Navajoen herria

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-05-29 07:51

Lagun batzuek hitzaldi bat antolatu dute navajoen herriari buruz:

Navajo Immersion 101
Hizlaria: Vanessa Schmitt
Lekua: Bidarte udaltegia, 13. gela (Deustu)
Ordua: 18:30
Navajo idazle baten poema bat euskaratzeko eskatu didate. Hemen duzue:

Lucy Tapahonso, Sáamii Dahataal. The Women are Singing

 

1864” [pasartea]

 

[…]

Izekok honela hasten zuen beti kontakizuna: “Hemen zaudete

birramamari esker”.

 

Jendea biltzen eta pilatzen hasi ziren udazkenean.

Batzuk tentatu zituzten janaria, jantziak

eta aziendak eskainiz. Urte hartan gutako asko gosekilik geunden,

sufritzen, bilagáana haiek erasoan jarraitzen baitzuten.

Kit Carson-en armadakoek su eman zieten soro guztiei,

eta gure ardiak akabatu zituzten gure aurrean.

Ezin genuen sinetsi. Aurpegia estalirik negarrari eman nion.

Bizitza guztian izanak genituen ardiak. Gure artekoak ziren.

Orduan jakin nuen gure biziak arrisku bizian zeudela.

 

Hainbesteko beldurra genien gizon hari, Jakagorriri, eta haren armadari!

Batzuk ezkutatu ziren Chuska Mendien mazaletan

eta Chelly Arroilean. Familian hitz egin genuen,

eta hona etortzea erabaki genuen. Nolakoa izango zen

gure bizimodua ardirik, laborerik eta lurrik gabe? Behinik behin armetatik urrun

egongo ginen eta gure familia ez zen gosez hilko; hala uste genuen.

 

Bidean abiatutakoan, inguratu egin gintuzten soldaduek.

Denok oinez, batzuek jaioberriak aldean. Ume txikiak eta adinekoak

taldearen erdian zeuden. Egunero-egunero ibiltzen ginen,

eta soldaduek jan edo atseden hartu nahi zutenean baizik ez ginen gelditzen.

Gure artean mintzatzen ginen eta isilean negar egiten genuen.

Ez genekien zer urrun zegoen, ezta nora gindoazen ere.

Gauza jakin bakarra zen Dinetah, gure etxea, uzten ari ginela.

Egunak joan egunak etorri, gero eta akituago geunden, eta laster

bidaia nekeza zen denontzat, baita militarrentzat ere.

Haien ideia izan zen, horratik.

 

Bidea oso luzea zen.

Zahar batzuk jausi egin ziren atzean, baina ez ziguten laga itzultzen haiei laguntzeko.

Ikuskizunik tristeena izan zen hura (bihotzak oraindik min egiten dit gogoratzean).

Bi emakume erditzekotan ziren,

eta kosta egiten zitzaien taldean jarraitzea.

Gizon armatu batzuek haitz handi baten ostera eraman zituzten, eta aldarri egin genuen,

tiro-hotsak entzutean. Emakumeek ez zuten murtik ere esan,

baina intzirika hasi ginen haiengatik eta umeengatik.

Orduan pentsatu nuen ez nintzela onik aterako.

 

Rio Grande igarotzean, asko ito egin ziren.

Ez genekien igerian: ez zegoen ur sakonik

etxean igeri egiteko. Ibaiaren indarrak eraman egin zituen

zenbait jaioberri eta ume, eta gizon-emakume zaharretarik ere zenbait.

Ez ditugu inoiz ahaztuko haien garrasiak eta haiek ikusi genituen azken aldia

(eskuak, hanka bat edo ile-xerlo batzuk ur gainean).

 

Asko hil ziren Hwééldi-ra bidean. Bide osoan

esaten genion elkarri: “Eutsiko diogu, bat eginda bagaude”.

Nik uste horri esker atera ginela bizirik. Sinetsi egin genuen geure buruengan

eta jende santuak emaniko elezaharretan.

“Horrexegatik —esaten zigun izekok—, horrexegatik gaude hemen.

Gure arbasoek gure alde otoitz eta negar egin zutelako”.

[…]

 


Utzi iruzkina: