Berreraikitzea

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-12-04 21:01


Joanak dira etxe aitzin-xuri bat genuen garaiak; edo, ez gaitezen halako erostariak izan, etxe aitzin-xuri gutxi dira gurean.

Harrizko pareta erdi urratuak jasotzen ahalegindu beharra fortunatu zaigu, baina ez gara horregatik antsika hasiko.

Jesus Mari Makazaga lankidearen tesi-irakurketan izan nintzen duela egun batzuk (Elgoibarko behialako berbeta bildu du Makazagak, entziklopedisten neurriko lan zoragarri batean), eta, handik ateratakoan, pentsamendu horiek piztu zitzaizkidan ganberako xokoan, batere lehen-minik gabe.

Hitz egina nago horretaz ere lehendik, baina gaur kontzeptu bat proposatu nahi dizuet: berreraikitzea.

Har genitzake esku-eskurako adibideak: alokutiboa (hitanoa), adierazmoldeak, esaundak... Haizu litzateke, baina errazegia ere bai. Hitz egin dezagun sorkuntzaz, bada.

Nola ageri da kaleko hizkera euskal liburu edo hedabideetan? Hor dugu "Goenkale", kaleko hizkera berreraiki estilizatuaren eredu. Hor ditugu hamaikatxo liburu, idazleen kolkoko berreraikuntzetatik sortuak (Epalzaren Rock´n´roll bikaina, esaterako).

Testugileak (testularia besterik da), plano zaharrak hartu, eta moldatu egiten du etxe berria, alajaina hemendik eta mila deabru han. Paleoarkitektura al da? Idazle diakroniko-sinkronikoak al dira gureak?

Baten batek esan lezake hori hizkuntza txikien patua dela, baina nik ez dakit hala den. Beste batek erants lezake hizkuntza guztietan txairotu edo edertu egiten direla solasak literatura egitean, eta nik arrapostuko nioke ez dela hainbesteko koskarik izaten auzoan.

Kezka bakarra dut: eroria berriro jasotzen ari denari bururatuko balitzaio txinatar estiloko teilatu-hegal ezpondadun bat egitea? Hainbeste ele-ederkeriarik gabe galdetuta: zenbateraino mugatzen digu antzinako planoak sormena?

Literatura-kritikariak sutan jartzen dira baten batek esaten duenean liburu batek euskara ederra duela. Ez bat, ez bi, beren lagunarte ilustratutik baztertzen dute. Denena ez al da ona? Ez dut uste bekatu larria denik idazleren baten hizkuntzaz gozatzea (beste osagarririk ere beharko du liburuak, jakina).

Segituko dugu harriak bilatzen, hau hemen bestea han, ezin baitugu bat bera ere alferrik galdu. Inon zulorik badago, harri ondo landuak gertatuko ditugu harako.

Ederki mimetizatzen dira neovasco estiloko etxe-txalet batzuk (ez, denak) bazterretan, antzinako etxe zaharberrituetatik ez bereizteko moldean. Makazagak harri pilo galanta utzi digu, zuloak estaltzen jarraitzeko aldi batez. Hona, erakusgarri gisa, Jesus Marik jasotako eufemismo koxkor bi (horietaz aritu baikara berriki):

  • Lanak aurretik ein dittualako ezkondu biha da Joxe.
  • Beteta laga jok nobixia.
Badakizue: "Oingo denporan, lehengo lez, horma-zuloak karakolez".
 


Utzi iruzkina: