederki irakatsi zietenez, espartar gudarientzat koldarkeria baino irain lotsagarriagorik ez zen. Eta galdutako guduetatik bizirik itzultzea koldarra izatea zen haientzat. Itzultzen zirenei koloretako adabakiak josten zizkioten kapan, sysitia izeneko jantoki publikoetara sartzea galarazten zieten, eta maila bereko hiritarren alabekin ezkontzeko aukera galtzen zuten. Finean, herritar eskubide guztiak kentzen zizkieten.
Termopiletako gudutik Leonidasen guardiako bi hippei itzuli ziren Espartara: Pantites eta Aristodemo. Ez batak ez besteak ez zuten lortu umiliazioari aurre egitea. Pantitesek bere burua urkatu zuen etxera itzuli eta berehala. Aristodemok, hurrengo urtean, galdutako ohorea berreskuratzeko ahalegina egin zuen; Plateako guduan bere burua falangetik bakartu zuen eta pertsiar osteen kontra bakarrik joan zen, heriotza ziurraren bila.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: