Lekeittioko jira
07-10-21
Lekeittion izan dogu gaurko hitzordua Urdaibaiko Kanta Guneak.
12:00ak inguruan Albertoren txoko dotorean batu gara, eta han berotu doguz barruak koputxu bikainaz. Txoko ederra benetan, zabala eta itsasoari begira leiho guztiak.
Eta han hasi dogu gure kanta jira be, ikurriña irripartsuaren aurrean hiru lau abesti kantatuz.
Handik urtenda, kalez kale eta tabernaz taberna armonia ederrean, Josuren esanei adi eta Ane Mirenen trikitixa eta Fernandoren gitarraren erritmora.
Taberna aurreetan hainbat jende izan dogu begira eta entzuten, batzuk kantatzen be bai, eta Josuk eroandako kanta liburuak harrapataka erosten; andratxo bateri derrigorrez emon behar izan deutso berea be, eta Denisenak be destino bera izan dau.
- Nortzuk zarie zuek? Iparraldekoak?
Hain ondo kantatzen ete dogu ba! Dana dala eguerdi ederra pasatu dogu Itsasertzeko herri polit honetan, eta oraingoan eguraldia be alde euki dogu. Hori be programaren barruan ei zegoen Txikirori esker; bazkaritik aparte gustoko eguraldia be enkargatu harek!
Badatoz, badatoz kalean gora.
Ze leku politte, beren beregi geuretzat egine....
Holako festa ederra mahai inguru eder bategaz amaitu behar derrigorrez, eta bazkaria be ezin hobea izan dogu Robertok, honen anaiak, Txikitok, Albertok, Denisek eta, eta ..... dedikazino osoz prestatua eta zerbitua. Eta bazkal ostean be kantatu egin behar, nahiz-eta txokoko arauen bat hautsi, Atletiken partidua egon da telebistaz-eta. Baina honek be irabazi egin dau, eta egun borobila danontzat.
Ah, eta taldea zoragarria! Berrogie bat pertsonak osatua, erdiak inguru astelehenero alkartzen garenak, eta holako okasinoetan hutsik egiten ez daben bikotekide eta lagunak. Gainera ordezkaritza be izan dogu Erandiotik eta Santutxutik, behar bada euren taldeentzat espioitzan, baina guztiz integraturik eta bizi-bizi kantatzen. Bestela galdetu Tasiori!
Eta hurrengoa noz? Hori be martxan ei dago, ez Joseba?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: