Kantagunea 08

ordorika20 1456152012603 Urdaibaikantagunea | 2008-06-16 09:06

Atzo, ekainak 15, jaialdi bikaina izan genuen Euskal Herri guztitik etorritako 200dik gora euskal kantazalek. Lehenengo eta behin kantu liburutxoa eta edalontzi dotorea emon euskuezan, eta ospakizuna 12:00ak inguruan hasi gendun Udaletxeko plazan, Josu Zarateren pregoiarekin. Erandio Altzagaren sorrera eta euren kantagunearena azaldu ondoren, kantatzen jarri gintuen.

Lau haizetara, Erandiotik Euskal Herrira. Hori da gure mezua: euskal kantak eta euskara lau haizetara zabaltzea. 

Gero lorezko farolaz beteriko Obieta kaletik Europa plazara abiatu ginen, gure paseotxoa trikitilariek alaitzen zutela. 

Hemen kopautxu ederra egin gendun eskuzabalek prestatuta: han ez zen ezer falta.

Apetitorik be ez zen falta, ez. Baina zelako komedidxek! Jan be ein gure, kanteu be bai, eta dana batera ezin.

Bittor eta Albertok be zeozertxo jan eta edango zeuen, baina gero kantuari gogotsu ekin eutsen. Hori dok hori abotsa eta paparra!

Tarteka umorerako eta txutxumutxurako denbora be hartzen eben batzuk. Ala indarrak gerorako gordetan?

Metroaren plazan ogi zuria be eskeini euskuen, baina ordurako ez geunkan horren beharrik, baina bai kanturako gogoa. Horko morroskoei begiratzea baino ez dago!

Baina tarteka-tarteka gorputzak mugitzeko eta dantzarako irrika be biztuten zan. Hara hor! Horretan badirudi emakumezkoak trebeagoak direla. Baina kontuz, gizonezkoak be hasten direnean...

Beste toki batera joan orduko bidean be geldialditxoa, ez zegoen denbora galtzerik! Ikusi, ikusi, hiru neskatxa honeek ze gozo kantetan daben!

Hemen be jo eta ke! Tasioren martxa ere ez da makala gero! Hemen ere buru belarri ikusten dugu! Jado jauna ere saltoka hasi zela uste dot, bere kapela eta guzti.

Marta eta Bego gitarrajoleak,  eta Sabin panderrojolea ere ederto aritu ziren, gure kantuak gozotuz eta edertuz.

Eta hirukote indartsu hau? Lehendik be ezaguna da, ez? Hauek ez genduzen Ondorrun be ikusi?

Hauek be kantari finak, inon badira! Eta dantzan eta soinua joten be abilak, geroago ikusi genduzen moduan.

Kalez kale ere ederto ibili ginen Astrabuduako trikitilari fin eta saiatu hauen erritmora. Panderojole gazte hori ere  tartean jarri zitzaien. Ondo, ondo, aittitte!

Barriro be udaletxeko plazara bidean, batzoki aurrean hiru lau kantu abestu genduzen. Gainera gurpiltxodun aulkitik irrintzi zoli zoliaz agurtu gintuen lekeittiar amumak. Hau poza berea, eta baita gurea be berari entzunda!

Beste ekitalditxo bat ere egin genuen arkupe baten, eta neka neka eginda iritsi ginen bazka lekura 15:00ak inguruan. Merkatu zaharra omen dena ondo txukun jantzita aurkitu genuen: janariz ondo hornitutako mahai lerrokadak, ezkenatoki zabala eta hormetatik zintzilik euskal abeslari famatuak: Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta abar eta abar. Han asetu genituen gure sabelak, patxadatsu-patxadatsu jan eta edanez.

 Hara hor Urdaibai kantaguneko ordezkariak; eta hara hor Txikitoren fitxaje barria be, aldarte ederrean.

Eta gitxien uste genuenean bete zen taulatua ere musiku eta abeslari profesionalez. Eta berriro be liburutxoak atera eta latigo, euren esanetara eta erritmora.

 Abestu bakarrik ez, jendeak gehiago nahi zuen, eta hasi ziren lehenengo taldetxoak mugitzen. Gero gerokoak: saltoak, dantzak, korruak, eperdikoak... Pena kamara honek ezin izan zuela jaso hango giro osoa: saltaria, alaia, gaztea, osansuntsua, beroa eta eta... Baina bizi genuenok bihotzean eta oroimenean daroagu, eta ez dugu ahaztuko errez.

 18:30etan oraindik hainbat jende gelditu zen han jaiari azken zukua atera nahian edo; beste batzuk etxerantz, astelehena ere urreratzen zihoala-ta. Gernikaratz etorri ginenok oraindik hainbat kantu abestu gendun, lehenengo Txikitoren esanetara eta gero Mirenen aginduetara. Markosen txarriarekin iritsi ginen herrira, baina trenetik jaitsikeran alde egin euskun. Ea nork harrapatzen dauen!

 

 


Utzi iruzkina: