GOXO

No profile photo Post tenebras spero lucem | 2023-07-12 21:47

Peruren bi maitaleok guretik bererat jin gara, hots, Iruñetik Gasteizat. Halakotz, sanferminak gibelean utzi ditugu, jendez mukuru utzi ere, hirian iruindar guttiago utzi ere.

   -Ongi etorri, no ! Ze diozue ?

   -Laztana ! 

   -Aspaldiko !

   -Bai, aspaldiko !

   Pott, pa, apa, ma, matto, bixiko eta apa-laztanak elkarri; elkarrekin  aspaldidanik ez gara izan, baina infinizio bat argazki igortzen ohi diogu, gehientsuenak igerilekuan eta errekaren batean eginik. Guri so egoitea maite du, gogoko neskei beha egoitea kuadratu egiten zaio.

   Busez jin gara. Hortxe zen Peru. Gu sanfermin-arropara soinean ginen, xilkoa agerrean, tongak jauntzirik, kirol oskiak erauntzirik. Puxkak ere ekarki genituen harenean urtatu eta arropaz aldatzeko. Telefonetxearen aldean bizi da, goiko solairuan, zabaltza eta guzi.

   Etxerat baikoz, pikarraitu gara eta hirurok sartu baltsan dutxatokian. Boti, hobeki, bixtan dena.

   Ez gara jauntzi eta zabaltzan gara afaldu; noizbait, freskatu du eta larruarrasekoa jauntzi dugu Gurenek eta biok. Peruk ekarri diogun izerditakoa jauntzi du, gollia bera, Iruñetiko esku-erakutsia. Badu bertze batto, berau askitto higaturik eta botatzekoa bazen.

   Gauerdiondo artiokoa intziririk intzirik eman dugu. Gero, lo. Gu biok indar xotx-xotxik ere bage geunden eta bihar goiz eder jaiki behar.

   Ni txisestu itzarri naiz eta, bidenabar, libratzen ere ari, eta honako honen idazten.

   Bihar, Peru amaganat lagunduko dugu. Murgian da, bertako egoitza batean. Gure Peru usu joaiten da amattoren ikusterat. Goizean entseatzen da joaiterat. Orai, udan, 10etan hartzen du otobuza; goiz joaiten ohi da eian aitzialdean para daitekeen (alditxartu egiten da erdi edo gibelaldean kokatuz gero); tarte horretan angelesa ikasten du. Herrirat heldu eta oraino egoitzan ezin sar; beraz, halako oren erdixka emaiten du ttottoturik plaza aldeko halako estalpearen ondoan. Bertan, Mr. Chips ari da irakurtzen egunotan. Amareki okintsarenerat joaiten da eta bertan askaltzen. Kafesnea, croissanta lagun. Amak ez dio deusik ere erraiten. Semeak gutti, bai baitaki amak entzun artio ingurukoak badirela jakitun. Hor eta hola italiera ikasten du. Eguerdian, itzultzeko otobuzaren igurikan horrat gure mutila lehenbailehen, eian lehena den eta, hortaz, aitzinaldea atzeman dezakeen. Tarte horretan, eskuara ikasten ohi du, uskara nahiz uskarara, üskaaz ere bai, egunaren arabera. Bidean, baina, deusik ere ez, ez ahal da nahasiren.

   Halakotz, bihar lagundu eginen dugu eta etzi hirurok Landetarat joanen gara egun batzuientzat.

   Kateari eragin diot, eskuak ikuzi eta astozuriaren gainerat berriz ere, xaribelerak. Bertan zeinen edderki haiekin, zeinen goxo haien larrua, goxo hatsa, goxo loa...


Utzi iruzkina: