NUPen
Egun, Gasteiza jin naiz. Ortzilare da. Uztaila da. Nik lanean badut besta, egunarte badut. Aste hundar pasa jin ere.
Gasteiza jin naiz eta Salbururat joan. Salburua Gasteizko txandria horietarikoa da, barride berri horietarik. Bertzea Zabalgana deitua da. Berau hiriaz bertzaldean da. Arren, Salburuan bada hainbat haur eskola eta bertako batean badira bi neska adiskidantza atxiki baikenuen elkarrekin unibertsitatean ikasi genuenez geroztik. Berak jin ziren. Ni banintzen. NUPen ikasi baitzuten, bertantxe ikasi genuen. Haiek babazorro, aimenge Sartagudako, Gora gora Sartaguda. Sasoi hartan, gainerat, ETBn agertzen ziren; bazen astean behingo saio bat akitzen baitzen gure bi neskatxak erdi biluzirik galtzamotxetako mutil edder zenbaiten artean (artean, ETB ez zatekeen puritau, serorantzeko; orai, aitzitik, bada, gero, bai, baiki, ua, baiko. orduan, ez, nagi, eko).
Llaguntsen haur eskola erronpoint baten ondoan da, hain xuxen, halako etxe golli baten eta bertze xuri baten artean, supermerkatu baten parean, tranbiaren baraleku baten eretzean. Karrikaren izenaz, baina, ez naiz oroit eta ez dut kontsultatzeko gogorik, erraz-erraza izanikan ere, bixtan dena. Nagi naiz. Izkiriatzen segi nahiago. Horratx.
Aipatu haur eskolan dira, arren, bi neskak eta elkar ikusi dugu, baratze nagusirat jali baitira. Bazekiten agertuko nintzela eta agur erran diogu elkarri. Goiz ager nendin salatu zidaten, goiz hasiko baitzuen zizpiltzeko beroa eta haurrak arrasartu eginen baitzituzten zizpilduko ez baziren (itsasoa erreko ez bazen, urak oro agorturen ez baziren, zuhaitzak, errexalak eta piztiak zizpildurik izanen ez baziren). Halakotz, hamarretako banintzen hesian eta orduantxe atera dira, bakotxa bere taldearekin. Ari baitira, ari, berber eskolan baina talde desberdinarekin. Halako eskolak Hezkuntza baitan balire ! Nagusiek, baina, ez dute nahi.
Sarri, bakantzak, udako bakantzak dirate eta elkarrekin joanen gara, norat eta Extremadurarat, bertako albait erreka gehienetarat beti ere. Haiek berek proposatu zidaten Extremadurari buruzko La 2ko atsaldeko dokumental horietariko bat ikusirik.
Mementokotz, hortxet dira, baratzean, larruarrasekoa eta galtzamotxak soinean, baita tongak, ekitako begi lagunak eta kasketa ere. Haur batzuek ere badute kasketa soinean, guttik: ez dute maite batere.
Aste hundarrean, hondartzarat joanen gara, Angelukorat preseski. Bertakoan, boleibolean ariko dira, Bordelekoei aitzi ariko. Nik badut kirolik maiteena emazteen boleibol hondartzakoa eta haiek arizale badira are maiteago. Gero abiatuko gara eta etzi itzuliko. Loa Arbonako Aranzolan eginen dugu. Aranzola segi hola. Astelehenarekin, baina, Salbururat itzuliko dira, bertako eskolarat, lanerat, lankideen arterat, haurren arterat, ikuzleen arterat, gozatuz sosketa, maite baitute lana. Ni Iruñean utzirik itzuliko dira haiek Gasteizat. Iruñean bazkalduko gara, etxen siesta eginen dugu elkarrekin amontegin bapo ibili ondoan, xahagela egitekoa egin, jauntzi eta partitu eginen dira. Eta erranen didate ezen orduan berean datekeela partitzeko tenorea, eta nik ihardetsiren ezen hasperena bihotzean ukanen dudala, baita nigarra begian ere, baizik eta tristuratan bizi beharko naizena ene denbora guzian. Halakoak erranen dizkiogu elkarri, ez nutela kitatu nahiko, sobera nutela maitatu. Izanez ere, hurak, neskok, lilitxo eijerrak dira, so egiten baiotet eta maiteago, geroago eta maiteago baititut: ene bihotza heien dute, osoki heien... Bo, osoki ez, guziz ez... Aantxu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: