XIKOKA EZ

No profile photo Post tenebras spero lucem | 2022-02-12 17:32

"Emaztea orotako prestik da xikoka ari izaiteko izan ezik."

Lagun batek afaltzerat konbidatu nau, ni eta bertze batzuk. Arribatzen lehena izan naiz; laguna sukaldean zen, eta  laguntzerik nahi ez. "Zoaz liburutegirat ! Biziki maite dun."

Harat goititu naiz. Badu, ukan, infinizio bat liburu, erdaraz haboroxenak, baina eskuaraz ez guttitto, ez eiki. Ari nintzen eta Xabier Olasoren batto hartu dut. Hostoen artean bazen hosto bat lagunak idatzirik eta irakurri egin dut: haren sekretu bat zen. Zera zioen:

"Emaztea orotako prestik da xikoka ari izaiteko izan ezik. Izanez ere, ez da prestik ez aspaldidanik, bertzordutik baizik; ni '13an ohartu nintzen. Orduan ohartu nintzen nik eragiten ez banion ez genuela deusik ere egiten. Eragin eta ez zidan ez erraiten, ez zidan, nagi erraiten, ez zidan eko erraiten, sekula santan ere ez, baina neronek eragin behar. Karia hori zela, erran nion neronen buruari ondoko urtean, hots, `14an ez niola eraginen, eian zer, nahi bazuen bera zela jinen, nahi ez bazuen ez zela jinen. Geroztik jai: ez da jin, ez zuen nahi. Gerorat Iruñeko afera negargarri hura agituko zen eta No es No zioen halako oihala para zuen ganbaran, gure ganbaran, eta gerorat ni ohartu nintzen emaztea psa zela No es No deitu horretarik Ná es Ná deitu horretarat, neronen gogoan idurikatu nuen horretarat. Geroztik, jai, hura enekin ja-jai. Ni hunkitzerat ere ez naiz ausartatzen, deus ere ez; hark zernahi egiten du, zernahi lan, zinez jorik izanagatik, xikoka izan ezik. Zernahi, berdin zaio nolaz dagoen, zinez gaizki egonagatik, zernahi lan egiten du; baina xikoka hasteko zernahi arazo, poxelu eta traba agertzen du, ez du minuta bat bera ere, deusik ere ez, sekula santan ere ez. Ni... ba... ni... atxikitzen ari naiz. Gainerat, emazteak egin ez eta egiterat utzi ere ez. Putxas !"

Orduan, goitikako urrats hotsak entzun nituen eta fite zelako liburua utzi, halako atlasa hartu, ttottotu, hura zabaldu eta alegia deus ez egin nuen.

-Ze gisa heben goian ?

-Arras ongi, to ! Geroago eta xarmatuago nik hire liburutegi hunek.

-Bazekinet. Bertze batto jin dun. Beheititu nahi ?

-Bai horixe ! Goazemak.

Haren sekretua naderaman ni baitan. Ni baitan dut sekretu hori neureak dauzkadan bezalaxe, gorde gordeak oro, berea eta neureak, jende guziaren ixilik eta eskuntzean, ezinago altxatuak oro, berea eta neureak, eta irriñoa ezpainetan agertu nintzaion etxean sartu berri zen lagun horri. Afaria ederra izanen zen, errezeta haren emaztearena, haren emaztea aho-mihitan ezinago atsegina eta hari emana, hura harixe zen bezalaxe.


Utzi iruzkina: