Aditzen erregimenaz
Dakizuenez, zenbait aditzek erregimen bat gehiago izan ditzakete; euskalkiaren arabera bata edo bestea. Euskara
batuan, eskuarki, bi ereduak onesten dira: lagundu
zaitut/dizut, deitu zaitu/dizut...
Hala ere, beti ez da horrela (irten da, baina *irten du).
Ohartarazi
aditzari buruzko argibideen peskizan aritu naiz azkenaldian, Hiztegi Batuaren sarreraren aztarnari jarrikiz.
ohartarazi, ohartaraz, ohartarazten. du ad.
Orotariko Euskal Hiztegiari kasu egitera, Hegoaldeko idazleek zer-nori-nork moldeari segitzen diote; Iparraldekoek, aldiz, zer-nork adizkiak erabiltzen dituzte nagusiki, eta instrumentalaz baliatzen (batzuek, instrumentala barik, datiboa erabiltzen dute, hala ere).
Bideko arriskua ohartarazi nion. (Heg.)
Bideko arriskuez ohartarazi nuen. (Ip.)
Perpaus osagarrietan ere bitasun bera dugu.
Lanerako berandu zebilela ohartarazi nion/nuen.
Hiztegi Batuak, horrenbestez, zer pentsatua ematen digu, ez ote litzatekeen hobetsi behar ekialdeko eredua; izan ere, aditz eragileen arauzko osabideari estukiago datxekio.
Horretaz ohartu naiz. ---> Horretaz ohartarazi nuen.
Nik, bederen, hala ulertu dut Euskaltzaindiaren esana, eta halaxe
aplikatzen testu-zuzenketan. Dena den, aitor dut gure idazle eta
itzultzaileetan xorrotxenek ere ez dutela berdin jokatzen.
Beste
aditzekin, erregimen-bitasuna zilegi den aldetik, ez da aparteko
arazorik izaten. Beharbada, lagunduk ekar litzake buruko min
batzuk, bi adierak ("ondoan egon" nahiz "laguntza
eman") nahas baitaitezke.
Kinka hartan lagundu zuen/zion.
Adibide horretan, ez dago jakiterik zer esan nahi duen, xuxen, idazlariak, bi interpretazioak haizu baitira. Saio batzuk izan dira erregimenaren arabera bereizteko bi adierak, eredu formalean bederen, baina ez dute zuztar sendorik egin apetazko desberdintze horiek. Nik halakoetan lagun egin eta lagundu bereizten ditut (nire konponbidetxoa da, kontuz!), baina perifrasietara ere jo liteke.
Kinka hartan haren ondoan egon zen.
Kinka hartan laguntza eman zion.
Esan beharrik ez dago gehienetan testuinguruak ebazten duela
auzia, eta ez dagoela halakoen premiarik.
Zilegi bekit bitxikeria: gure inguruan,
Zornotzan, adiera-nahaste horrek erdara ere kutsatu du, eta inork ez
du bueltarik hartzen entzutean "¿Te ayudo a casa?"
eta antzeko esakuneak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: