GASTEIZKO PLAZA ZAHARREAN MILA POTT
Eskualdunok galtzaile izan gara gehienetan, aantxu beti. Orriagan, aitzitik, ez. Ezta independentzia ardietsi genuelarik, bixtan dena. Orduan, Patirke ttipi zen.
Gure Patirke ez da zoriontsu, malurus baizik. Halarik ere, atxiki egiten du: udan belztu egiten da, pikarraitu egiten da; gure Patirkek irakurri egiten du, zinemarat joaiten ohi da, musikara entzuten du, aho-artazalearen baitarat ez du huts egiten... Barnean, baina, halako nahigabe-atsekabeak badauzke eta ezin lagunt.
Karrikarik karrika ari zelarik -ez baita igerilekurat joan- Frankie Tai ikusi du, lotu egin zaio eta elkarrekin busti dute zintzurra.
Ausart dugu, bipil, ahalkerik ez, eta erreketan beti pikarrai, aldean kulota, balekibale, baina bularretakorik ez. Nik lekutako erreka kukutu horietariko batean ezagutu nuen; banintzen han, pikulitxan, pikulitxako halako zuhaitz eta harkaitz arteko erreka batean, bazen hainbat jende delakoan, neskak baziren hamaikatxo eta tupustean eta ezenustean hirur neska ikusi nuen pikarrai eneganat heldu, eneganat heldu zirela uste nuelakotz, baina aitzin-aitzinean baratu ziren eta etzan; izanez ere, bazituzten xukaderak hor eta heien gainean etzan ziren. Ni xukaderei ohartu ere ez, neskei aitzirik bai, baiki. Halako batean, eskuaraz entzun ez nien, ba. Hirur neska panpoxa eskuaraz Eskual Herritik hain urruneko erreka galdu horretan ! Ezinezko iduri baitzitzaidan, ezin sinetsia ! Ez ahal ! "Lotu behar nitzaiek. Nulaz, baina ? Berak ziren eni lotu. "Chaval, ¿andas mistos?" "Ez, baina supiztekoa badut, egro !" Haiek eradaraz egin zidaten, baina nik eskuaraz entzun nienez, nahigabe eskuaraz sortu zitzaizkidan eleak. "Da igual. Mejor."... Orduantxe ohartu ziren haiek ni eskualdun nindela. "Eskualdun hiza ?" "Bai." "Hator, hator guenganat, arren !" Ez nuen huts egin. Ni ez nintzen pikarraiturik, baina pikarraitzeko baimena galdegin nioten haien ondoan emanik. "Prefosta, tto !" "Aukeran nahiago hi ere bizluzgorririk egoitea !"... "Hik ere ixtapea soil, bixtan dena." "Bai, udan, bai... " "Eta negiuan ?" "Negiuan, aantxu." "Kori kola onki tzu, adixkide kailes batek derasan gisarat."
Hirukotean, Patirke nuen maiteena... Ez, denak, zein bere erarat. Denak baititut laket, eta laket ez ezik, maite ere. Hirur-hirurak. A, zeinen atsegina musukatzen ditudalarik, potikeiatzen. Iruñeko, Baionako eta Gasteizko Iazko bestetan, bigarren potaldi publikoan izan zen; gu Gasteizkoan izan ginen, bertako Plaza Zaharrean eta bertako potaldian. Laurok elkarri pot eta pot, pottarik potta, mihirik mihi. Haiek bi lagun etorri zuten: haiek elkarri muxu, haiek eta etorri lagunek elkarri muxu, haiek eta laurok elkarri muxu; bertze neska batzuk jin izan balira, muxu eman niekeen, haien aldetiko muxuak atseginez bildu nituzkeen. Gasteizko Plaza Zaharrean mila pott.
¡Qué tres chiguitas edo mueticas!
Patirke larrutatik bizi da. Badu klient bat harekin amontegin ibiltzerik nahi ez duena, baizik eta harekin halako hotel-ganbara batean elkartu eta neskak zerbaixka irakur diezaion. Herenegunago izan zen harekin eta nahi zuen irakur liezaion zera: Ecos de la montaña Zorrillarena. Delako bezeroak Patirke ortozik nahi du, bertzerik ez, eta bera biluzik, eta hark irakur liezaion, eta hura irakurtzen ari zaion artean, gizuna loak hartzen du, eta Patirke oskietakoak jauntzi, sosak bildu -bai baitira nonbait- eta ixilka lekuak hustu egiten ditu. Halaxe dute hitzarturik. Delakoarekin Partirkek zenbaitetan zintzurra busti egiten du karrikan elkarrekin tupust eginik. Noiz debru nahiko du klienten batek irakur diozadan Itxaro Bordaren zerbaixka ? Xabier Olasorena berdin, Aitor Aranarena orobat ?
"Zorrilla, léeme a Zorrilla."
Iruzkinak
Utzi iruzkina: