INTZIRIRIK INTZIRI IX
-Eta hik baduna lagunik ?
Ez, ez dut lagunik, asmorik ere ez.
Lanean gazteena naiz, jende gehiena ni baino aise zaharrago da, ezkondurik da -edo bereizirik-, eta ni neska bakarra, neska bakarra eta gazte. Tarteka solasak ukaiten ditut lankideeki eta laur urteotan jakin dut guziak etxen leporaino eta kokoteraino aserik daudela. Ororen buru, mezua da ez dutela larrurik jotzen, esposekin larrurik ez -eta esposek, jakina, bertzeren bateki utzi ez-; batzuek ez dutela larrurik jo hamar urtez, eta esperantzarik ez. Ororen buru, gizonezkoek diote ezen esposen aldetik atserik ez, atse atsegalerik ez: oro dela, oro, seme-alaba, neke, etxeko eginbide eta nahigabe-atsekabeak, atserik ez, atsegalerik ez. Bolada batean, Mirandan ari izan nintzen, bertakoak kide gehienak eta antzekoa salatu zidaten gizonezkoek: Ni solaz ni solaz salaz, apa-laztanik ez, musurik ere ez ohatzean gaiaz; del No es No, al Ná es Ná y de todo ello al Nanay de la China. Halakoxeak Mirandan entzunik, Miranda de Ebron, alegia. Kideen artean neska bat edo bertze ere bazen, Gasteizko zein Arabako Errioxako, eskualdun oro, ikastolero eta izigarri untsa ibili ginen guziok elkarrekin, kidetza handia genuen, eta beti eskuaraz. Noizbait, Burgosa joan ginen txango, zazpi ginen: dena eskuaraz eta goraki, aski goraki mintzo baikinen guziok. Oraino ere elkartzen gara, udan, oroz gainetik; Albinarat biltzen gara, bertan biluzgorritzen eta bada gutartean Albinan mutilen bat gogatu duenik. Nik gogatu ez, ez dut nahi, maitasunik ez: aski eta sobera entzun dut eta aantxu beti gaizki agitu zaio jendeari, gaizki agitzen zaio oraino ere jendeari; Mirandako solasak eta oraikoak askitto ditut Puies ! Pues ! erraiteko, Vade Retro ! erraiteko. Gurasoak ere ez dira ongi moldatzen elkarrekin. Aitari entzuna diot amattorekin ezin hobeki ibili zela harik eta noizbait eta urtebete pasatxoan lanean ezinago gaizki ibili zeno, nolaz heldu zen etxerat, etxen zeinen gaizki, nolaz ginen guziok, zeinen lotsaturik, zeinen iziturik. Ni oroit naiz: amattoren lotsa nintzen, haren haserraldi usuen lotsa. Handik guttira, attatto eskolan koordinatzaile hautatu zuten eta bi urtez jorik ibili zen; oroit naiz: etxen jorik, ganbararat bildurik, bakarrik eta desagerturik. Amattori izakera aldatu egin omen zitzaion; ordua artio bazen neska goxoa, argala, irria ezpainetan usu; geroztik, baina, haserrekor, izakera gogorreko, geroago eta gogorragoko, gizentzerat hasi zen iduri baitzuen halako dupa ebilkaria, barneko arno mingartudun dupa; aita, bertzalde, zabartu egin zen, doi-doia gutaz, ahizpoz axolatzeko, aho-artazalearen baitarat joateari utzi, ahoa andeatu eta, hondarrean, eritu egin zen, ospitalean sartu behar-eta, bere buruaz bertze egiten ari baitzen, xirriki-xirriki, aantxu oharkabean, oilu busti zelakotz, bertzenaz tupustean eta ezustean egin zukeen bere buruaz bertze. Halako.
Ez, maitasunik ez, ezta pentsatu ere. Mutilen batek maite banu, jai du, ni harekin ja-jai, eta ez nuke nigatik sufri dadin nahi; nik nahi dut mutilekin ongi moldatu eta ongi xikoka dezaten, nazaten ! Nahi dut neskazale porrokatu izan daitezen. Maitasunik ez, arazorik baitakar, eta arazoak berak heldu dira.
Iazko udan, Karrikirin eta Abarzuzan zerbaixka harturik, Mesoiarat joan nintzen bertan zintzurra busti eta erosirikakoei dataren paratzerat; ari nintzen eta mutil aski plaxent bat lotu egin zitzaidan. Eskuaraz hasi zitzaidalakotz, haren eskuara erakargarri iduritu zitzaidalakotz; kasu mikorik ere ez niokeen egin erdaraz ekin ukan balit, zokorarazi egin nukeen, baina eskuaraz ekin zidan, itxuroso iduritu zitzaidan eta eian ze berri. Baizik eta babazorro zela eta eian aste hundarrean urtegirat joanen nintzen harekin, Arranguarat, eian Arrangua ba ote nekien zer zen eta nik ezetz, azaldu egin zidan eta eian bertarat jinen ote nintzen pikarraitzerat, pikarraitzeart eta nik baietz, baietz osoa, baiko, ua eman nion, irrika banuela. Haren poza ! Uste baitzuen ezetz ihardetsiko niola, eko, nagi, esperantzarik ez zuela, baina menturatu behar zela, gogoan arantzarik ez ez zuela nahi.
-Poztekoa dun, no, hi bizirik egoitea, eneki nahi ukaitea, aste hundarrin biluzgorritzerat jiteko irrikaz egoitea. Poztekoa dun txit eta txoil, arrunt eta... Eskuen ferekatzez. Biziki bero iduri zuen. Bazen biziki bero; ez zuen nigarrik egin batek jakin zendako.
Lagun horrek zeinen eijerki gainkatzen nauen.
Arranguan bazen Cibeles; berau jenderik jende ibili zen eta guri txanda egokitu zitzaigularik belauntzi bat hurrandu zen hegirat eta eian nahi genuen, harek bazekiela zein untzi zen eta eian goititu nahi ginen, bertan laur neska izanen zirela, eta gu biok joan ginen, Cibeles ez, eta egia beritable zen: baziren laur neska, laurak ere larru has eta lagunarena bidaia hura izan zen ordu artioko eta geroztiko bidaiarik hoberena, oraino ere badela. Arranguan izan zen, bortz neska biluziokin Zuhatza irlaren inguruan, laur eskualdun baikinen eta bertzea endelegatu egiten zuen, euskaltegiko hirugarren mailan zela.
Udara. Zerua urdin, ddunddu. Beroa. saparik ez. Garagarjus bana eskuan. Mutilak laket gintuen, bertzeok mutila laket. Filme pornoa izanez gero, bertan jo eta ke jokatuko genuen. Nik gogoa banuen; bertze neskek ez dakit, ez dakit ba ote zuten, baietz pentsatuko dut. Alta, ez zen gift, filme, pdcast edo dena delako pornorik eta gogoa atxiki behar, gobernatu behar geronen burua; morroiak ere gobernatu behar berea: ziur nahi gintuela xikokatu, gainkatu, baina ezin: hura ez zen menturatu, geroni ere ez. Zernahi gisaz, bidaia ederra izan zen, gogoangarri; hainbat argazki egin genion elkarri.
Afa eta ufa ! Af´et´ufa !
Iruzkinak
Utzi iruzkina: